Gerrari mugak jartzen saiatu zirenekoa

70 milioi pertsona hil ziren II. Mundu Gerran. Erabat suntsitu zen gizartea berrosatu asmoz sortu edo indartu ziren gerraostean Nazio Batuen Erakundea, Banku Mundiala, Nazioarteko Moneta Funtsa… eta baita egunotan 60 urte betetzen dituen Ginebrako Konbentzioa ere.

Zer da Ginebrako Konbentzioa?

Ginebrako Konbentzioaren helburu nagusia gerrari mugak jartzea zen. 63 herrialdek sinatu zuten akordioa 1949an, eta bi oinarri nagusi zituen: borrokatzeari utzi zioten militarrei eskaini beharreko tratua hobetu eta populazio zibila gerratik salbu uzteko akordioa adostea. Ordura arte, gerra euren estatuaren nahiak defendatzen zituzten militarren arteko kontua zen, eta eurek ezartzen zituzten neurriak.

Halere, Gurutze Gorriaren sortzaile izan zen Henri Dunantek egin zuen gerra mugatzeko lehen saiakera, eta 1949ko hitzarmenean, Dunanten proposamenei zenbait aldaketa egin arren, aintzat hartu ziren suitzarraren asmoak.

Dunantek, gerraren txikizioa, Solferinoko guduan, Italian, 1859. urtean, sufritu zuen lehen aldiz. Izututa geratu ei zen zaurituta geratzen ziren militarren patuarekin. Inork hartatu ezin zituenez gudu-zelaian bertan hiltzen ei ziren. Ginebrara itzultzean, Gurutze Gorria sortu eta gerretan errespetatu beharreko oinarrizko neurri batzuen tratatu bat idatzi zuen.

Laugarren hitzarmena
1949koa laugarren hitzarmena izan zen.
Lehena, 1849an sinatu zen Solferinoko sarraskiaren ondoren. Zauritatuko eta gaixotutako soldaduen zaintzarako neurriak proposatzen ziren bertan. 1907an sinatu zen bigarrena, eta itsas batailetara zabaldu zen lehenengo akordioa. Gerla Handian preso hartutakoei eman zitzaien tratu eskasa dela eta, Ginebrako hirugarren konbentzioan hauei tratu zuzena eman eta bere segurtasun mental eta fisikoa zaintzeko beharra azpimarratzen zen.
Ordura arte zibilekiko neurririk ez zen hartu. Horretarako II. Mundu Gerra eta populazio zibilaren aurkako bonbaketak  beharko ziren.
Azkenik, 1977an hiru protokolo gehitu zitzaizkion, gatazketako biktimen babesa oinarri dutenak. Akordio hauek 194 herrialdek sinatu dituzte eta unibertsala da euren aplikazioa.
Berritzeko beharra
Egun Ginebran hitzartutakoak duen balioaz zalantza handiak daude. Berritzeko beharra aipatzen dute hainbat erakundek. Konbentzioaren hedapena zabaldu eta artikuluen anbiguotasuna mugatu nahi da, besteak beste. Gurutze Gorriko egungo buruak ere, Kellenbergek, Nazioarteko Giza Eskubideak ez direla zurrunak, ezta gatazkak duela 30 urte bezalakoak esan du.
Eta arrazoi du.
Egun bi estaturen arteko gerrak nabarmen gutxitu dira, estatuen muga-barneko gerrak ugarituz. Eta Ginebrako Konbentzioak aplikazio zaila du egoera horietan.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.