Euskaldunoi debekatutako plazera

Euskaldunoi debekatutako plazera

Amaitu da Zinemaldia, banatu da saria, eta euskaldunok zorioneko egon gaitezke, luze-zabal izan baitugu haren berri. Telebista saio bereziak, blogariak, BERRIAn orrialdeak eta orrialdeak, kritikak, apustuak, sare sozialetan iritziak, iruzkinak, kritikak… Mundu osoan zinemako kultur erreferente nagusietakoa euskaraz jaso dugu egunik egun, ia zuzenean, gertatzen ari zenaren berri. Eta zenbat kazetari, kritikari eta kulturgile oro har haren gainean berriketan, euskaraz. Pentsa liteke guztiz normaldutako mundu batez dihardugula, hain luze zabal gure hizkuntzan, denak irakurri-ikus-entzuteko ere astirik ez.

Baina itxurakeria da dena, taularatze soila. Gurean elebitan egiten dira esku-orriak, programak, agerkari ofizialak, hasiera batean espainieraz idatzi eta gero euskarara ekarrita, ingelesera ekartzen den legez, itzulpen enpresa baten bidez. Eta hala, euskaraz iragartzen zaizkigu mila gauza, benetan euskaldunoi iragarriko balitzaigu bezala… baina zelofana kendu, opari-papera apurtu, eta barruan dagoena, edukia, hutsa da. Oparia ez da euskaldunentzat, espainieraz dakitenentzat baizik. Euskaldunek espainieraz dakiten neurrian baino ez dute opariez gozatzerik. Bistan da Hegoaldeko euskaldunek badakitela espainolez, eta beraz, euskalduntasuna atarian utzita espainiartasunean gozatzerik dute edukiaz. Berdintsu dakite espainolez udalera, medikuarenera edo beste edozein lekutara doazelarik, eta ondo tematzen dira hizkuntza-eskubideak dituztela eta arreta euskaraz izateko. Aldiz, denon diruz antolatutako zinemaldian euskalduntasuna zinemako atarian utzi behar delarik, espainolez jakitea inposatzen dietelarik, inori ez diot zirkinik entzun. Besterik ezean, Baigorriko lagunarekin joaterik ez dutela protestatzeko.

screen-shot-2016-09-19-at-22-32-12Sartu zara Zinemaldiko egitarauan. Film batzuk koloreren batekin azpimarratuta daude. Kolorerik gabe daudenak, proiekzio estandarra direnak “jatorrizko bertsioan eta azpitituluak gaztelaniaz eta ingelesez” dira. Tarteka larrosa kolorea ere ageri da, horietan azpidatziak espainieraz baino ez dira. Eta euskaraz… Zabaltegiko hogeitaka filmetatik dozena erdi, Perlas-en bi, eta han-hemenka pintzelada batzuk. Sail ofizialean, zero patatero. 2016an Zinemaldiko sail ofizala debekatuta dago euskaldunentzat, euskarazko hedabideetan bestelako irudia nagusitu arren. Horietako inork ez du film irabazlea euskaraz ikusi, beste edozein kultur ekimen baino merkeagoa izan arren hura euskaratzea.

Imajinatzen duzue El Pais-ek edo Liberation-ek 6-8 orrialde ematea 10 egunez film garrantzitsuenak alemanez proiektatzen dituen zinemaldi bati? Esnobismo ariketa itzela irudituko litzaiguke, egunkari horiek espainiera eta frantses hiztunentzat egiten dituztelako. Guk ere gure hedabideak euskal hiztunentzat zirelakoan, baina natural-natural iragartzen ditugu beste hizkuntza bat jakitea ezinbesteko duten kultur ekitaldiak, eguneroko zinema eta telebista-orrialdeetatik hasita. Errealitatearen printzipioa esango diote, euskaldunak elebidun izan eta erdaraz ereEuskaldunoi debekatutako plazera -areago, nagusiki erdaraz- kontsumitzen ditugu kultur produktuak. Egin kontu, normaltasunetik hurbilen ditugun hedabideetan horren barneratuta baldin badago diglosia, zein den normaltasunetik nabarmen urrunago dagoen hizkuntza-errealitatea. Eta honezkero baten bat haserretzen balebil, ez bedi uler Zinemaldiaren berri eman diguzuen lagunei eginiko kritika, itzela da euskaraz ere horren zehatz jasotzea edozein ekitaldiren berri. Baina egunerokotasunaren zurrunbiloan, badirudi oinarrizkoa ahaztu egiten zaigula. Espainol hiztun garen neurrian baino ez dugula Zinemaldiaz bere osotasunean gozatzerik. Eta ez dela onargarri 2016an Txinako eta Koreako filmak Euskal Herrian ikusteko espainiera inposatu beharra. Konparazio, Sitges-ko zinemaldiko webgunera jo, eta katalanez % 100 ez bada ere, hara sail ofizialeko proiekzioak (morez hizkuntzak)

Netflix Espainiara iristeaz bat, kanpaina garrantzitsua abiarazi zuten Katalunian, katalanez ere izan zitezen hano film eta telesailak. Ziur nago Katalunia independentean berehala lortuko dutela, behar bezala araututa, kultura, telebista kateak, HBO, Netflix eta enparauek katalanez emititzea dena Azpidatzita ziur aski, Portugalen edo Holandan bezala, baina Kataluniako merkatuan emititu nahi duenak, argi izango du hori. Gurean ez, ez baitugu merezi. Geure diruz antolatutako zinemaldietan ere ez ditugu euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzen, konforme gaude gure egileen erakusleiho izaten (batak bestearekin zerikusirik balu legez), eta izarrek berba pare bat euskaraz esatearekin, munduko kultura geureganatzeko espainieraz jakitea ezinbestekoa dela onartuta. Eta onartzen Cadizko turistak eskubide gehiago dituela Baigorriko lagunak edo espainiera ahazteko eskubidea nahi dugun Lutxo Egia guztiek baino.

