ZuZeu eta kazetaritza gaztea

ZuZeu eta kazetaritza gaztea

ZuZeu eta kazetaritza gazteaUrtean pare bat aldiz Euskal Herriko kazetaritza eta ikusentzunezkoen fakultateetara eta antzeko erakundeetara joaten gara ZuZeu zer den agertzera. Internet erabili zalea den euskaldun ororentzat dagoela egina esaten diegu, eta animatzeko.

Bide batez saiatu egiten gara kazetari on berriak detektatzen eta ZuZeuri laguntza eman diezaiokeen zernahi arrantzatzen. Beti izaten da berdintsu, Donostian, Gasteizen, Baionan edo Bilbon. Denetan entzun izan ditugu hitz ederrak, biziki poztu gaituztenak, baina denetan ikusi ditugu bekozko tristeak ez-ezik, begirada izuak. Badirudi galdetu nahi dutela “zein da gure etorkizuna, zein du egitekoa euskal kazetari gazteak gaur eta hemen?” Edo antzeko zerbait.

Hitzaldi horietatik ia beti itzuli izan gara ilundurik edo, bederen, tristaturik. Erantzun egoki bat eman ezinak, antzu egiten baitu hitzaldi oro.

Hala ere, sei urtetako ibilbide honetan, ZuZeuk jende eder askoa aurkitu du bidean, lagun eta laguntzaile bikainak, erabiltzaile eta zaleak… denetarikoak. Baina ez da aski, beste zerbait behar da. Zer, ordea?

ArnasaLuzeaUrtebete baino gehiago da gogoeta egin genuela eta euskal kazetaritza gaztearen alde zerbait egin behar zela erabaki genuela. Hortik sortu zen ARNASA LUZEA deitutako egitasmoa, besteak beste, auzolanaren bitartez edo, hobeto esanda, auzo-ordainketaren bidez, kazetari gazteei  euskarazko kazetaritza lan luze eta sakonen bat egiten laguntzeko bidea ekarriko zuena. Dirua inguratzen laguntzeaz gain, aholkua eta babesa eskainiko zion ZuZeuk hala merezi zuen egitasmoari. Estrategikotzat jo genuen hori ZuZeuren baitan, orainkari izaten jarraitzeko arrazoi ederra, zinez.

Baina gauzak ez dira errazak, kamarada. Handik hona, bi egitasmo bakarrik aurkeztu zaizkigu ARNASA LUZEra eta bietatik bat bazterrean utzi behar izan dugu, beste nonbaiten zeukalako aurrez izena emanda.

jauziaKontua da Ibai Agirrebarrena bidaxundarrak ekarri zigula JAUZIA izeneko proiektua. Lyonen zientzia politikoak ikasitakoa da bera, eta Leioan ari da ikusentzunezkoak amaitzen. Ez da, gero, ahuntzaren gauerdiko putza berak dakarrena, jakin baitu bere inguruan lagun eta lankide taldea osatzen,  grafista, kameralari eta bestelako. Gaztearen oldarraz da baliatu, behar zituenak oro inguratzeko.

Hautatu duen gaia, nazionalitate frantziarreko zenbait herritarrek zergatik babestu ote duen euskal iheslari jendea. Horixe kontua eta kezka, era landuan emana, idatziz, argazkiz eta ikusentzunezkoez.

Aurki hasiko gara ZuZeun argitaratzen, ekainaren 8tik, oso oker ez banaiz. Emaitza oso landua Agirrebarrenak ekarriko diguna eta, finean, euskarazko kazetaritzari ekarriko diona.

Hainbeste ahalegin eta denbora eskatu dion zeregina ordaintzeko, 4.800€ zituen eskatuak auzo-ordainketa bidez eskuratzeko. Idatzi honetan dihardudan tenorean 3.260 dauzka lortuak eta, beharrezko zifrara iritsi ala ez, lan hori amaitu egingo du Agirrebarrenak eta argitaratu egingo du ZuZeuk, egindakoak merezi duelakoan. Alabaina, garaiz zaude oraindik laguntzeko, zeure apurra gehitzeko, egun eskas batzuk falta baitira oraindik kanpaina amaitzeko.

Segur gaude poz handiko unea izango dela argitaratzekoa Bidaxuneko kazetari gaztearentzat, baina baita geuretzat ere, Zuzeu bideratzen dugunontzat eta erabiltzen duzuen guztiontzat ere bai. Eredu bat sortu baita ibiliaren ibilian: euskal kazetaritza kontsumitzen duen komunitate batek, bultza egin dio kazetari gazte bati bere ametsetako lana burutu dezan. Eta bide batez denok izanen gara aberatsago, kazetaria, irakurleak eta baita euskal kazetaritza bera ere. Euskara, azken finean.

Segur gaude aurrerantzean ere aurkeztuko zaizkigula egitasmo gehiago euskal kazetari gazteen aldetik, horretarako egiten dugu hemendik dei, eta gure komunitateak jakingo duela intereseko lanak bultzatzen, erreportaje eta kronika handiak argitaratzen, bestela sekula kontatuko ez liratekeen istorioak gauzatzen…

Arnasa Luzea jarri diogu izena ZuZeutik horretarako bideari, baina, egiten dugun gainerako guztia bezala, zu zeu behar zaitu tarteko. Bestela jai dago.

 

zuzeu.eus

ZuZeu eta kazetaritza gaztea

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)