Ikuskizuna hastera doa

Urdaibai, by kurtxio, Flickr
Urdaibai, by kurtxio, Flickr

Heldu da eguna. Gaur jokatuko da TKE San Miguel ligako lehenengo estropada Bilboko uretan. Gaurtik aurrera, beraz, Urdaibai, Castro, Orio, San Pedro, Pedreña, Hondarribia, Zarautz, Zumaia, Tiran, Arkote, Kaiku eta Meira lehia gogorrean arituko dira Kantauriko traineruri onenaren txapela irabazi nahian.

Liga hasi aurretik, behintzat, ez dago faborito argirik. Azken bi ligak Urdaibaik irabazi ditu, baina ez du erraz izango garaipena errepikatzea berdintasun handiko liga izango dela aurreikusten delako. Bizkaitarrekin batera, Castro, Orio, San Pedro, Hondarribia, Pedreña eta Zarautz ere aipatu behar ditugu hautagai nagusien zerrendan. Eta seguru sorpresaren bat ere egongo dela. Gakoa erregulartasuna izango da, beti bezala.

XI Telefonica Bandera izango da 2009ko TKE San Miguel ligako lehenengo estropada. Gaur, larunbata, jokatuko da, erlojuaren kontrako froga izango da eta 18:00etan aterako da lehenengo trainerua. Txandak eratzeko orduan iazko sailkapena erabiliko da eta, ondorioz, traineruen artean minutu bateko tartearekin, lehenengo txandan, Arkote, Tiran, Meira eta Kaiku aterako dira; bigarrenean, Zumaia, Hondarribia, Pedreña eta Zarautz; eta hirugarren txandan San Pedro, Orio, Castro eta Urdaibai lehiatuko dira.

Bihar, berriz, 12:00etan, Navaleko Mendeurrenaren Bandera jokatuko da Portugaleten. Eta hurrengo bost estropadak Galizia eta Kantabriako uretan jokatuko dira, ondoren, uztailaren 26an, TKE San Miguel liga berriz ere Euskal Herriko kostaldera bueltatu arte. Ikuskizuna ziurtatuta dago.

TKE San Miguel ligako estropaden egutegia:

Uztailak 4: XI Telefonica Bandera – GP Villa de Bilbao (Bilbao).
Uztailak 5: Navaleko Mendeurrena Bandera (Portugalete).
Uztailak 11: XII Telefonica Bandera – GP Concello Ogrove (Ogrove).
Uztailak 12: Ria de Pontevedra Bandera (Pontevedra).
Uztailak 18: XXVII Concello Moaña Bandera – P. Ría Vigo (Moaña).
Uztailak 19: XXVII Concello Moaña Bandera – P. Fandicosta (Moaña).
Uztailak 25: V Marina de Cudeyo Bandera – GP Dynasol (Pedreña).
Uztailak 26: Plentziako XXI. Ikurriña (Plentzia).
Abuztuak 1: Zumaiako XXIV. Ikurriña  (Zumaia).
Abuztuak 2: Getxoko Estropaden XXXI. Ikurriña (Getxo).
Abuztuak 15: Zarauzko XXXII. Estropadak 1 (Zarautz).
Abuztuak 16: Zarauzko XXXII. Estropadak 2 (Zarautz).
Abuztuak 22: Hondarribiko XXII. Ikurriña – GP Mapfre (Hondarribia).
Abuztuak 23: Kofradiaren XV. Ikurriña (Pasai San Pedro).
Abuztuak 29: XI Flaviobriga Bandera (Castro Urdiales).
Abuztuak 30: XIX. Orioko Estropadak – XII Ik.Inmob. Orio (Orio).
Irailak 19: Bermeo Hiriko XXVII. Ikurriña (Bermeo).
Irailak 20: XXXV El Corte Inglés Bandera (Portugalete).