Hitchcocken txoriak gurean

Kaioa, by romanoski, Flickr
Kaioa, by romanoski, Flickr

Gu konturatu gabe modu larrian ugaldu dira. Bai, kaioena izurritea da. Errua, noski, beti bezala, gurea da, ezen, kaioek ugaltzeko eta biderkatzeko baldintza egokiak topatu badituzte gizakioi esker izan da. Izan ere, jada ez ditugu Getariako kaian ikusten txalupak arrantzarekin iritsi zain. Tira, bertan ere izaten dira, baina Zarauzko zabortegira hurbiltzen bazarete bertan ikusiko dituzue tripak ondo asetuta.

Gure zaborrekin elikatu ditugu. Gehiegizko pisua duten txoritzarrak eratu ditugu.

Ondoren kostara etortzen dira. Talde handitan, erraldoietan. Eta mesfidantza eragiten digute. Orain, udatiarrek hondartzak libre utzi eta kaioek hartu diete txanda. Geldi geldi, milaka eta milaka begirada mehatxukorraz.

Txolarreak, eta, batik bat, beleak oroitzen ditugu Hitchcocken filmetik. Planoz-plano gehitzen doazen beleak. Suspentsea eragiten du pantaila geroz eta beltzagoa ikusteak. Baina kaioak ere baziren filmean. Eta ezin ahaztu nola erasotzen zioten bortizki, jendeari. Eta Ttipi Hedrenen kontra egiten zuen kaioaren begiak ikus ditzakegu gure hondartzetan.

Oraingoz ez dugu zauritu edo hildakoen berririk jaso. Hitchcockenak baino baketsuagoak dirudite gure kaioek. Baina hauek ere erasotu, erasotzen dute. Guztiak batera hegaka hasten direnean behintzat, guk txanoa janzten baitugu.

Alfred Hitchcock

Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude