Eduardo Apodaka: “Separatismoa izan da eduki ez dugun Estatua”

Eduardo Apodaka: “Separatismoa izan da eduki ez dugun Estatua”

Eduardo Apodaka EHUko soziologia irakaslea “Identitatea eta anomalia” lanaren egilea da, eta horixe izan zuen oinarri “XXI. mendeko abertzaletasunaz” ikastaroan eman zuen berbaldian.

Eduardo Apodaka: "Separatismoa izan da eduki ez dugun Estatua"

Aitortza bat eginez hasi zen irakaslea. “Bi suren artean sentitzen naiz horrelako eztabaidatan, akaso identitatearen gaineko gogoetatik abiatzen naizelako. Batzuk estatu independente batek euskal identitatea salbatuko lukeela diote, edo identitatetik salbatuko gintuela; edozelan ere estatua beti salbatzaile ulertuta. Eta bestetik, proiektu horrek, estatu independentearenak, identitaterik gabekoa izan behar duela diote. Ez bata ez bestea -dio Apodakak-. Estatuak ez du salbatuko eta ez gaitu salbatuko, identitatea gora eta identitatea behera jarraituko dugu estatu bat izanda ere; bestela kasu bakarra izango ginateke Europan, non estatuak identitate afera guztiak garbitu eta konpontzen dituen”.

“Proiektu independentista proiektu identitarioa izango da beti, ezin baita gizarte proiektu bat izan identifikaziorik gabe”, Apodakaren aburuz.

Estatu propio bat eskatzean “propio” horrek zer esan nahi duen argitu beharra dagoela uste du irakasleak; estatu independente hori nork eta zertarako nahi duen, zein den desira horren subjetua. “Euskal izateera partikular anomaloa eratzen da desio horretan, eta horri deitu diot separatismoa -sentipenaren alderdi subjetiboarekin-“. Apodakari “separatismoa” berba gustatzen bazaio, nazionalismoa edo abertzaletasuna ez erabiltzearren da. “Separatismoa ez da nazionalismoa, are gehiago, antinazionalista dela eta izan behar dela esango nuke”.

.

Estatuaren mitoa

Estatuen sorrera azaltzeko, euskal hegoaldekook, (Espainiar) konstituzioko lehen bi artikuluetan ei dugu mitoaren fundamentua, “soberanía nacional reside en el pueblo español / indisoluble”. Hau da, espainiar herriak eratu du Estatua, herriak egina da.

Charles Tilly-ren “Coercion, Capital and European States” (1992)::

“Tribututik zergara, zuzeneko gobernutik zuzeneko gobernura, mendekotasunetik barneratzera doan aroan, Estatuek orrokorrean lan egin zuten euren populazioak homogeneizatzeko eta euren zatiketak gainditzeko, hala hizkuntza, erlijioa, moneta edo lege sistema bakarra ezarriz, nola merkataritza, garraio eta kounikazio sistema konektatuak eraikiz”.

Horixe da soziologian eta kalean “gizarte” deitzen den hori; eta horren arabera “gehienok espainiar gizarteko kide nahiko normalak gara, Malagara oporretara joatean ikusten dugunez” -ez Espainian ez Euskal Herrian, “Tele5-n edo, LaSextan” bizi garela esten ei die ikasleei-.

“Gizarte hori estatuaren lana da, estatugintza gizartegintza izan da, eta ez da goizetik gauera egindako zerbait -erresistentziak ere izan diren arren-“. Gizarteari identitatea deitzen dio Apodakak, “ohikoak, normalak diren modu homologatuak, sentitzeko eta pentsatzeko marko edo kode komunak”.

Tillyren aipua hartuta, Estatua, “batzuetan bortxaz lortu da, disziplinatze baten bitartez, baina baita lilura baten bitartez ere, eta pentsamendu kritikoa horren aurrean desarmatua egon da-, uste du puntu hau aztertzeko proposamena egiten duen Apodakak-; egunerokoan dago, gauza erraz eta erosoen lilura, normalarena”. Eratzailearen dialektika legitimatzailea erabiltzen da, “nire ustez faltsua”. Eta modernitateko estatugintzan, populazio osoaren irudikapen eta ordezkapena estatuaren monopolioa da.

“Zuk gobernatzen duzu zeure burua; populazioari esaten zaio: zu zara botere edo agintearen jabea. Ni, estatua, zuk egin nauzu. Boterea utzi didazu zure gainean bortxa edo lilura erabili dezadan, baina eratzailea, agintearen iturria zu zara, herria zara zu”. Horrela, hasieran autogobernurako tresna bat da estatua. Monopolioak lortu behar dituena, ez baitutu onartzen bi jabe bere baitan, bakarra behar du, eratzaile legitimo bakarra. “Identitate bakarra dago, ez du besterik onartzen”.

