Gallodromo Autonomikoa

NDQyMQ==

Atzo iluntzean, urrutira joan gabe, bi paradoxekin katigatuta ibili nintzen ni neu ustekabean. Afaria prestatu bitartean irratia piztua nuen, ohi bezala, nahiz eta batzuetan zortzietako albistegia entzunez porruak moztea arriskugarri gerta daitekeen –aiztoagatik, bistan da-. Edozein modutan, alaben “aita, prest dago afaria?”ren gainetik Idoia Mendia eusko jaurlaritzako bozeramailea entzun ahal izan nuen, ezker abertzalearen mugimenduen osteko egoera aztertzeko Patxi Lopezek isilpeko bilera erronda abian jarriko zuela gainontzeko alderdiekin iragarriz. Kolpera geratu nintzen –ia hatzazal bat joan zen porru-patatetara-. Isilpeko bilerak iragartzeko prentsaurreko publikoa. Hori ez al da paradoxa bat, egin nuen nire artean. Isilpekoa bada, zergatik/zertarako iragartzen duzu? Iragartzen baduzu, nola izan liteke isilpekoa?

Porruak patatekin batera lapikoan egosten ziren bitartean, borborka sentitzen nituen zenbait ideia ere nire ganbara aldean. Lan isilaren balioaz hausnartu nuen, batetik. Zenbat jendek egiten duen, esker gutxiko baina balio handiko lana inolako prentsaurrekorik nahi eta behar gabe. Arlo guztietan gainera, baita –nahiz eta iritzibarometro guztietan egurra jaso- politikariek ere.

Politikak, bestetik, publikotasun hori, agian, beharrezkoa duela pentsatu nuen. Flashen argia behar duela bizitzeko, oholtza gaineko aktoreak txaloa behar duen bezalaxe. Eta, bestalde, isilpeko hitz hori patata bezain moldeagarria dela erabaki nuen nire artean. Isilpekoak behar zuten zenbat kontu –epaiketetako datu sumarisimo guztiak, kasu- irakurtzen ditugu egunkarien titularretan? Eta, alderantziz, isilpekotzat jotzen ez diren politikarien arteko bileretan, benetan hitz egin dutena zenbateraino jakiten dugu?

“Aita, ez al duzu afaria oraindik prestatu?” Alaba zaharrenak, Ikaro gisa hegaka etorriz, garaiz libratu ninduen paradoxak sartu ninduen labirintotik. Porrupatatak erre aurretik, gainera.

Afal ondoren, telebistan ikusteko moduko zerbaiten bila hasi eta, oharkabean, beste paradoxa batekin egin nuen topo ordea. TVEko telediarioa, Espainia aldeko herri batean –Murtzian-edo, uste dut- guardia zibilak burututako sarekada baten irudiak ematen ari ziren. Legez kanpoko talde bat omen zen, oilar-borrokak antolatzen zituena. Ikusleak arrapaladan iheska eta antolatzaileak eskuburdinez harrapatzen zituzten unea ikusten nuen bitartean, albiste haren atzean gordetzen zen paradoxaz gogoeta egiteari ezin nion utzi. Oilar-borroka ilegala eta pertsegitua non eta zezenketa kultur adierazpen ukaezin eta nazio-izaeraren banderatzat aldarrikatzen den herri batean.

Hego Amerikara noizbait bidaiatu duen edonork jakingo duenez, zenbait herrialdetan –Republica Dominicanan, esate baterako- oilar-borroka herrikoia bezain legala dela. Are gehiago. Gallodromo munizipalak daude han, hemen zezenplaza munizipalak dauden modu berberean. Sofan erdi etzanda, eta irudimenaren bitartez egoerak trukatuz, guardia zibilak kortijoetan sarekadak egiten imajinatu nituen, emakume abanikodunak ikara batean lasterka, toreroak eskuak bizkarrera eramanez eskuburdinen zain eta banderilleroak bizi, atxilotu nahi zituztenei bizkarrean banderillak sartuz…

Eszena idiliko horrekin hartu nuen lo. Gauerdian, baina, saihetseko minez esnatu naiz –adarkadaren bat, seguru- eta ohera joan arren ezin izan dut begirik bildu. Bi paradoxak, Idoia Mendiarena eta oilar-borrokarena, moskitoen gisan bueltaka ibili zaizkit lasaitasuna galaraziz. Lo hartu dudanean ere, amets arraroak izan ditut eta, goizean ondo gogoratzen ez nintzen arren, asaldatu nauen irudia burutik kendu ezinik erabili dut gosaritako kafesnean.  Isilpekoak behar zuten bilkuretan, oilarrak elkarri mokoka eta gandorra tentetuz Gallodromo Autonomikoan.

Irudia | Gallodromo | X.E | Creative Commons By SA

(Zarautz, Gipuzkoa, 1974) Idazle zarauztarra.

Zer duzu buruan “Gallodromo Autonomikoa”-ri buruz

  • edu lartzanguren 2011-02-10 11:36

    ”Humbert Humbert sindromea” izenarekin bataia dezakegu fenomenoa. Nabokoven pertsonaiak ere kontatzen du ”agente sekretu ospetsua” izan nahi zuela txikitan.