San Fermin festak zuriz jantzi zirenekoa

San Fermin festak zuriz jantzi zirenekoa –

«Iruindar gehienak (eta beraiekin batera turistak), uztailaren 6-an zuriz jazten dira, pentsatu ere egiten ez duten ohitura automatiko batekin, festak horrela eskatuko balu legez. Hau da, kontu askorik eman gabe.

Zuriz jaztea hedatzen joan den ohitura izan baita 80ko hamarkadatik aurrera batez ere; orain dela berrogei urteko argazkiak begiratu besterik ez dago-eta, konturatzeko orduan inor ez zihoala zuriz jantzita. Gaur, ordea, festarako ezinbesteko uniforme bihurtu da Cortesetik Baionara arte, baita Huesca eta Teruelen ere!

San Fermin festak zuriz jantzi zirenekoaGaur mundu guztiak daki ideia Jarauta kaleko La Veleta peñako mutikoek izan zutela 1931n, seguruenera gehienak pintoreak zirelako, eta bide batez, ardo orbanak eskuz igurtzi beharrean zuzenean lixibaz garbitu ahal izango zituztelako. Ez zieten askok jarraitu hasieran, baina sekulako arrakasta izaten bukatu dute.

Akaso hain ezaguna ez dena gazte haiei Molak Iruñean kolpea eman ostean jazo zitzaiena da.

Gutxienez haietako bi, Honorino Arteta (CNT-ko anarkista) eta José Zapatero Barea (PCE-ko igeltseroa) Iruñeko kartzelan gatibatu zituzten, eta 1936ko abuztuaren 23an, Olaechea gotzainak gidatzen zuen Santa María la Real prozesioarekin batera, beste 50 presorekin Bardeetara eraman zituzten, non falangista eta erreketeek Valcarderako sarraskia egin zuten, gerora Bilboko gotzain izatera iritsiko zen Antonio Añoveros presente zela.

Fusilatuko zituztela igarri bezain pronto korrika hasi ziren biak ala biak. Zapatero bizkor bota zuten behera, baina Arteta hankan baino ez zuten tiroz jo, eta Aragoi ibaian zehar ihes latz baten ostean, muga igaro eta salbatu zen. Alta, ez zen hemen bukatu pairatu behar izan zuten ankerkeria.

José Zapateroren amari, Estanisláa izeneko 70 urteko zaharra zela, ilea kaskamotz moztu eta hirian zehar erabili zuten harrikada eta iseken artean. Bere semea erail eta gero, gainera, oraindik ere gaztea soldaduskara deitzen zuen gutuna jaso zuen. Familiak kolpea eman zutenen beste umiliazio bat zela uste zuen, baina bere anaiak Komandantziara jo behar izan zuen, José Valcarderan fusilatu zutela jakinaraztera. “Hitz hauek entzunda, Oyaga teniente koronelak, jauzi bat eginda zutitu eta (…) amorruz piztuta, ihardetsi zion oihuka: Zoaz, irten ate horretatik damutu eta presondegira bidali baino lehen. Franco-ren Españan ez da inor fusilatzen; hemen falta dena desagertua dago!”.

Laurogei urte geroago, San Ferminetan zuriz janztea dagoenik eta ekintza ez politikoena da. Eta hala ere, gaur esangura argi bat izan beharko luke, gazte errepublika zale haiei gorazarre legez; Mola eta erreketeek Nafarroan milaka erail zituztela salatzeko.

Kontrara, zuri aratza Alta Pamplona delakoaren ikur bilakatu da, bat-batekotasunaren kontrakoa, parranda narrasari aurre egiten diona… Honako jarrera barcinismoaren urte luzeetan indartu da, ekitaldi ofizialetara zuriz ez joatea onartezina bihurtzeraino; Barcina alkate zela zuriz ez zihoanari entzierroan parte hartzea galaraztea ere aztertu zuten. Bestalde, erantzun simetriko eta tipiko batean, gero eta gehiago dira zuriz janzteari muzin egiten dioten iruindarrak (eta ugaritzen doaz koadrodun zapiak, mendiko botak…), akaso ez arrazoitutako erantzun gisa, baina bai azken urteotako “blanquismo barcinista” horren kontra.

Azken finean, jazkera zuria errepresioaren kontrako ikur gisara baztertua izan da, langilegoaren ikur gisara (Veleta peñako aitzindariak halaxe ziren), eta Iruñeko beautiful people-aren apaingarri bihurtu da, oharkabean jazo den fenomenoa, baina esanahi politiko eta soziologiko sakona duena».

Goian modu librean euskaratu dugun pasartea “Navarra 1936: ¿víctimas sin verdugos?” testutik hartutakoa da, Iván Giménez-en “El corralito foral” (Pamiela, 2015) liburuan aurkituko duzuena eta guk argitaletxe nafarraren blog-etik jaso duguna. Modu honetan omendu nahi izan dituzte La Veleta peñako kide errepresaliatuak, festa zurigorriz janzten aitzindari izan zirenen ondorengoek bota baitute aurten txupina. Gora!

.

* Pamielaren blog-ean, gainera, Honorino Artetak, La Veleta peñako kideak, bere ahotik kontatzen du Valcarderan fusilatzear zirela egin  zuen ihesaldia, 1936ko abuztuaren 23an; Galo Viergek jasotzen du lekukotza “Los culpables” (Pamiela, 2006) liburuko pasarte batean.
San Fermin festak zuriz jantzi zirenekoa San Fermin festak zuriz jantzi zirenekoa San Fermin festak zuriz jantzi zirenekoa

Zer duzu buruan “San Fermin festak zuriz jantzi zirenekoa”-ri buruz

  • Gaur ikurriñaren gaiarekin inoiz baino historia gehiago ikasiko dute gaur askok. Hezkuntzaren egoera larria da oso.