Cesar Chavez eta itzulera Itakara

‘Cesar Chavez’ eta ‘Retour a Ithaque’. Aurtengo Zinemaldiko perlen artean, badira bi (behintzat) iraultzaren inguruan mintzo direnak. Bi perspektiba oso ezberdinetatik analizatzen dute errebolta, eta biak dira onak. Ikusteko filmak dinot. Donostiako zinemaren asteko lehen bi filmak izan ziren niretzako eta, nahigabe, kontraste handiko bidaia egin nuen goizean zehar.

sarrera zinemaldia 1
AEBak, erraldoi kapitalista, 60. hamarkadaren amaieran eta gaur egungo erreformen aurreko Kuba. Iraultza idealizatua eta kakotx arteko iraultza osteko pragmatismoa. Ametsak eta amets gehiago, eta desesperantza kotidianoa. Hegoamerikar nekazarien greba eta kubatar erbesteratuen itzulera. Diego Lunak zuzendutakoa eta Laurent Cantet zuzendari frantziarrarena aurrez aurre jartzeko moduko zintak dira gero, erruz ezberdinak izanagatik ere.

Izenburuak salatzen duen bezala, Diego Lunaren pelikulak Cesar Chavez mexikar jatorriko estatu batuarrak AEBetan burura eraman zuen nekazal-iraultza kontatzen du. Modu kasik epikoan kontatu ere, Hollywoodek mitoak hilezkortzeko duen era mandelianoan. Zuzendari frantziarrak istorioan sartuko zaitu, eta mexikar sentiarazi patroi anglosaxoi ankerren aurrean, ‘Huelga!!’ oihukatzeko gogoa sartzeraino. Ederra da emaitza, Chavezen bidaia 102 minututan kontatzea ez baitzen erronka erraza.

Habanako Vedadoko etxe bateko terrazan kokatzen zaitu hasiera hasieratik Laurent Cantet zuzendariak ‘Retour to Ithaque’ zintan. Eta bertan igaroko duzu film osoa, gidoi hutsa baita. Baina, ez du horregatik indarrik galtzen eta ez zaitu aspertuko. Iraultzaren 5 seme dira protagonista, iraultzarekin hazi zirenak, behinola sinestun zen belaunaldi kritikoko parte. Bizitzaren bidaiak bakoitza leku ezberdinetara eraman ostean, berriz elkartuko dira, eta pena zein alegrantziak partekatuko dituzte. Iraganaz hausnartu, poztu eta haserretuko dira bakoiztaren miseriak agerian uzteko. Habanan izan nintzela errealitate horrekin askotan egin nuen topo, eta filma oso zintzoa iruditu zitzaidan, alde batera utzita yoanisanchezkeriak eta apologia itsua.

Aukerarik bazenute, ez galdu bi filmok.

Ekaitza bainuontzi batean

4 pentsamendu “Cesar Chavez eta itzulera Itakara”-ri buruz

  • Cesar Chavezena ikusi nuen. Film ederra bai!!
    Eta apuntatu dut Retour to Ithaca. Eskerrik asko.

  • Kasu! Diego Luna da “César Chávez”-en zuzendaria eta Laurent Cantet “Retour à Ithaque”-rena.

    Eta uste dut César Chávez ez zela etorkin mexikarra, Estatu Batuetan jaio zen.

  • Ez horregatik, Oier.

  • Oier Aranzabal 2014-09-23 23:03

    Eskerrik asko Itsaso. Liatu nintzen, eskerrak nire lan-kideren bat zure iruzkinaz ohartu zen. 😉