Ergatiboa, Diskriminatiboa, Leku Genitiboa

Ergatiboa, Diskriminatiboa, Leku Genitiboa

Duela aste batzuk, Rita Barberà Valentziako alkateak eginiko pregoiaren caloretean, gaia klasean aipatu eta bi ikaslek defendatu zuten valentziera eta katalana hizkuntza diferenteak direla. Ez zuten militante defendatu, zintzo eta natural baizik, bi urteko mutikoei neskalagunik baduten edo neskatiko txikiei panpinak gustuko ote dituzten galdegiten zaien naturaltasun berberarekin. Airean dauden ideiak dira, eta, udaberrian, polenarekin batera sartzen zaizkigu sudurzuloetan goiti.

Airean daudenez, nornahik hartzen ahal ditu ideia horiek, baina garai jakin batzuetan erakargarriagoak izaten dira, bertze batzuetan baino. Hauteskundeak hurbildu ahala, eta botoak eskuratzeko asmoz, edo, bertzerik gabe, eztabaida politikoaren zurrunbiloan, iduri luke halako linbo batean dauden lelo batzuk, nork hartuko zain-edo, interesgarri bihurtzen direla: konparaziorako, euskararen edo euskaldunen kontrako arrangura sentimendu bat adierazten dutenak. Adibidez, erdaldunek euskararekin izandako eskuzabaltasuna azpimarratu zuen PSEko Idoia Mendiak, eta gaineratu zuen Euskal Herrian ez dela inoiz gatazka linguistikorik izan; hau da –idoiamendieratik euskara batura ekarria–, hizkuntzen ordena naturala urratuz, abertzaleek piztu dute artifizialki gatazka linguistikoa. Idoia Mendiak bere gatazka propioa du euskararekin, eta, batez ere, ergatiboarekin: gogoan dut, behin, ETBko albiste batean, ez behin, ez bitan eta ez hirutan, bortz aldiz huts egin zuela segituan ergatiboan: “hau ezin du politikari bat erabaki”, erran zuen –tira, igual kakotxak gehiegizkoak dira, buruz ari bainaiz–, “hau erabaki dezake abokatu bat, epaile bat, fiskal bat, justiziako funtzionario bat” (diotenez, Iratiko oihanean, Boliko Dorrearen inguruan, garrasiak aditu ziren egun hartan, norbait torturatzen ariko balira bezala).

Nafarroan ergatiboa xarmanki erabiltzen dugu, baina, hain originalak garenez, kasu berri bat asmatu diogu vascuenceari: diskriminatiboa. Ergatiboa aditza iragankorra delarik subjektuak hartzen duen marka den bezalaxe, diskriminatiboa euskaldun batek erdaldun baten ondoan euskara erabiltzen duelarik hizkuntzak berak –hizkuntza osoak, alegia– hartzen duen ospe txarreko marka da. Diskriminatiboa desaktibatu nahian, PPNko Ana Beltránek proposatu berri du oposizioetan jautsi egin behar litztekeela euskarari ematen zaion balorazioa, balorazio hori euskaraz ez dakitenendako diskriminatzaile ez den artio –hau da, anabeltraneratik euskara batura ekarria, euskara ez litzateke batere baloratu behar oposizio batean–. Halere, franko moderatua izan da PPNkoa; azken buruan, ez baitu proposatu kurrikulumean sekula santan euskara ikasteko asmorik izan ez izana adieraztea saritzea. Bere moderazioan, Beltránek ederki adierazi zuen kontua: azterketa batean bi hautagaik puntuazio berbera erdietsiz gero, lanpostua euskaldunari esleitzen bazaio euskarari emandako puntuazioari esker, erdalduna diskriminatzen ari gara –bertze kontu bat litzakete, lanpostua ingelesari esker lortuko balu–. Eta, hara!, funtsean, ikusten Mendia eta Beltrán, ustezko sozialistak eta dudarik gabeko eskuindarrak, bat heldu direla puntu batean: euskaraz jakitea, euskaraz bizi nahi izatea, euskara plazara eraman nahi izatea hizkuntzen arteko oreka naturala urratzea da; gauza onik ezin ekarri duen tema ulertezina.

Larunbatean, Xabi Larrañagak idatzi zuen Noticias taldeko egunkarietan, akaso Mendiaren adierazpenak edo izena aipatuko ez dudan Arabako bertze harenak ez direla iraingarriak, ez direla erabateko gezurrak. Arinegi erantzun zaiela politikari haiei, baina naski ez genukeela pentsatu beharko nahitaez euskararen etsaiak direla, edo euskara gorroto dutela. Ados nago Larrañagarekin: segur aski politikari horiei bortz axola zaie euskara; bertzerik gabe, airean dabiltzan ideiak harrapatzen eta erabiltzen –eta hauspotzen– saiatzen ari dira, eta iduri du uste dutela euskalfobia errentagarria izan daitekeen estrategia. Ados nago Larrañagarekin: naski azkarregi erantzun diegu, edo luzeegi –gaurko testu hau barne–, eta ez genieke utzi beharko agenda politikoa finkatzera; alegia, ez genieke utzi beharko zer gai diren eztabaidatu beharrak erabakitzera.

Herenegun, ostatu batean lagun pare batekin bazkaltzen ari nintzelarik, ondoko mahaian bakarrik zegoen adineko gizon bat –lehenagotik ere gure solasean parte hartzeko alferrikako saio pare bat egin ondotik– gure mahaira hurbildu zen. Galdegin ez bagenion ere, historia irakasle izana zela kontatu zigun, eta, isilune dramatiko bat eginez, hantxe gelditu zen, gure miresmenaren eta gure galdemoduen esperoan. Edukazioz, idazten ari naizen hau ez zen gutariko batek galdegin zion non ikasia zuen historia. Berriz ere isilune dramatikoa egindakoan, zera erran zigun: “Non ikasten da historia? Non ikasten da bizitza?”, eta tartetxo batez hausnarrean aritu zen ozenki. Nire ustez, galdera erraza zen, zehatza –eta gizon hark aski izanen zuen erantzutea “halako unibertsitatetan”, edo “toki aunitzetan”, edo “etxean, nire kabuz”–, baina horren ordez, bere gogoeta metafisikoekin gu aspertzea hautatu zuen. Nolanahi ere, bagenituen gehiago interesatzen zitzaizkigun gaiak, eta, hondarrekoz, kasu handirik egiten ez geniola ikusita, alde egin zuen.

Egun hauetan, Javier Esparza UPNko hautagaia etorri da gutaz galdezka, eta leku genitiboari gorazarre eginez, navarrísimo dela erran digu –hau da, javieresparzeratik euskara batura ekarria, nire programa hutsala da, eta, horregatik, proposamen zehatzak aurkeztu beharrean, esentzia metafisikoak paratuko ditut mahai gainean–. Herenegungo gizona bezala, gure miresmena bereganatu gogo du, gure galderen esperoan dago orain. Ergatiboari uko egiten dion hark bezala, edo diskriminatiboa aurkitu uste duen bertze horrek bezala, gure Javier superlatiboki nafar honek leku genitiboaren inguruan definitu nahi du agenda politikoa . Akats larria izanen litzateke tranpa horretan erortzea. Egitekotan, galdera sinpleak egin beharko genizkioke gai konkretuei buruz –“Historia non ikasi duzu?” hura bezalakoak–: segur aski ez du arrapostu egokirik ematen jakinen, eta gure historialaria bezala, bueltaka hasiko da, identitatearen gaineko hausnarketa metafisikoan erraturik. Edo, oraindik hobeki, ez genioke deus ere galdegin beharko, gehiago interesatzen zaizkigun gaiak baditugu eta. Ea ohartzen den berdin zaigula noraino eta zenbat errerekin den nafarrrra. Ea alde egiten duen, eta bakean uzten gaituen.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.