Europar Gazteen Topaketaren kronika (Gasteiztik begiratuta)

Vitoria (antzina “Gasteiz”, egun “Vitoria-Gasteiz”), gutxi arte behintzat, herri katolikoa zen. Agurgarria da bere alde zaharrean daukan ondare erlijiosoa. Agurgarria, bai, “agur” esan dakiokeelako, Vitoria-Gasteiz herri berria baita: izen berriduna, auzo berriduna, pertsona berriduna. Vitoria, herri zahar eta erlijiosoa omen. Vitoria-Gasteiz, berri eta agnostiko.

Beharbada (eta bere kide Bilbok edo Donostiak ez bezala) horregatik ez zuen Espainiako Gotzainen Elkarteak (aurrerantzean EGE) Estatuko elibarruti guztiei egindako deiari erantzun, Avilan denok topa gintezen, Gaztela Zaharrean hain erroturik dagoen santu baten bosgarren mendeurrena ospatzeko: Santa Teresarena hain zuzen.

Europa mailako oihartzuna zen, Europar Gazteen Topaketa izenez (ofizialki Encuentro Europeo de Jóvenes eta “#eej2015” Twitterren). Bertaratzeko zeuden espainolak, italiarrak, poloniarrak, frantziarrak, euskaldunak… Eta gasteiztar bakarra, ni neu, Burgosko Gaztedia-Delegazioaren eskutik, honi esker jabetu bainintzen ekitaldiaren existentziaz. Gure elizbarrutian inork ez zuen jardunaldia iragarri.

Hurrengo lerroak Burgosko taldearekin egin nuen bidaiaren kronika dira, edozein gazte kristaurentzat interesgarria daitekeen ebentu honen harira.

Europar Gazteen Topaketaren kronika (Gasteiztik begira)Irteera

Cid konkistatzailearen aberritik abuztuaren 4an abiatu ginen 30 gaztek osaturiko tripulazioa, Burgos, Miranda eta Arandatik etorriak, tokiko arduraduna kapitain genuela, eta autobus oso bat ontzi. Irteera ez omen zen oso atsegina izan herriko itsaso bareetatik zebiltzanentzat: Burgosko kale lasaietan hainbeste gaztek sorturiko olatuek atentzioa deitu zuten nonbait. Baten batek, gal ez gintezen generaman gurutza ikusita, kanoikada ere bota zigun: “¡¿Qué vais, a violar niños?!“.

Ekaitzik gabeko bidaia baten ondoren, Segoviara heldu ginen, Teresa Ahumadak 1574an ezagutu zuen hiri zaharra. Bertan itsaroten zeuden Claret institutuko hainbat boluntario, EEJetara zihoazen tripulanteak laguntzeko. 2,000 bat pertsona izango ginen han.

Claret zentroko polikiroldegi erraldoia jada prest zegoen handik bi egunera Avila abordatuko zuten pirata guztiei ostatu emateko: lo-zorroak uzteko tokia zabalik, dutxak prest eta – egun bizirauteko oinarrizko – segapotoak kargatzeko entxufe sorta. Hain zen/da inportantea azken premia hau, 8ko gauan Monsinore Novell-ek Avilan esandako omilian zera ere bota zuela:

Zuri… nola azaldu zenbat maite zaitudan. Zuri, smartphone delakoaren garaiko horri. Zuri, aparailu bitxi honen bidez, edozer egiteko gauza zarena. Zuri, egun hauetan loki bila zoro moduan ibili zarena.

Oraindik ez zen Espainiaz besteko europarrik bertaratu. Etortzeko zeudenak, aurreratzen da, italiarrak eta poloniarrak ziren gehienbat. Antza denez, deialdia ez zen kontinente zaharreko Iparraldera ailegatu, Arabara ere ez bezala.

Hispanoen artean, ia erdia andaluziarrak ziren, ezagutzeko errezak: Sureñoak non, algara eta txaloak han. Gaztela eta Meseta aldekoak, zuhurragoak edo, laurdena izango ziren, eta beste guztiak, Madrilen dioten bezala, “probintzietakoak”, norbera bere sorterriko banderarekin. Ikusgarri beraz gailegoak, kanariarrak, katalanak… Bai eta bizkaitar talde txikia ere, ikurriña erraldoia eskuetan eta bertoko erlijio nagusienaren ikurraz: Athletic-en kamiseta hain justu. Euskotarrak ikusteko nuen gogo bizia piztu zidaten, eta Probidentziaz edo, handik bi egunera On Esteban Munilla ikusiko nuen, seminarista talde batekin. Gasteiztik, Andra Mari Zuria edo.

Bihotza zabalik

Segovian geundela ederki asko ikusi genuena A corazón abierto musikala izan zen, Burgosko Seminarioak bultzatutakoa. Gau erdira arte Juan Bravo antzokian egon ginen, ia profesionalak ziruditen hainbat gazteren performance-az gozatzen. Istorioa, gazte errebelde baten bizitza, barne-suak gogaiturik, Jainkoaren urek bera apaldu eta apaiz bokazioa sentitzen duena. Kalitate artistiko galanta, baina gure garairako gai arriskatua (zer esango ote zuen Burgosetik aterata “tiro” egin zigunak?).

