Faborito guztiak Dur&Go Masterraren finalerako sailkatu dira

Patxi Usobiaga gaurko finalean egongo da
Patxi Usobiaga gaurko finalean egongo da
Fresko egiten zuten kalean begira eta geldi egoteko, baina Landako Erakustazokara batu ziren ehundaka zaleek ez zuten hotzik sentitu aurrez aurre halako ikuskizuna izanda. Rokodromoan gora zebiltzanak munduko eskalatzailerik onenak ziren, zuten guztia ematen.

Guztira 24 eskalatzaile batu ziren: 10 emakume eta 14 gizon. Sailkatze fasea ulertzea ez da konplikatua. Rokodromoa eskalatzeko bide bi zeuden. Binaka irteten ziren lanera (bost bikote emakumeetan eta zazpi gizonetan) eta, aldi berean, bakoitza bide batetik abiatzen zen. Ondoren, tokiz aldatu eta berriro gorantz. Bide biak igotzen denbora gutxien erabili zuena finalerako sailkatzen zen; bestea, aldiz, kalera. Eskalatzaileek adierazi zutenez, bideak espero baino errazagoak izan dira.

Sailkapenei dagokionez, Emakumeetan Natalija Gros (Europako Boulder Txapelduna iaz) izan zen denetan azkarrena 2.10eko denborarekin.  24 urteko esloveniarrak erakustaldi handia eman zuen. Maja Vidmar herrikidea sei segundora geratu zen. Goraipatzekoa da Johanna Ernsten hirugarren postua; 16 urterekin etorkizun itzeleko eskalatzailea dela erakutsi zuen. Hiru hauekin batera, Mina Markovic, Angela Eiter, Elena Aleman, Helena Lipenska eta Andrea Cartas sailkatu ziren finalerako. Lesio baten ondorioz, Irati Andak ez zuen Masterrean parte hartu antolatzaileen argitu zutenez.

Gizonetan lehia batzuek emozioa gainezka izan zuten. Thomas Mrazec-en (iaz Diman garaile geratu zen) eta Gorka Karapetoren artekoa azken metroetan erabaki zen. Txekiarra bost segundogatik bakarrik nagusitu zitzaion. “Badakigu Mrazec nor den, baina denok gizakiak gara eta sekula ez da jakiten”, zihoen azpeitiarrak lehiaren amaieran, penatan baina gustura egindako lanagatik. Patxi Usobiagak eta Ekaitz Maizek ere lehia ederra mantendu zuten. Usobiagak bigarren igoeran segurtatu zuen finalerako pasea.

Kuriosoa da sailkatze fasearen egitura. Denetan hirugarren denborarik onena egin zuen Gorka Karapeto Masterretik kanpora geratu zen, Mrazek-en kontrako lehia galtzeagatik. Alderantziz, Mikel Ziarrusta hamaikagarren denborarik onenarekin sartu zen lehen zortziren artean. Bestalde, Chris Sharmak azken aurreko egin zuen Mraze-cen denbora ia bikoitzarekin (4.11), baina antolakuntzak finalerako pasea erregalatu zion Wild Card-aren bidez.

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria