Stand By

Kontent nago: ekainean Iruñean egitekoa den mahai-inguru batera gonbidatu naute, baina ezin naiz joan. Tira, ez nago kontent joateko gogorik ez dudalako; aitzitik, pena ematen dit mahai-inguru hori galdu behar izateak, gustura hartuko nukeen parte. Kontent nago mahai-inguruaren egunean, lantokian ikastaro bat paratu digutelako, eta, hortaz, ez dudalako erabaki behar izan baietz edo ezetz erantzun nahi ote nion jaso nuen gonbidapenari. Halabeharrak hartu du erabaki hori nire partez, eta, horri esker, ez naiz astebetez edo hamar egunez agonia batean ibili, pentsatzen horrelako mahai-inguru batean ekarpen interesgarririk egiteko maneran ote nagoen, edo, parte hartuz gero, solaskideen mailakoa izanen ote naizen. Sufrikario hori saihestuta, orain lasai aski, malenkoniatsu, pena sentitzen ahal dut inoiz izan ez dudan parte hartzeko aukera horren galeragatik.

Duela guti, bigarren aldiz irakurri dut Bertol Arrietaren Alter ero ipuin liburua, eta, lehen irakurraldian bezala, narrazio batzuk –“Ordezko atezainaren balada” edo “Stand by”, adibidez– bikainak iduritu zaizkit. Eskolan, ikasleekin batera egin dut bigarren irakurketa hau, eta, ondotik, egilea bera gonbidatu genuen gurera etortzera eta liburuaz mintzatzera. Bertolek, bertzeak bertze, kontatu zigun akabera irekia duen ipuin batek bazuela, hasmentako bertsioan, akabera hetsiago bat. Lehen bertsioko akabera hori ez da liburuan, baina orain badakit noizbait existitu dela –eta badakit zein den, guk eskatuta kontatu baitzigun–; are gehiago, baliteke oraindik existitzea egilearen ordenagailuko artxiboren batean. Idazlearen buruan eta testuaren noizbaiteko bertsioren batean izan den baina sekulan publikatu ez den bukaera ezagutzeak irakurleari gogoratzen ahal zaizkion bukaera guziak deuseztatzen ditu? Nora joaten ote dira ipuinak sobera hesten dituztelako ezabatzen diren akaberak? Ba ote da bazterturiko amaieren linborik? Uneren batean egilearen asmoa hau izan zela –eta ez bertze hura– jakiteak noraino mugatzen du gure askatasuna?

Bertze adibide bat emanen dut: In the mood for love (Maitatu nahian) filmean, Wong Kar-wai zuzendariak elkarren ondoan bizi diren gizon baten eta emazteki baten istorioa kontatzen digu. Zantzu batzuk direla eta, biak ohartu dira beren bikotekideek abentura bat dutela elkarrekin; horrek ematen dien mina arintzeko asmoz hasi dira elkarrekin egoten, elkarrekin kafea hartzen –edo tea, edo Hong Kong-en hartzen dena delakoa–, elkarrekin afaltzen, elkarri konfidentziak egiten. Hondarrean, jakina, elkarrekin maiteminduko dira; halere, beren bikotekide infidel horien eredutik ihes egin nahian, ez dira inoiz maitasun hori adieraztera ailegatuko –ez esplizituki bederen–. Behin, elkarrekin suertatuko dira hotel batean, baina filmean ez da argi gelditzen hotel horretan zer gertatu zen, deus gertatu bazen. Bilduma-egileendako DVDak dakartzan eduki osagarrien artean, ordea, bada bazterturiko eszena da, hotel hartan pasatutakoari buruz zalantza izpirik uzten ez duena –eta, horregatik, niri filma hondatzen didana: zeri eman behar diot lehentasuna, eszena hori baztertu izanari edo, baztertuta ere, DVDko eduki osagarrien artean sartzeko egokitzat jo izanari?–. Ekaineko nire ikastaro hori bezalakoak dira bazterturiko –baina hala edo nola publiko eginiko– eszenak eta akaberak; alegia, berez, geronek ebatzi beharko genukeen problema baten soluzioa ematen digute, eta, horrela, askatasuna murrizten digute –edo, nondik begiratzen zaion, agonia latz batetik salbatzen gaituzte–.

Ez Wong Kar-wai bezain fin, baina ni ere zinemagintzan aritu naiz joan den asteburu honetan. Beldurrezko labur bat – osagaiak: punta zorrotzeko hiztegi bat, zonbi erdaltzale bat, bildots begi batzuk, odol artifiziala…– egiten aritu nintzen konpainia ederrean –tira, “nintzen”, naski egokia da aritu zirela erratea, nire laguntza hutsaren hurrengoa izan baitzen; eta tira, “beldurrezkoa”, Beñat Iturriozek behin ederki laburbildu zuen kontua: gure filma ez da beldurrezkoa, ez baitu beldurrik ematen, ematekotan, lotsa ematen du–. Ederki pasatu genuen eguna, baina orduek aitzina egin ahala eta nekea nire kideen aurpegian igarri ahala, guziei barkamena eskatzeko gogo izigarria sentitu nuen istant batez: azken batean, filmatzen ari ginen hura martxan jartzeko lehen urratsa nik emana zen, baina gainerako pauso guzien zama haien bizkar gainean zegoen. Bueltan, nire erru sentimendua aitortu nion gure aktoreetarik bati –nirekin heldu baitzen autoan–, baina hark erran zidan ez sentitzeko gaizki, guziek libreki emana baitzuten baiezkoa. Erantzuna eskertu banion ere –eta oraindik eskertzen badiot ere–, ez nintzen lasai gelditu.

Zerbait libreki onartzen dugularik, hortik etor litezkeen ondorio guziak gure gain hartu behar ditugu nahitaez? Zer da hobe, mahai-inguru batera joateko gonbidapenari baietz erratea eta gero penagarri aritzea –edo ezetz erratea, eta gero damutzea–, ala ikastaro baten aitzakian gonbidapenari uko egin behar izatea –eta, ondotik, marmarka eta protestaka aritzea beti horrelako mahai-inguru eta jardunaldi interesgarriak galtzera kondenatuak garelako–?

Stand by du izena Bertol Arrietaren liburuan gehien gustatzen zaidan narrazioak. Bertan, protagonista gustuko ez duen gai bati buruzko doktorego tesia irakurtzekotan dago; denbora luze baten buruan eta familiak ikastea nahi zuena ikasi ondotik, uste du, hondarrekoz, astia izanen duela nahi duen guzia egiteko –irakurtzeko eta idazteko, batez ere–; alta, badaki –lana dela, familia dela, hainbat kontu direla– berak imajinatutakoa ez bertzelako bizi bat duela esperoan, eta bizi horretan ere –orain artekoan bezalatsu– neketan egiten ahalko duela berak egin nahiko lukeen hori. Ipuinean, une batean, dena alde batera utzi, ihes egin eta aske bizitzeko aukera ikusiko dugu gure protagonistak maleta bat daraman pertsonaia xelebre baten figuran. Izan ere, honi maleta ebatsi eta munduan ibiltzeko tentazioa izanen du gure protagonistak, baina, azkenean, tesia irakurtzera eta zain duen bizimodua onartzera deliberatuko du. Narrazioan, protagonistak benetan aukeratzen du maleta eta maletak eskaintzen zion askatasuna alde batera uztea? Edo maleta zeraman pertsonaiaren estrainiotasun horren bidez idazleak erakutsi nahi digu ipuineko protagonistarendako beranduegi dela, eta askatasuna soilik erdi amestutako figura arraro eta kasik irreal horren bidez irudikatzen ahal dela? Nolako akabera da protagonista horren etorkizuna, irekia edo hetsia?

Bertol Arrieta gure eskolara etorri zen egunean, noizbait garagardo bat elkarrekin hartzekotan gelditu ginen: zerbeza horren bueltan galdegin beharko diot, zeren beharbada nire zalantzak argituko dituen testua idatzia zuen, eta baztertu egin zuen.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.