Argentina-Bolibia-Argentina bidaiaren taupadak (I-V)

I

Ihesaren eguna izan zen hegaldia hartu genuen igande hura. Ihesarena, ahazturarena, ibilbilde berri baten hasierarena. Etxetik motxila bete amets ateratzean, asko izan zirelako bidean utzitako ezinegonak, estuasunak, penak.

Ihesaren eguna igandekoa, tren eta autobus geltoki eta aireportuetakoa. Hiruetan egin genuen denbora asko. Eta gustura. Hutsaz hausnarrean kezkarik gabe.

II

Hegazkinean eskuineko eserlekuan dudana Suitzan bizi den biolontxelo jole argentinarra da. Kontserbatorioko irakaslea omen. Eta osketraren bateko kidea. Nobela bat bizirik. Baina ni galdera interesgarriak egiten asmatu ezinik geratu naiz solasaldi laburrean.

¿Cómo está la situación en el País Vasco? galdetu dit. Eta ni zer erantzun ez nekiela geratu naiz. Ondo gaudela esan? Tinko jarraitzen dugula? Edo inoiz baino okerrago gaudela, inoiz baino inbadituago, inoiz baino makurrago. Diskurtsoaren premia larrian nago kanpo politika egiteko.

III

Garbiñe Ubedaren Mila ezker liburua irakurri dut hegaldian. Eta Jimmy Hendrix entzuteko gogoa sartu zait eta Atahualpa Yupanqui.

Buenos Aires ezkerrarena izan da urtetan eta azken hauteskundeetan (orain bi aste eginak) eskuinak irabazi du. Europan bezala.

Eskuina eta ezkerra Ying eta Yang bezala omen. Oreka nola lortuko, Yinga nola Yangizatuko, zer pentsatu eta egin badugu. Bai.

IV

“Han urrutian ikusten dituzuen etxe blokeetan pilatu dituzte porteño (Buenos Airestar) behartsuenak”. Esan zigun anfitrioi lanak egiten ari zaigun lagun euskaldunak. Auzo haietara ezin gintezke joan. Ezta porteño asko ere. Behartsuen artean behartsuagoak ere badaudelako, hiriko mapetan ere agertzen ez diren kaleetan bizi direnak. Eta gu ez gara haiengana joango. Sartzen ez digutelako uzten.

Han urrutian ikusten dituzuen etxe blokeetan...
Han urrutian ikusten dituzuen etxe blokeetan...

V

Buenos Airesen ez dago griperik. Buenos Airesen hotz egiten du goizetan eta 18ak ez gero. Eta hiritarrak ume ttikiak bailiran tratatzen dituzte hau-hori-ta-hura ez egiteko kontzientziatzeko: kaleko karteletan, metroko metro bakoitzeko telebistetan, prentsan, irratian. Eta batzuk, gutxi batzuk aho maskarak jantzita ateratzen dira kalera eta pentsatzen dut sarri-sarri joango direla komun publikotan eskuak garbitzera. Baina ez dut inor ikusi belarritakoak jantzita eta begiak estalita kaleratzen. Txerri gripea baino birus arriskutsuagoak badira. Eta ez ditugu horien kontrako neurriak hartzen.

aisia, argentina, bidaia, bolibia, politika

La terre est bleue comme une orange

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude