Atzoko ekitaldiaren gaineko ohar batzuk

Hurrengo lerrook idazten hasi aurretik, aitortu nahi dut oso erosoa dela sarrera eta ohiala erosita atzokoa kritikatzea (betiere berba zentzu zabalean ulertuta). Gure Esku Dago ekimenaren baitan daudenen lana goraipatzekoa izan da, ez baita erraza hainbeste jende sinkronizatzea. Hauxe behin esanda, goazen atzo arratsaldetik buruan dabilkidanari bidea ematera:

Atzoko ekitaldiaren gaineko ohar batzuk

 

1- Ohialak jostea ideia bikaina iruditu zait. Nik uste dut nahiko orijinala izan dela eta aldarrikapenaren harira ondo ekarria ere bai. Gure Esku Dago-k egin zuen proposamenak parte hartzearen ideia ederto islatzen du, ez bakarrik sinbolikoki edo estetikoki; baizik eta praktikoki ere: bakoitzak nahi izan duena idatzi ahal izan du ohialean eta atzo goizeko ekitaldian irakurri ahal izan genituen jendearen ekarpenak, geure ekarpenak alegia; elkarrekin josita. Ozenago bai, baina argiago ezin esan. Bikain.

 

2- San Mames barrian jende andana bildu ginen. Argi eta garbi dago edozein aldarrikapen arruntak ez dituela 25.000 lagun biltzen. Urtarrileko manifa aipatu da baina gogoratu behar dugu presoen aldeko manifestazioa nazionala izaten dela, San Mameseko ekitaldia Bizkaia mailakoa izan zen, ordea. Hala eta guztiz ere, Gure Esku Dagok San Mames barria jendez betetzea helburutzat zeukan eta ez du lortu 50.000 pertsonak ekartzea. Erronka ez dugu gainditu, beraz, eta hori ukaezina da. Besterik esatea errealitatea nahietara modaltzea da.

 

3- Ekitaldiaren gainean Beñat Sarasolak nik baino askoz hobeto islatu du pentsatzen dudana. Goizean lagunei erdi txantxetan komentatzen nien halako egunotan beti egoten direla bertsolariak. Motz geratu nintzen topikoak aipatzean. Eredu hori gainditu beharrean gaude. Ez dakit nola baina hala izan behar du, bestela bazterreko eredu bilaka liteke. Hori gutxi balitz, San Mamesen ia ez genuen ezer aditzen. Beraz, luze, aspergarri eta astuna izateko itxura zuen ekitaldia bi bider luze, aspergarri eta astunago iruditu zitzaigun. Hori bai, gustatu zitzaizkidan Euskal Herriko beste kulturei egin zitzaizkien keinuak (flamenkoa eta Senegaleko musika), freskotasuna eman zien ekitaldiari. Hortik etor dakioke eredu berritzea.

 

4- Pozten nau Dima eta Isparteko herriek 2016an erabaki eskubidea gauzatuko dutela jakiteak. Etxarri Aranatz eta Arrankudiagak hasitako bideari segida ematen baitiote. Hala eta guztiz ere, herri biak ez dira oso esanguratsuak Bizkaia mailan, ez biztanle kopuru aldetik, ezta sinbolikoki ere. Honekin zera esan nahi dut: Arrankudiagarekin bezala, zerbait sinboliko bihur liteke galdeketak deitzea. Badakit Arenys de Munten eredua hor dagoela baina oso eszeptiko naiz eta zaila egiten zait sinistea hemen horrelako kutsadura gerta daitekeenik. Nik uste Gernikan antolatzea lortuko balitz, mahai-gainean jarriko genukeela gaia, areago Espainako gobernuak galeraziko balu.

 

5- Gure Esku Dagok atzo hutsik egon ziren aulkiak betetzera deitu du eta horixe izan behar dugu helburu. San Mamesetik irtetean galdera bat ibili zitzaidan buruan: nola erakarri Bilboko abertzale erdalduna honako ekitaldi batera? Uste dut hor dagoela gakoa: Gure Esku Dagok ez du asmatu EAJri botoa ematen dion Memorial edo Pozasera poteatzera joaten den bilbotarra erakartzeko orduan. Berriki Hasier Arraizek Berrian esan zuen : “estrategikoki Euskal Herrian hegemonia nahi badugu, hori Bilbo Handia deiturikoa irabazita etorriko da” eta erabaki eskubidearen etorkizuna bide beretik doala esango nuke.

 

Esan gabe doa edozein puntu dela eztabaidagarri, ez naizela egi bakarraren jabe eta seguraski ez dudala Amerika deskubritu, beraz argi gera dadila boteprontoan bota ditudan oharrak iritzi xumeak besterik ez direla; eraikitzaile izatea helburu dutenak.

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.