Bi izar euskal futbolean: Griezmann eta Muniain

Iker Muniain talde zuri-gorrian inoiz debutatu duen jokalaririk gazteena da. Taldearentzat partida garrantzitsuetan golak  sartu eta zaleak pizten ditu. Caparrosek pazientzia eskatzen du berekin, baina emaitza maldan gora jartzen zaionean baliatzen du, ardurak emanez. Teknikoki abila da, ausarta eta lotsagabea jokoan. Esperientzia falta zaio. Eta denbora. Denborak jarriko baitu handienen lekuan edo ahazturaren zuloan.

Antoine Griezmann da zuri urdinen esperantza. Gaztetxoen taldean jokatu behar zuen bere adina kontuan hartuta, baina denboraldi aurrean, nagusien taldekoen lesioak zirela eta, entrenamenduetan aritzeko aukera eman zioten. Ordutik taldean lekua irabazten joan da (denboraldiaurreko partidetan gol gehien sartu zituena izan zen), denboraldi honetako fitxaketa sonatuenari, Jonathan Estrada kolonbiarrari, lekua kendu arte. Iragan igandean gol ikusgarria sartu zuen gainera. Maçoneko aurrelariak, harrobiko beste hainbat jokalarik ez bezala, bere oinpean ditu zaleak. Gaur Marca egunkariak dakarrenez, Liverpool eta Manchester United jarraitzen ari zaizkio.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Bi izar euskal futbolean: Griezmann eta Muniain”-ri buruz