Bosgarren jardunaldia bost apuntetan

1) Athleticen liga. Osasunak Sevillaren aurka jokatu zuenean esandakoa errepikatu behar dut: Athletic baino kalitate gehiago du Andaluziako taldeak. Athleticek ez zuen ondo jokatu eta Sevillak bai, eta kalitatean halako aldea egonda, normaltzat jo behar da talde zuri-gorriari Sevillak emandako errepasoa. Athleticek jarraian galtzen duen bigarren partida da, baina ez dira alarmak piztu behar. Lau jaso zituen etxean, eta zaleei ez zitzaien gustatu normala denez. Bigarren zatiko une askotan inpotentzia sentsazioa transmititu zuen taldeak gainera. Baina bere egitekoa beste bat da, berak beste liga batean jokatzen du.

Ostegunean partida garrantzitsua du Europe Leaguen, eta hurrengo jardunaldietan Valladolid, Sporting eta Getaferen aurka jokatuko du. Eta horiek bai, horiek Athleticen ligakoak dira

2) Penaltiz. Penaltiz irabazi du Osasunak. Eta gauza handia bezala ospatu zuten jokalariek partida amaieran. Sportingen aurka ezinbestekoa baita, etxean behintzat, hiru puntuak ateratzea. Taldea segurtasuna irabazten ari da, gaizki jokatuta ere, partidak aurrera ateratzen ikasi baitu. Gainera, Sportingeko entrenatzaile Preciadok aipatu bezala, defentsa lan bikaina egiten ari dira azken partidetan. Atzetik aurrera, gol gutxi jasota egingo du zerbait, egitekotan, Osasunak.

Jaitsierako postuetan dauden taldeei 4 puntuko aldea ateratzen diete gorritxoek eta 9. postuan daude. Azken urtetan baino askoz hobeto.

3) Ahaltsuen txandakatzeak: Ahaltsuek (Real Madril, Bartzelona, Sevilla) jokalari on askodun taldeak dituzte, eta jokalari onenak partida garrantzitsuenetara ondo ailegatu daitezen, gorde egiten dituzte talde ahulen aurkako partidatan. Baina ordezkoek izenez jokalari onak izaten jarraitzen duten arren, taldeek ez dute berdin funtzionatzen. Bartzelona erreferentziarik gabe ibili zen Ibrahimovic zelaian jarri arte, eta Real Madril Kaka aulkitxotik berdegunera aldatu arte berdintsu.

Bartzelonaren hamaikakoa ez zen txarra, Real Madrilena ona zen, eta halere, bazen zerbait funtzionatzen ez zuena. Jokalari onenen dependentzia ote dute? Ez sinistekoa da.

4) Ez galtzekoa. Ez galtzekoak dira igandetan John Carlinek El Paisen idazten dituen zutabeak. Bertan, Espainiako BBVA liga eta Ingalaterrako Premierra parekatzen ditu ia beti.

Espainiako hedabideek, bere chauvinismoan, eta batez ere Florentinoren azken fitxaketekin, Espainiako liga munduko onena dela esaten dute, baina adibide praktikoen bidez, Premierraren profesionaltasun eta ezaugarriak erakusten ditu. Igande honetakoa ez galtzekoa da. Espainiako ligak zer ikasia badu Ingalaterratik.

5) Izar asko dira zeruan. Eta denak ez daude Madril eta Bartzelonan. Asteko gola, Deportivoko Jucarena. Ez da faltaz sartzen duen lehena, eta ez da azkena izango ere.

Liga ez da Ibrahimovic, Kaka, CR9, Messi eta horietara mugatzen.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.