Euskal kostaldeko zortzi natura gune babestu, arrisku larrian

Pasaiako kostaldea
Pasaiako kostaldea

Greenpeacen txostenak (pdf, 7,42 MB) dioanez, euskal kostaldean, teorian babestuta egon beharko liratekeen zortzi puntu arrisku larrian daude: Barbadungo itsasadarra, Gaztelugatxeko Doniene, Urdaibaiko itsasertzak eta padurak, Artibai ibaia, Urolako itsasadarra, Inurritza, Ulia eta Jaizkibel. Hirigintza basatiak, azpiegiturek eta kutsadurak arrisku larrian jarri dituzte toki hauetako ekosistemak.

Talde ekologistaren esanetan, guztien artean larriena Pasaiako portu industrialaren eraikuntzak Jaizkibelgo labar eta amildegietan eragingo dituen kalteak dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak aldarrikatzen duen garapen jasangarritik oso urrun dagoela proiektu hori dio Greenpeacek.

Bestalde, euskal kostaldean gero eta ugariagoak diren kirol-portuak eta laketontzientzako amarratze kopuruaren igoera ere kritikatu ditu talde ekologistak.

Egoera zuzentzeko, etorkizunari begira hartu beharreko neurri batzuk aipatzen ditu txostenak: bai Madrilgo zein Gasteizko administrazioek Kostei buruzko Legea betearazi beharko lukete, lurren erosketa eta legez-kanpoko eraikinen eraispenak bultzatuz.

EUSKAL KOSTALDEKO ZORTZI PUNTU BELTZAK:

1. Barbadungo itsasadarra (Muskiz):
Babes mota: Garrantzi komunitariodun tokia.
Balio naturala: ibai-ahoan uharte txiki lauak daude, molusku eta itsas-hegazti ugarirekin.
Arriskuak: kutsadura (industria-isuriak petrolio instalazio batetik eta koke instalazio baten proiektua).

2. Gaztelugatxeko Doniene (Bermeo):
Babes mota: Biotopo Babestua, Garrantzi komunitariodun tokia.
Balio naturala: itsas-hegaztiak oso ugariak dira. Bere kostaldean lupiak, panekak, itsas aingirak eta txitxarroak aurkitu daitezke.
Arriskuak: hirigintza (1200 etxebizitza eta golf zelaia Bakio aldean).

3. Urdaibaiko itsasertzak eta padurak (Urdaibai):
Babes mota: Biosfera Erreserba, Nazioarteko garrantzia duen hezegunea, Parke Naturala, Garrantzi komunitariodun tokia, Hegaztien babeserako gune berezia.
Balio naturalak: hegaztien negu-toki eta atsedenerako toki adierazgarria. Narrasti, anfibio, ugaztun eta ur gazi eta gozoko arrainen tokia.
Arriskuak: hirigintza (Guggenheim 2 museoa), azpiegiturak (469 hektarea industriagune) eta kutsadura (Repsolen plataformaren handitzea eta hiri eta industria isurketak).

4. Artibai ibaia (Berriatua eta Ondarroa):
Babes mota: Garrantzi komunitariodun tokia.
Balio naturalak: bisoi europarra. Itsas-ahoan, marismak.
Arriskuak: hirigintza (487 etxebizitza berri Ondarroan) eta kutsadura (merkurio kopuru handia).

5. Urolako itsasadarra (Zumaia):
Babes mota: Garrantzi komunitariodun tokia.
Balio naturalak: ekosistemen aniztasuna. Hegaztien negu-tokia eta arrainen ugaltzerako estuarioa.
Arriskuak: azpiegiturak (kirol portuaren afekzioa) eta kutsadura (industria eta hiri isurketak).

6. Inurritza (Aia eta Zarautz):
Babes mota: Biotopo babestua, Garrantzi komunitariodun tokia.
Balio naturalak: habitat aniztasuna, Euskadiko duna eremurik garrantzitsuena bezalakoa.
Arriskuak: hirigintza (golf zelaia dunen gainean), azpiegiturak (hormigoizko pasealekuak) eta kutsadura (kutsagai maila handia moluskuetan).

7. Ulia (Pasaia eta Donostia):
Babes mota: Garrantzi komunitariodun tokia.
Balio naturalak: itsas labar bortitzak, haizera eta gaztera egokitutako landareen adibide bikainekin.
Arriskuak: hirigintza (Donostiako hirigintzaren zabaltzea) eta kutsadura (ur zikinen hondakinak).

8. Jaizkibel (Hondarribia eta Pasaia):
Babes mota: Garrantzi komunitariodun tokia.
Balio naturalak: garrantzi botaniko handia endemismo ugarirekin labar eta amildegietan.
Arriskuak: azpiegiturak (portu industrialaren eraikuntza) eta kutsadura (itsas trafikoa eta kutsagaien maila handia).

euskal kostaldea, Greenpeace

Kazetaria.

Zer duzu buruan “Euskal kostaldeko zortzi natura gune babestu, arrisku larrian”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude