Artearen prostituta

0-20http://www.youtube.com/watch?v=_uBsV8wAEhw&NR=1

Whitman beraren ahotsean dakarkigu poema bat Levi’s-ek azken iragarkian. Leaves of Grass-en egilearen hitzak eta hotsa, bakeroak saltzen. Batzuentzat ideia ezin hobea, poeta handiari eginiko omenaldi xumea, haren esanak zabaltzeko modua. Besteentzat ordea, ez da bidezkoa hildako artista baten sormena enpresa pribatu baten mesedetan erabiltzea.

Egia da emaitza borobila dela, ederra. Telebistan zapping egiten ari zarela topatu nahi duzun iragarki horietakoa. Baina etikoki zalantzak sortzen ditu. Sormenaren lapurreta gisakoa baita. Eta bai, artelan hori argitaratua dago, guztiontzat (irakurri nahi duenarentzat) da. Baina beste batek eginiko lan batetik dirua esku pribatuetara doa, eta hor dago zalantza.

Cortazarren ahots larria eta “r” markatuak ere entzun ahal izan genituen “quien posee a quien” leloa zeraman Seat Leon baten iragarkian.

Steve McQueen eta Mohamed Ali ere berpiztu zituen publizitateak. Lehena Mustang bat gidatzen (eta iragartzen) eta bigarrena adidas-en mesedetan.

Eta beste hainbatetan ere irakurri izan dizkigute nobeletako pasarteak, edo poesiak, edota izenak iragarkietan. Duela gutxi Gabriel Garcia Marquezen 100 años de soledad nobelako fikziozko Macondo herria aipatzen zigun Repsolen iragarki batek.

Artea, sormena oinarri, bai, baina beti interes jakin batzuen mesedetan. Ordain baten truke, artearen prostituta baita, publizitatea.