Printzea eta errepublika zalea

printzea eta errepublika zalea

“Printzea eta errepublika zalea” edo “Minutu bateko distira” izenarekin youtube.com-en ikusgai den bideoak neska gazte errepublika zale baten eta Asturiasko Printze Feliperen arteko ika-mika erakusten du. Gertakizuna ezaguna da oso, eta guk gogora ekarri nahi izan dugu, jada desagertua den Canal 4 kate nafarrari irudiak lapurtuta. Egun Podemos Nafarroako buru da “errepublika zalea”, Laura Perez Ruano, eta Espainiako Errege “printzea”, Felipe VI.

Erregearen eta Podemos-en Nafarroako buruaren arteko solasa 2011ko maiatzaren 31an gertatu zen; artean printzea zen lehena, errepublika zale gaztea bigarrena. Asturiasko Printzeak, Felipe eta Letizia, Iruñean zeuden, Vianako Printzearen sariak banatzen zituztela-eta. Ondoan zuten Miguel Sanz (urduri) eta atzerago Yolanda Barcina, orduko eta egungo Nafarroako Presidenteak.

Agintariek ehun bat monarkiko zituzten zain Baluarte aurrean, baita Laura Perez Ruano borrokalaria ere. Printzeak ikustearekin bat galdera luzatu zion nafarrak, eta bertara gerturatu zen Felipe. Ondotik etorri zen minutu parea jasotzen dute irudiek.

Bideoak izan zuen oihartzuna zela-eta, prentsaurrekoa egin zuen gero orduan Hirugarren Errepublikaren Alde talde nafarreko kidea zen Perez Ruanok. “Herritar bezala eta printzearekin bekoz beko jarrita galdera bat luzatzea nuen asmo bakarra: ´Errege izendatzen zaituztenean izango duzu zintzotasun nahikoa, monarkia eta errepublikaren arteko erreferendum-a agintzekoa?´”. Eta adeitasunez hitz egin bazion ere, Perez Ruanoren arabera, “printzeak ez zidan galdera erantzun”. Canal 4 kateko “`Minutu bateko distira´ Felipe printzearen aurrean” bideoak milioi erditik gora ikustaldi izan ditu eta espainiar albistegietan ere agertu zuten.

Aurten hauteskundeak izango dira Nafarroan. Eta Podemos-ek Lizarran euskara eskolak ematen dituen abokatua hautagai izatea erabakitzen badu, aurreikuspen guztien arabera, parlamentuko kide izango da Perez Ruano. Asturiasko Printzeak “minutu bateko distira” nahi izatea leporatu zion neska gaztea, herriaren ordezkari. Bada Felipe VI.ak esan dezakeena baino gehiago.