EHZ. Sorgin zelaian gurea asma

EHZ. Sorgin zelaian gurea asma

Euskal Herria Zuzenean elkarteak ez ditu etxeko lanak bezperarako uzten. Otsaila asko aurreratzen hasi baino lehen aurkeztu dute aurtengo jaialdiko afixa. Polit askoa, nire ustetan. Koloretsua, informala, eta bereziki irudimentsua da. Kuriosoa oso, jaialdiko beste kartel batzuk bezala; berritzailea eta espartinekin, bai horixe!

ehzDuela bost urte ezagutu nuen lehen aldiz jaialdia. Sorpresa benetan atsegina izan zen, zentzu askotan. Jaialdia eredugarria da makina bat kontutan. Tokiko elikagaiak, musika nahasketa, auzolana… Elkartearen web orrian balore hauek aldarrikatzen dituzte, eta nik ikusteko aukera izan dudanaren arabera, praktikara eraman ere bai.

  • Euskal hizkuntza, kultura eta nortasunaren babesa eta sustatzea
  • Euskal presoekiko elkartasuna
  • Diskriminazio forma guzien aurkako borroka (arrazakeria, sexismoa, homofobia)
  • Eskubide zibil, politiko eta giza eskubideen aldarrikapena
  • Ingurumenaren defentsa
  • Alter mundialismoa eta internazionalismoa
  • Kapitalismoaren eta gain kontsumoaren gizarte kritika
  • Justizia sozialaren aldarrikapena
  • Kontra kulturaren aldarrikapena

Sare sozialetan agertu da ostiralean emango dituztela programazioaren lehen iragarpenak. Baina hori iritsi aurretik ere, nik jada erreserbatu ditut uztailaren 1,2 eta 3. Benetan gomendagarria da laguntzaile bezala joatea. Lan giro aparta topatuko duzue, eta ingurukoak gustura eta umore onean ari direnean, plazera da lana egitea.

Lan kontuak aterata, jakin ezazue jaialdian boluntario lana egiteaz gain, EHZ langile baten bila dabilela epe luzerako. Beharra edo nahia izanez gero, anima zaitezte, ziur esperientzia atsegina izango dela.

Pentsatzen dut antolakuntzak ostiralean emango duela leloaren azalpena. Bitartean, nire irakurketa sinplea egingo dut, baloreak eta leloa lotuz. Sorgin (kontra kulturaren aldarrikapena) zelaian (ingurumenaren defentsa) gurea (euskal hizkuntza, kultura eta nortasunaren babesa eta sustatzea) asma (kapitalismoaren eta gain kontsumoaren gizarte kritika).

Dagoenekoz irrikitan! Biba EHZ!

EHZ. Sorgin zelaian gurea asma

Zer duzu buruan “EHZ. Sorgin zelaian gurea asma”-ri buruz

  • Lehen hiru taldeak iragarri berri dituzte: Kadavar, Fermin Muguruza New Orleans Basque Orkestra eta Belako!