.

Herri jardun

Eduardo Apodaka: "Separatismoa izan da eduki ez dugun Estatua"Monopolio horien aurka herri jardun beharraz mintzatu zen Apodaka, “herri diharduen jendea, estatuari komuna denik ukatzen, banatze logikari aurre eginez eta identitate unibertsala eta ezinbestekoa hautsiz. Hau da, estatuaren kontra herri arituz. Gizartean anomalo jokatuz”. Horrela egiten da erresistentzia.

“Separatismoa izan ez dugun estatua izan da, eta ez du arrakasta handirik izan”.

“Euskal separatismoak homogenizatu behar zuen euskal gizartea (komunikazioa, garraio sistema, merkatua…), erritmo sinkronizatu batean jarri guztiak, sistema homologatu moderno batean. Eta neurri batean, kultura eta hizkuntza aldetik ere mugimenduak egin behar izan ditu, estatuak egin behar zituenak. Ez du indar handirik izan, hori da gure drama”.

“Ez du osotasun unibertsal baten monopolioa sortu, bere burua legitimatu nahi izan du, baina behin eta berriro konturatu da bera ez zela bere buruaren eratzaile”. Euskaraz eginda zara euskalduna, eta honetan ere, mugitzen dena baino ez dago. Hau da, ekintzaileek sortzen duten ekintza eta ekintzak ekintzaileak.

“Egunero gara herri, gizarte, estatu”. Eta geure burua asmatzen ari garela onartu ezinean gabiltza. “Europako herririk zaharrena gara, bai, baina eskatzen zaio herritarrari herri osoa bere bizkar har dezan. Eta ez litzateke txarra disfrutatuko bagenu…”.

“Gizarte nazional batean sortuak gara, Espainia -edo Frantzia-, eta oso ondo ezagutzen dugu Hendaia eta Irunen artean dagoen aldea bizi erritmo normalean -hartu frantsez bat eta aurkituko dugu Frantzia bera, hori da helburu eta ideia-. Subjetu bat eraiki da sentiera baten inguruan, eta ezin zaio eskatu sentiera horretara biltzen den jendeari egun batetik bestera bestela sentitzeko”.

Apodakak esanetan kontutan hartzekoa da “estatu monopolioen aurka, euskal separatismoak mundua ikusi eta ulertzeko modu bat sortu” duela: naziogintza propio batekin erantzungo dizuegu. “Euskal separatismoaren lanari esker gaude hemen”, eta izan ez balitz ez genituzke ditugun erakundeak eta daukagun egoera txarra izango, ez baikenuke horrela deskribitu ere egingo, ez zen GURE izango.

“Beraz, euskal separatismoa nazio gizartearen etengabeko deslegitimazio bat da. Hori da herri jardutea, txikian -eguneroko bizitzan- eta handian. esaterako, Identitatea desmontatzen dugu egunero euskaraz egiten dugunean egin behar ez den tokietan, eta egin behar den tokietan”.

.

Antinazionalista izan

Euskal separatismoaren ibilbidearen onena “estatuen kontrako erresistentzia izan da, gizarte homologatuaren kontra egitea. Antinazionalista izan behar du“.

“Kontzientzia berreskuratu behar du separatismoak, eta sentierari garrantzia eman. Gertatzen diren gauzak hemengo tasun batetik kontatu behar ditu, jakinda partziala dela eta ezin duela gainezkatu herria”.

Orain arte egindako bidea, “esperientzia historiko bat izan da, ez da sortu herri mitiko batetik, ez zuen gertatu behar bai ala bai. Sortu zen diskurtso bat hasi zelako egituratzen. Eta askotan pentsatu izan dugu kontrakoa”. Hau da, batzuetan uste dugu, gertatzen dena gertatzen dela 50 mila urte barru ere hemen izango garela herri bezala, euskaraz egiten ez badugu hizkuntza desagertuko dela onartzen dugun bitartean.

“Egin behar dugu, bestela badoa. Euskaldun izate hutsareki ez da nahikoa, artikulatu beharra dugu, eta kontzientzia berreskuratu. XXI. mendean behar beharrezkoa dugu separatismoa, gizartea eraldatzeko politiketatik subjetu berri bat sortzen duelako etengabe”.

“Soberania, gure boterea, gauzatzen hasi behar da jada”. Estatu euskaldun baten alde… kontra egiteko -jendearen burujabetza lortu nahi baldin bada estatua deslegitimatu beharko da beti-.

Eduardo Apodaka / Eduardo Apodaka/ Eduardo Apodaka/ Eduardo Apodaka

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Eduardo Apodaka: “Separatismoa izan da eduki ez dugun Estatua””-ri buruz