Lisboan gora I: Hutsaren xarma ala gainbehera?

MzA0NA==

Denda sibarita, hotel eta banketxeen artean, bada aldapan behera doan hiria Lisboarengan. Garai inperialisten usaina darie auzo zaharrenei, Vasco da Gamak Indian lapurtutako aberastasuna Mosteiro dos Jerónimos ala Torre de Belém bezalako monumentu eder bezain handizaleetan gastatu baitzuen Manuel I.ak.

Estilo neoklasiko dotoreaz zutiarazi zuten hiria 1755eko lurrikararen ostean, Marques de Ponbalen gidaritzapean. Eraikinen kanpoaldea pintura eta axuleiu koloretsuez josiaz eman zioten bizitasuna arkitektura funtzional eta zurrun hari. Eta azken mendean ere, ezin dugu esan Calatravaren Gare do Oriente eta Chermayeffen Oceanárioaren tankerako monumentuek kutsu modernoa eman ez diotenik hiriari. 

Edonola, dekadente ikusi dut auzo zaharren dotorezia nere enkuadraren baitan. Bairro Alto ala Alfamako kaleetatik noala, etxe askotxo ikusi ditut beltz, zikin, zaharturik; monumentu berezienek ere dirudite abandonaturik. Espaloietako harri dotorea altxatu eta mendoxkatan utzirik dago kaleen ertzeetan.

Izan ere, Lisboako 4.000 etxe hutsik daudela irakurri berri dut. Azken 30 urteetan, 800.000 biztanletik milioi erdira jeitsi baita hiritarren kopurua. Eta ez da harritzekoa, inguruko herrietakoa baino hiru aldiz garestiagoa baita metro karratu lisboarra. Gainera, zerbitzu gabezia itzela pairatzen du hiriburuak, ez baitago behar adina osasun etxe, eskola eta haurtzaindegirik. Hiritarren laurdena pobrezian bizi da eta 650.000 lanpostuetatik egunero kanpotik datorren jendeak betetzen du milioi erdia. Hortaz, kontuak egin eta Lisboarren laurdena besterik ez dela aktibo ohartu naiz.

Hiritarrak bezain bizkor ari da zahartzen Lisboa, eta ez dirudi bere osasuna zaindu eta berpizteko urratsak emateko proiekturik dagoenik.

MzA0Ng==

MzA0Nw==

Irudia | Ene enkuadretik | Irati Elizalde | Creative Commons By SA
Irudia | Aldats hutsa | Lisboa | Creative Commons By SA
Irudia | Lisboa zaharra | Irati Elizalde | Creative Commons By SA

kazetaria-edo