Aurtengoa ere ez da izango Athletic segundara bajatu zen urtea

Llorente, jo eta fuego
Llorente, jo eta fuego

Ostarte zabala egin zen jokoa hasi orduko. Eguzki gozotan, Athleticek martxa oso bizian jarri zuen motorra, egiten dakiena egiteko beste helbururik gabe: baloia luze jaurti, salto egin eta edonondik atera jo. Santanderko Racing taldea ito egin zuen… haiek nahikoa lan bazuten egurra ematen. Ezkerretik Lertxundiren erdiratze bat buruz garbi jota sartu zuen lehen gola Llorente erraldoiak, eta Llorente berari egindako penaltiaz bigarrena Lopezek. Garai bateko ingelesen moduko joko eraz, arin eta pressing, Athleticek aise menderatu zuen Racing lehen zatian.

Atsedenaldian, ordea, bi gol baino gehiago sartzeko aukerak huts egin izanagatik damu ziren athletic-zale asko. Zenbat sartu behar dira ba, nioen neure kabutan: bostetik lau?, Bartzelona eta Chelsea taldeen antzera ala? Ez baitira jokalari teknikoak gure mutilak. Korrikalari saiatuak baizik, kolkoan lelo bakarra dutenak: “aurrera!, beti aurrera!”
Hamabostero San Mamesen izaten diren eraman handiko jakintsuek badakite zer esaten duten. Bigarren zatian Racingek ezer gutxi egitea nahikoa izan zuen Athletic hankaz gora ipintzeko. Langara baloi bat, ondoren Yestek egindako penaltia… bi eta bat. Hantxe hasi ginen estutasunez zigarroak erretzen denok, herensugeak ke bafadaka!
Racing batere premiarik gabe presatu zen orduan, ipurterre, baina ez dakit zergatik horren larri. Atzo arte txapelketan falta gehien egin duen taldea zenak bere marka guztiak hautsi zituen. Zeharo trakestu zuen jokoa: traba eta egurra. Epaileak ere, gainera, bere burua nabarmentzeko gogoa zeukan: hogei txartel baino gehiago aterata, bost jokalari bidali zituen fraka luzeak janztera (Athleticeko bi eta Racingeko hiru). Ez dut halakorik sekulan ikusi. Eta jokorik gabe amaitu zen bigarren zatia.

Atzoko garaipenarekin Athleticek 40 puntuz betea du poltsa, eta aurtengoa ere ez da izango Athletic segundara bajatu zen urtea, hainbestek desio duenaren kontra. Nolanahi dela, ondo ikasita itzuli ginen Bilbotik: ehiztariak dira gure mutilak, eta eurentzat erbi iheskor bat da baloia. Atsedenik gabe arineketan jardun beharko dute maiatzaren 13an Kopako finalean, zakur ingeles batzuk balira bezala.

Editorea: Susa