Joan Mari Arzakek lapurtutako muxuak

Joan Mari Arzakek lapurtutako muxuak

Honezkero denok ikusiko zenuten Kelerren iragarki berria: Joan Mari Arzak sukaldari ezaguna agertzen da bertan, bere donostiartasuna (“Donostin jaio nintzen, eta berriz jaioko banintz, Donostin egingo nuke”) , amoranteak, mozkorrak, abenturak, errebeldia eta lapurtutako muxuak aldarrikatuz, Keler botilaren eta Arzak beraren ahotsetik.

Oraindik ikusi ez baduzu, hemen duzu aukera. Segidan, ezinbestean merezi duen iruzkina.

Arzaken radiografia azkarra

72 urte ditu jada Juan Mari Arzak sukaldari donostiarrak, eta egia esan, zaharragoa ere badirudi. Bere abizena daraman jatetxea Europako laudatuenetakoa da, eta batazbeste, 215 euro ordaindu behar dira lagun bakoitzeko bertan otordurik egin nahi bada. Espainiako errege ohia bezain “kanpetxanoa” den arren, gutxi dira bere plater preziatuak dastatu ditzaketenak. Hori bai, mundu zabalera eraman ditu Euskal Herriko gastronomia, eta bereziki Donostia. Badu hedonista fama, eta politikoki ez-zuzena eta umoretsua ere badenez gero, beti-gazteen multzoan kataloga genezake.

Kelerren ohiko iragarkiak

Kelerren iragarkiak gogoratzekoa ahalegina eginda, Donostiako irudiak, surfa, jende gaztea, eta “Epa” ezagun hura etortzen zaizkit gogora. Azpimarratzen diren balio edo ezaugarriak ere horiexek dira: gaztetasuna, gozamena, alaitasuna, bertakotasuna, nortasuna…

Hankasartzea?

Juan Mari Arzak bada donostiarren erakusle, eta ez da entzun nahi direnak esatekoa. Baina, hala ere, ez ote da gehiegi 72 urteko gizon bat neska gazteekin oheratu eta parrandaz parranda dabilen bizizale gisa irudikatzea? Ez ote dela hipokrita xamarra milaka dirudunen esanetara izan den luxuzko jatetxeko sukaldaria errebeldia eta nortasunaren ikur gisa hautatzea? Ez ote dute xoxik gabeko 30en bueltako gazteek Arzak oso urruti sentituko?

Arzakek dioen bezala, akaso ez da “mundu guztiarentzako”, baina ni behintzat atzera bota naute hark lapurtutako muxuek eta Kelerren iragarkiak. Ea hurrengorako ez duten Argiñanorengana jotzen.

Joan Mari Arzakek lapurtutako muxuak

1986-(...)

8 pentsamendu “Joan Mari Arzakek lapurtutako muxuak”-ri buruz

  • Aritz Trueba 2014-10-16 09:30

    Niri ikaragarri gustatu zait iragarkia.
    Arzaken aukeraketa bikaina iruditu zait Keler bezalako garagardo bati bere maila, kategoria eta seriotasuna ematen diolako.
    Orain, nork lapurtzen ditu muxuak? Arzakek ala keler garagardo berak?
    Nik uste eta iragarkia gaizki ulertu ez badut, Keler garagardo bera dala hitz egiten duena, Arzaken ahotsarekin eta bere bizipen batzuekin. Donostiako baloreekin identifikatzen den pertsonaia baten ahotsa erabiltzen dute. Erreala bera ere erabili zezaketen. Iragarkia aurrera doan heinean bizipen gehio ikus daitezke. Arzakenak guztiak? baliteke… baina dudik ez izan Keler egoera guzti horietan egon dala.
    Nahiko anbiguoa dala aitortu dezaket, baina iragarkiak jokoa ematen duela dudik ez izan.

  • Niri ere atsegina egin zait iragarkia eta, batez ere, nabarmena, besteetatik bereizia. Eta hori ez da gutxi publizitatearen panoraman. Oroitzen auto baten lehiotik irteten zen esku hartaz?
    Gainera, pertsonaia ezaguturik, ez dit testuak min handirik egin Arzaken ezpainetan. Iragarkiak erakutsi nahi duen estetika aurreratua ere sinesgarri zaio arte garaikidearen zale amorratua den sukaldariari.
    Nik zoriondu egingo nuke Keler, bertako paraje, pertsona eta balioak erabiltzeagatik iragarkietan, Madrilgo edo auskalo nongo agentzia bati enkargua egin beharrean. Eta euskaraz egiteagatik ere bai, prefosta.

    • Euskaraz kelerrek egingo du. Arzaken alaba entzunda etxean asko ez duela egin esango nuke

  • Peru Dulantz 2014-10-16 11:43

    Juan Mari pertsonalki ezagutzeko aukera izan nuen (bere jatetxea bisitatzea bizitzan izan litekeen esperientziarik onenetakotzat daukat). Agertzen den bezalakoxea da, ezin dut irudikatu pertsona umilagorik, eta bere jatetxean harrera berdin-berdina egiten dio (eta garrantzi bera emango, edo, agian, handiagoa) bizitzan behin joango zaion herritar xumeari edo estatuburu bati.

  • zakarias aiztierdi 2014-10-16 18:14

    Nei e earra iruitu zait.
    Lastima Arzak donostiar gisa aurkeztia, altzatar kaetegorikua baita.

  • “Baina, hala ere, ez ote da gehiegi 72 urteko gizon bat neska gazteekin oheratu eta parrandaz parranda dabilen bizizale gisa irudikatzea?”
    .
    Emakumea balitz, iragarkia ausart, transgresore eta errebeldetzat hartuko zuen jendeak. Noski jendea tontakerietara afizionatua da.
    .
    Zergatik ez al da amona zahar bat gizon gazteekin oheratuko, parrandaz parranda? Emakumeok geure gorputzaz parrandaz disfrutatzeko eskubidea dugu!
    .
    Kalea gurea da! Beldurrak bandoz aldatuko du! Babosoak marrazoetara! Iraultza feminista izango da edo ez da izango! Gora esloganak! Gora harridura ikurrak!

  • Peru, ikusi bazenu aireportu batean iladan zeuden gizaki arruntak aurreratu nahian VIP izateagatik, eta kargu hartu zion bati VIP baten txuleriaz erantzuten, ez litzaizuke hain umila irudituko. Umil plantak egin bai, baina umiletik gutxi du gaur egun.

  • Amoranteak izatea, eta ez nolanahikoak gainera, iragarkian erdi biluzik ageri diren neska katxarroen modukoak baizik, Donostiar ezaugarria da? Errebeldea? Ez ote da iragarki nahiko matxista agertzen diren irudietatik hasita? Niri Julio Iglesiasen edo haren aitaren matxoman eta biejoberdekeriak gogorarazi dizkit!