Konkista

Gauak guztiok harrapatu gintuen; loak ordea ez, baldintza bereziengatik askok ez baitzuten begirik bildu. Hala ere, energia nahikoa metatu genuen biharramunean Segovia goitik behera ikusi eta akueduktuaren hiritik, harresienera bidaiatzeko. Ez nituen inoiz ikusi ez bata eta ez bestea, eta suposatzen dut bigarren horretara zetozen europarrek ere ez.

Mediterraneo aldetik gazte-armada etengabea zetorren, Teresa Deuna altxor, eta Avilako harresietan barrena hiria bereganatu zuen. Tokiko prentsak egunero eskaintzen zien azala eta erreportaje bana konkistzaileei. Eta udala, gertakariaren tamainaz jabetuta, bere jauregia erabiltzen ere utzi zien (Lienzo Norte zentroa), eta alkatea bera ere errenditu zitzaien, inbasoreak bere erreinu guztiaz jabetzera animatuz. Behar-beharrezkoa ekonomia turistikodun erresuma txiki batentzat.

Europar Gazteen Topaketaren kronika (Gasteiztik begira)
La Voz del Desierto talde katolikoa.

Avila berreraikiz

Hurrengo egunetan, bolondresak jo-ta-ke ibili ziren Lienzo-n bazkariak emanez, bertaratutakoen zalantzak argituz eta ostaturatzeko orientazioa emanez, den-dena Udalaren laguntzaz, segurtasunaren berme.

Dena zentroaren inguruan mugitzen zen, muntatu zuten eszenatoki apartaren aurrean. Bertan aritu ziren, gauez, aurretik ezagutzen ez nituen hamaika musikari kristau, bai aski ezagunak diren bestelako artista espainiar batzuk ere, hala nola Santi Rodriguez umorista edo Mertxe abeslaria, euren sinismenak konfesatuz, euren artea eskaini zigutenak (monologoa batak, abesti sorta besteak). Egunean zehar, Teresaren bizitzarekin zerikusia zuten tokiak bisitatzen genituen.

Babeleko harresia

Mezak, bezperak eta Gaztela Leongo gotzainen zein EGEko kideen bisitak ez ziren faltan izan. Azken hauek, ekitaldiaren arrakastarekin zoratzen zeuden. Baina arrakasta “tokikoegia” zen: nahiz eta 5.000 bat lagun bertaratu, %80 inguru espainiarrak ziren, eta gainontzekoen zoritxarrerako, ez zen kontzertu/omilia bakar bat ere Shakespeare-ren hizkuntzan egin. Ekitaldiaren ereserkiak (gazteleraz) zati bana zuen ingelesez eta italiarrez, eta azken eguneko mezan, irakurgaiak bi hizkuntza hauetan ere egin ziren. Bai eta polonieraz eta frantsesez ere. Horretaz aparte, ekitaldiaren komunikazio osoa (webgunea, sare sozialak, tokiko seinaletika…) Teresaren mintzoan egin ziren.

Bada hizkuntza bat, latinera, mezetan jendea elkartzeko erabiltzen dena, batez ere Vatikanoan eta nazioarteko ebentuetan. Kasu honetan, ezta hurrik eman ere. Espainian daukagun hizkuntzen erabilera kaxkar horrek Avilako harresien barrura bota gaitzake, Aita Santuak aipatzen dituen “periferiatara” baino.

Nola edo hala, hizkuntza ez zen traba izan #eej2015 hashtag-a mundu mailako trending topic bihur zedin, 7ko gauko kontzertuan.

Amaiera

Abuztuaren 8a eta 9a ere heldu ziren, eta eurekin Monsinore Xavier Novell katalana, EGEko Gaztedia Saileko arduraduna. Bezperako omilia bikaina egin zigun gauez, 13TVk plazaratu zuena. Hurrengo egunean, RTVE gerturatu zen, ospaturiko meza masiboa bere kanaletik botatzera.

Meza handi horrekin amaitu zitzaigun astea. Bazen momentua norbera bere periferiatara itzuli eta gazte kristau mordorik ez dauden tokietan barrena murgiltzeko. Eguneroko bizitzan tokatzen zaigu, Teresak zioen bezala, “Jainkoa lapikoen artean” topatzea; eta lapiko horietan jakin behar da barne-bizitza irakiten eta izpiritua behar-bezala zerbitzatzen. Ez da lan makala. Egun hauetan sikiera sua piztu egin zaigu.

 

Europar Gazteen Topaketaren kronika (Gasteiztik begira)

 

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"

2 pentsamendu “Europar Gazteen Topaketaren kronika (Gasteiztik begiratuta)”-ri buruz

  • Feministak ez dute Zuzeu mehatxatuko oraingoan? Erakunde kriminal, gezurti, dogmatiko, atzerakoi, herri saltzaile, fundamentalista eta pederasta bat Zuzeun publizitatea egiten eta guztiok isilik egon behar?

    Feminismoa negozio bat da eta Euskal Herriako mugimendu independentista neutralizatzera dator, edo dagoeneko lortu du. Sortuk eta Zutik Euskal Herriak mugimendu osoa likidatu du, presoak bertan usteltzen utzi eta independentismoa eta komunismoa abandonatu ditu. Orain independentismo berri bat sortzera berriz. Zerotik.

  • ” Baina arrakasta “tokikoegia” zen: nahiz eta 5.000 bat lagun bertaratu, %80 inguru espainiarrak ziren”

    “¡¿Qué vais, a violar niños?!“.

    Uste dut beren burua ebidenteegia dela zer motako ekitaldia izan zen. Herriak zapaldu. Umeak bortxatu.