Azoka plazen garaiaz

Azoka plazen garaiaz

Azokak, izaera unibertsala duten elikagai freskoen salerosketarako erreferentziazko gune esanguratsu eta sinbolikoa dira. Bisitari eta erosleen begien plazerrera atondutako kolore festa eta usainen paradisu. Baserritar eta ekoizleen plaza, sasoian sasoiko produktuek argitzen dute asteroko zein eguneroko ikuskizuna. Ibilbide humanoa da, baserritar, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko interpretaziorik eder eta aberatsenak bertan ditugu.

Azoka plazen garaiazJendartearen aktibitate sozialaren behaketarako gune pribilegiatuak dira: herritarren bilgune, informazioaren elkartrukea eta ezagutzaren partekatzea gertatzen den espazio publiko esanguratsuak diren heinean. Herrien eta herritarren tradizio eta kulturaren berri ematen digute. Jendearen elkargune eta transakziorako espazioak, tokian tokiko harreman sozialak bizirik dirauten gure herrietako altxor ahaztuak ditugu. Bertako produktu eta herritarren gertutasunak, herrien bizimodua ezagutzearen hurbiltasunak, turismorako erreklamo esanguratsu bihurtu ditu.

Argazki kamera lepotik zintzilik, mugikorra batetik bestera mugituz edonondik datozen turisten atrakzio bilakatu dira azoka-plazak. Batetik bestera, hura ikusi, hau ukitu, hari eta honi argazkia atereaz. Turistak, leku berriak bisitatzerakoan, bertakoaren eta autentikoaren peskisan ibiltzen dira. Bere jatorri edo ingurune hurbilean ez dagoenaren bila, ezberdintasunaren eta exotikoaren bila, eta bide batez turistikoa ez denarena. Alegia, tokian tokiko eguneroko bizimodua, espazio eta denboraren baitan ainguratzeko bilaketa etengabea da turistarena.

Azoken bilakaera eta gizarte aldaketei egokitzeko ahalmena begi bistakoa da. Gizarteak sortu, erabili, birmoldatu eta partekatzen dituen azoken dinamikotasuna eta etengabeko garapena aurrera doaz. Turismoak keinu egin eta produktu turistiko moduan garatzeari ekin diotenen adibideak ere ezagunak dira. Herritar, kontsumitzaile, baserritar, ekoizle eta turisten arteko elkarbizitza dugu aurrean. Eguneroko elikadura ohituren praktika, diskurtso eta ibilbideari, aktore berriak gehitu zaizkio. Oreka mantentzean dago gakoa. Ez da erraza baina. Mendetako historiari segida emanez, herrietako gune estrategiko, pribilegiatu, sozial eta kulturala izaten jarraituko dute denborak aurrera egin ahala.

Azoka plazen garaiaz

Gastronomia, elikagai eta elikadura kultura, jendartea, tradizioa eta tendentzia berrien behatzailea