Euskaldunoi debekatutako plazera Euskaldunoi debekatutako plazera

6 pentsamendu “Euskaldunoi debekatutako plazera”-ri buruz

  • “baina zelofana kendu, opari-papera apurtu, eta barruan dagoena, edukia, hutsa da. Oparia ez da euskaldunentzat, espainieraz dakitenentzat baizik” Gakoan heman dek.

    Gero eta gutxiago eta ahulago izatearen españolez pentsatutako testuen itzulpen kaxkarrak, eta oraingoz euskaraz, gero eta kanportar gehiago etorri, gu gero eta gutxiago izan, beste hizkuntzek lehentasuna izango dute.

    “Oparia”ren inguruan, bai, barrukoa, pelikulak, argi dago ZINEMALDIA gure hizkuntza eta kultura munduari aditzera emateko behar lukeena (beste guztiek euren kulturekin egiten duten bezala), Españiaren zinemaldia da, bertako alderdien ixiltasunak lagunduta. Badirudi beti, muga edo kontrol moduko bat dagoela, gurea pasatzen ez uzteko, eta pasatzen uzten den gutxia batzuentzako ahalik eta “inofensiboena” izateko.
    Adibidea, euskal mundu argi, era oso politean, eta bai pertsonai eszenario aberatsean erakusten duen “Kutxidazu bidea ixabel” pelikula koloretsu eta alaia aukera paregabea litzake. Baina herri edo nazio baten (gurearen, noski) kultura erakusten duen ororen difusioa OZTOPATZEKO estrategia dagoela nabari dut.
    Beste film batzuek ez duten arazoa, ” lore ena”, film illun, depresiboa, Norbegiarra edo Zelanda berrikoa dirudien film horietako bat, horrek ez du arazorik, edo zer esa “8 apellidos vascos”, españolak euskalduneiz buruzko ezjakintasuna eta “baya semanitak” asmatutako topiko pare baten batiburrilloa.

    Euskal filme geiago egon zitezkeen? Garai batetan bazeuden,80 garren hamarkadan,produkzioa aberatsagoa zen, ia denak hemengo gai politikoa jorratuz, norbaitek zuzenean hori moztea erabaki zuen arte.
    Gaur, euskarazko produkzioan sartzen denak, edo erdaraz baina euskal herriari, nazioari buruz hitzegiten, badaki laguntzarik ez edukitzeaz gain oztopoak edukiko dituela.
    Aldiz, produkzio unionista, NAZIO NEGAZIONISTA Atxagiano batek, bere filmak español eta euskal herriaren arteko desberdintasunak minimizatu eta antzekotasunak bultzatuko dituela jakinda (oraingoz ez frantsekiko) badaki administrazioaren eta komunikabideen laguntza osoa edukiko duela, (nik oraindik Matias Prats jaunarekin amesten det 4 albistetik behin ( APELLIDOS VASCOS etaz hitzegiten oraindik karteleran atera gabe edo berri zegoenean)

    • Jakina dugu hemen beti egon denak kriba idazle,zinegile eta abarrekiko.
      Idazle oso onak, “baina” abertzaleak oztopatu egin dituzte komunikabideek eta “sariek”.
      Beste batzuk aldiz Madrilen erregeak eta lagun minak bezala agasajatu dituzte, aipatu duzun Atxaga bezala,
      komunikabieak bultzatu dituzte. Komunikabideak bait dira artista bat edo idazle bat ona den edo ez erabakitzen dutenak.
      Beste batzuk aldiz 60 urte baino gehiagorekin Estatu Batuetara beka batekin doaz, erasmuseko ikasle gazte bat bailitzan.

  • Artikuluaren gaia ez dira euskarazko ekoizpena eta euskal kulturgileak, Zinemaldira datozen munduko filmak euskaraz ezin ikustea baino. Kataluniako zinemaldietan katalanez, espainolez eta ingelesez azpidazten da, eta Euskal Herrian espainolez eta ingelesez baino ez, eta inori ez dio axola, nonbait.

  • Batzuei axola digu Urtzi. Presio neurriak adostea dagokigu baina.
    https://zuzeu.eus/kultura/donostiako-zinemaldiko-filmen-euskararen-garapena/

    • Mila esker, eneko. Itzela da datuetan zehazten duzuena, nik hemen jaso nahi izan dudana baina askoz argiago. Eta eskandalua beharko luke denon diru publikoz egiten den ekimenean euskaldunak horrela baztertzea. Katalunian ere denek dakite espainolez, baina Sitges-eko datuak begiratzea eta gurea are onartezinagoa dela jabetzea da. Zirt edo zart egin behar ez den eremua da, gainera, hitzaldi baten adibidez bata ala bestea hautatzea da, dena errepikatu ala aldiberekoa kontratatu… baina filma euskaraz azpidazteak ez die ezer kentzen erdaldunei, berdin-berdin segi dezakete Zinemaldia. Benetan kezkatzekoak dira, bai ematen dituzuen datuak, bai euskaldunon erantzun eskasa ere.

  • Arrazoi, Urtzi!