Hamargarren jardunaldiko apunteak

1) Egun txarra. Partida hasi eta berehala Josetxok bere atean egin zuen gola, eta berdinduta hasi beharrean galtzen hasita, zail da partidan aurpegia ematea. Beste partidetan erakutsi zuen sendotasunik gabe ibili zen Osasuna, galduta bezala, eta okerrena dena, partidako une askotan, galtzen joan arren, intentsitaterik gabe. Berdintzeko aukerak izan zituen, eta liga honetan sarritan bezala, barkatu egin zuen.

Sendotasuna da talde gorritxoaren ezaugarri nagusia, eta salbuespena izan behar luke atzoko partidak. Bere ligakoen aurka, etxetik kanpora, ezinbestekoa du puntu bat ateratzea, estualdirik pasatu nahi ez badu.

2) Goruntz. Egia da Racing ez dela beste munduko taldea, eta makal aritu zela atzo. Baina beste sasoi batzuetako Athleticek ez luke atzoko partida irabaziko. Eta atzo arazo larririk gabe ekarri zituen hiru puntuak. Llorenterik gabe jokatu zuen, Ion Velez aurrean zela, eta bi erdilarirekin baino hirurekin, hain ospe txarra duen tribotearekin. Bigarren zatian itxura ona erakutsi zuen talde zuri-gorriak, partidaren kontrolaren jabe eginez. Denboraldiko izen potoloak datozkio hurrengo astetan eta goruntz jarraitu behar du.

3) Sailkapena. Sailkapena egien ispilua baldin bada, honakoa dio: Ligako hiru talderik txarrenak Atletico Madril, Xerez eta Malaga direla eta onenak Bartzelona, Real Madril eta Sevilla. Argi dago onenak zein diren, baina Atletico Madril al da hiru txarrenetako bat? Sailkapenean jaisteko postuetan ez daudenek argi ibili behar dute, Manzanares aldeko taldea ez baita liga amaieran hor egongo. Eta gutxiago entrenatzaile berriarekin.

4) Atletico Madril. Izugarria da presidentetzatik eta zelairaino talde horretan gertatzen dena. Ustelkeria kasuak, entrenatzaile aldaketa etengabeak, fitxaketa irrigarriak, joko eskasa… Taldea kaos bat da eta dirua xahutzeko makina bat bihurtua dago. Hori gutxi eta, zale oso arriskutsuak ditu. Halako saltsarekin zail izango du izenez eta historiaz dagokion lekuetan ibiltzea… baina jokalari oso onak ere baditu izan!

5) Kopa. Astearte eta astezkenean jokatuko dira itzuliko kanporaketak. Eta ziur sorpresa bat baino gehiago egongo dela. Alcorconek Real Madril minduaren aurka, izango al da lau goleko errentari eusteko gauza? Eta Athletic Vallecasen jasotako bi golei buelta ematekoa?

Koparen lezioa, lehen eta bigarren mailako taldeen arteko aldea, batzutan, ez dela  hain handia izaten da. Eta motibazioak diferentziak egiten dituela, halakotan.