Espainiar “demokraziaren” deskonposizioa

Geroz eta nabariagoa da Estatua krisi sakon batean murgilduta dagoela. Espainiako “demokraziak” bizi duen egoera tamalgarria deskribatzeko adibidetzat jarri genitzake aspalditik antzeman diren ustelkeria kasu ilunak, ate birakarien gaia eta egoera honen eraginez, alderdi politiko nagusiek izandako beherakada.

Ez daukagu urrutira joan beharrik ustelkeria kasuetan inplikatuta dauden azken politikariak zeintzuk diren jakiteko. Astelehenean, Punica operazioan 51 pertsona atxilotu zituzten ustelkeria kasuekin zerikusia dutelakoan. Pasa den astean, Rodrigo Ratok eta aste honetan, Angel Acebes ministro ohiek Auzitegi Nazionaletik pasa behar izan dute. Datuen arabera, Aznarren gobernutik pasa ziren ministroen %75ri eta Valentziako Erkidegoan PPko 100 kide baino gehiagori leporatzen diete ustelkeria. PSOE eta IU ez dira salbuespenak eta horren adibide gisa daukagu, Andaluziako EREen kasua.

Herritarren haserrea eta nazka geroz eta handiagoa da kasu hauen aurrean. Izan ere, oso polita da Esperanza Aguirre, ustezko ustel bati konfiantza eman diolako, barkamena eskatzen entzutea. Bestalde, eta herritarrok Bizkaiko PPko egoitza zein dirurekin finantzatu den susmatzen dugunean (Barcenasen arabera beste kontu batetik zetozen 800.000€rekin) Arantza Quiroga eta bere taldekideek, jokaera ustelei aurre egingo dietela esaten dute eta ez dute neurri zehatzik proposatzen, Javier Maroto, Gasteizko alkatea, etorkinen aurkako hauteskunde kanpaina egiten hasi den bitartean. Guzti honek, oso itxura tamalgarria dauka eta egia esan, gauza jakina da PPk kanpaina guzti hau bere mesedetarako erabili duela krisi garaian eztabaida hau pizteak boto asko ematen dituelako, Frantzian eskuin muturrak azken europar hauteskundeetan izandako emaitzak ikusi bakarrik ez ditugu.

Gizarteak ez ditu behar eztabaida hauek, herritarren artean beldurraren, gorrotoaren eta diskriminazioaren diskurtsoa bultzatzen dutelako. Kanpaina interesatu hauek piztu beharrean, komenigarria litzateke ustelkeriaren aurkako neurriak lehenbailehen hartzea urte guzti hauetan gertatu dena argitu ahal izateko.
Gurtel kasuarekin jende askok uste zuen ustelkeria gutxi batzuen kontua zela baina Barcenasen paper haiek argitara atera zirenetik izen asko entzun dira eta ez edozeinenak. Erakunde publikoetan erantzukizun handia izan duten pertsonez ari gara: Rato, Acebes, Camps,Fabra, Bárcenas, Granados, Pujol eta nola ez hainbeste zeresan eman duen Iñaki Urdangarin bera ere. Ez dira lau katu eta ustelkeriaren arazoa estrukturala dela bistan geratu da urte guzti hauetan pertsona askok politika bere mesede pertsonalerako erabili dutelako. Valentzian PPri buruz egindako erreferentziak, agerian uzten du 5 milioi pertsonaz osatuta dagoen erkidego batean ustelkeria sistematikoki antolatuta egon dela goi karguetatik hasiz, lehendakari zein lehendakari orde, diputatu, alkate, zinegotzietatik pasatuz funtzionarioetaraino.

Ustelkeriaz gain, ate birakarien kasuak eragin handia ekarri du gizartean. Ez daukagu ikusi beharrik non dauden edo egon diren kokatuta Aznar eta Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiak eta Elena Salgado, Pedro Solbes, Acebes, Rato eta konpainia. Erakunde publiko batetik guztiek egin zuten salto enpresa pribatura eta soldata kopuru astronomikoak kobratzen dituzte. Esate baterako, Felipe Gonzalezek Gas Naturalen sailburu gisa zebilenean, 126.500 € irabazten zituen urtean eta Aznarrek Endesako aholkulari gisa 200.000€.
Egoera guzti honek, herritarren haserrea eta PP eta PSOEren beherakada ekarri dute eta fenomeno berri baten sorrera: Podemos. Mugimendu berri hau herritarren haserrealdia eta ondorioz, bi alderdi nagusiei eragin dien beherakadaren alternatiba bihurtu da komunikazio estrategia eraginkor bat diseinatuta . Besteak beste, PP eta PSOE ez dira konturatzen edota ez dute konturatu nahi arazoa etxean bertan daukatela. Ez dago zalantzarik, ustelkeria kasuekin zerikusia duten operazio polizial gehiago atea joka daudela eta gizartearen haserrea areagotu egingo dela.

Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez oso trebeak dira bata besteari azalpenak eskatzen, baina herritar asko nazkatuta daude eta jada, PP eta PSOEren arteko tirabirek ez dute sinesgarritasunik biek txanponaren aurpegi berbera irudikatzen dutelako. Jai daukate, herritarrek maila eskaseko “demokrazia” honetan sinestea nahi badute. Agerikoa da herritarrek ez dutela gaitasunik euren etorkizuna erabakitzeko Espainiako abertzaletasunaren izenean hitz egiten duten horiek, aspaldi jarri zituztelako euren interes pertsonalak herritarren interesen gainetik. Espainola izango banintz, lotsa sentituko nuke nire ordezkariak dagozkidan erabakiak beste batzuen eskuetan nola uzten dituzten ikusten dudan bitartean.

Politikari baten ardura ez da barkamena eskatzea, neurri zehatzak hartzea baizik. Neurri zehatzak hartzen ez dituztenek, urte guzti hauetan gertatutako guztia ahalbidetzen ari dira. Praktika guzti hauek, “Estado de Derecho” izenekoa “Estado de Provecho” bihurtu dute alderdi nagusien beherakadak erregimen politiko honen gainbehera irudikatzen duen bitartean.sagarra

Komunikazio graduko ikaslea Deustuko Unibertsitatean

2 pentsamendu “Espainiar “demokraziaren” deskonposizioa”-ri buruz

  • Esan duzun bezala espainiako estatu-aparatuaren krisia estrukturala da. Jerarkia kate eta tentakulu guztiak daude guztiz ustelduak, eta ez pentsa Euskal Herria libratu egiten denik.
    Benetako estatu batean herritarren haserrea sindikatuek edo armadak ordezkatuko lukete greba edo estatu-kolpe batekin. Edo herritar haserretuak alternatiba serio bat bozkatuko lukete.
    Baina hemen ez da horrelakorik gertatuko epe motzean. Armada eta sindikatuak ere ustelduak daude, polizia ere, eta ez dut alternatiba politiko seriorik ikusi orain arte (Poemos?? ezetz esango nuke). Espainiar estatu liberala akabatua dago.

  • Amonamantangorri 2014-10-30 19:58

    Eskuineko jaun bati aditua: “Bueno, baina… Nork ez du noizbait beltzean lanen bat kobratu?”. Horrelakoxea da Espainiako Erresuman bi alderdi tradizionalei botoa emanen diotenen soslaia.