Master Chef Juniorren ez dakite katalanez, edo UPN eta PSN nire galtzerdiak bezalakoak dira (Bi gogoeta baten prezioan)

indizea

 

I.

Nola jokatuko genuke telebistan haurrendako musika lehiaketa bat ikusi beharko bagenu, behin ere soinurik aditu gabe? Haurrek hainbat musika tresna jo beharko lituzkete, musika tresna tradizionalak zenbaitetan –biolina, pianoa, tronpeta–, baina, tarteka, exotikoagoak ere bai; taldeka batzuetan, bakarka bertzetan. Proba-saioak egiten ikusiko genituzke haurrak, publikoaren ikuspuntuaren berri izanen genuke eta, noizbehinka, adituren baten iritzia adituko genuke; epaimahaiak argi arrazoituko lituzke bere epaiak –sentimendu handiz jo duzu, baina pieza horrek erritmo biziagoa eskatzen zuen; tempoa ederki eraman duzu, baina ez duzu musika horrek duen sakontasuna transmititzea lortu–, baina guk ez genuke nota bakar bat ere entzunen gure etxean. Zeren arabera hautatuko genuke gure haur gogokoena? Nola erabakiko genuke nork nahi dugun aitzinat egitea, eta nor kanporatua izatea? Musikari hoberena bulkatzeko aitzakian, ez ote genuke haur politena, edo biziena, edo sinpatikoena, edo txintxoena bulkatuko?

Haurrendako –eta helduendako– sukaldaritza saioetan horixe gertatzen da (bai, Masterchef Junior ikusi dut, aita izatearen ondorio pozgarri horietarik da): ez dugu platerik dastatzen ahal, ezin dugu deus ere urrindu, ez dakigu entsalada gazixko egin ote duten edo postreak azukre eskas ote duen. Haurren jarrera –hau harroxkoa da, baina hura langile eta arduratsua– eta aurpegia –halako ezin politagoa da, a zeinen bihurria den bertze hura–, epaimahaiaren iritzia, eta prestaturiko otorduen itxura bertzerik ez dugu nork nahi dugun irabaztea erabakitzeko. Ume xarmagarriena izatea balizko sukaldari hoberenaren sinonimo bihur daiteke ia-ia oharkabean.

Aurten, bi neskatiko eta mutiko bat genituen finalisten artean: Valentziakoa, mutikoa, eta Mallorkakoa eta Bartzelonakoa neskatikoak. Atentzioa eman dit ez dutela hitz bakar bat ere egin katalanez, ez beren artean, ezta familiarekin egon direnetan ere. Ez zekiten katalanez? Jakinda ere, natural gertatzen zaie lagunekin eta senitartekoekin espainolez egitea? Saioko arduradunek eskatu diete faborez beti espainolez egiteko? Iazko edizioan parte hartu zuen mutiko bati solas egiteko maneran aise igartzen zitzaion katalunieradun zela, baina hari ere ez genion esaldi bakar bat ere aditu bere ama-hizkuntzan. Saioa grabatua denez eta azpitituluak izeneko asmakizun zoragarri bat existitzen denez, ez litzateke hain larria izanen, horrelako saioetan espainol ez diren baina Estatu espainolean ofizial diren bertze hizkuntzak tarteka adituko balira. Baina euskarari buruz maiz egiten den galdera maltzur bat parafraseatuz –zer nahiago duzue, mediku on bat edo mediku euskaldun bat?–, zera erraten ahalko lukete zenbaitek: zer nahi duzu, sukaldaritza lehiaketa bat, edo zuzentasun politikoaren erakustaldi bat?

Estatu espainolean, teorian hizkuntza guziek dute existitzeko eskubidea, baina praktikan batzuek traba egiten dute komunikazio hutseko testuinguru batean –hau da, testuinguru sinboliko batetik kanpo– agertuz gero. Haurrek katalanez eginen balute, auskalo, akaso ikusleak galduko lituzke saioak, eta, hortaz, hobe batzen gaituen hizkuntzan egiten badute.

II.

Lotsatia eta itxuraz lasaia banaiz ere, noizean behin erokeriak egiten ditut. Adibidez, kafesnea hartzen dut normalean, baina egun batzuetan, ausart sentitzen banaiz, hutsa eskatzen dut; are gehiago, kafe hutsa eta azukrerik gabe edatera ere ailegatu naiz inoiz. Bai, badakit, izigarria.

Egun hauetan, nire alde libre eta basa horri jarraiki –walking on the wild side–, galtzerdi diferenteak jantzi ditut. Nahita, erran nahi baita. Biak beltzak dira, punta urdinarekin, baina batek hodei zuri handiak ditut, eta bertzeak euri ttantta ttiki koloredunak. Keinu askatzaile horren ondotik, zalantza existentziala izan du: berez, galtzerdi horiek elkarrekin saltzen zituzten; bikote osatzen dute, alegia. Grazia da diferenteak direla, baina ez da tiraderatik Batmanen eta Spidermanen galtzerdi bana hartu eta, DC eta Marvel nahasiz, jantzi izan banitu bezala. Nire oraingo hauek, desberdinak izanda ere, elkarrekin janzteko saltzen dituzte. Beraz, horra nire zalantza: benetan diferenteak dira, edo sakonean, azaleko ñabardurak gorabehera, berdin-berdinak. Galtzerdi horiek jantzi izana, nortasun independentearen adierazpena zelakoan, ez ote da kontserbadurismoaren erakusgarri? Azken buruan, ez naiz galtzerdi diferenteak janztera ausartu, dendetan horrela saldu artio, hau da, kontsumo-gizarteak bere onespena eman artio.

Joan den astean, Laura Perez Nafarroako Podemos alderdiko idazkari nagusi izendatu berriak erran zuen UPN eta PSN nire galtzerdiak bezalakoak direla –tira, ez preseski solas horiekin–: itxuraz diferente, baina bikote gisa salduak, eta, sakonean, gauza bera. Horregatik ez dago prest, Podemosek hauteskundeetan emaitza onak erdietsiko balitu, ez batarekin ez bertzearekin pakturik egiteko. Bai, ordea, gainerako indar politikoekin, baita EHBildurekin ere.

Laura Perezen hitzek Masterchef juniorren katalanez solas egitearen pareko efektua izan dute: berehala azpitituluak paratu dizkiete haren adierazpenei, baina gainerako indar politikoekin hitzarmenak egiteko prestasuna duela itzuli ordez, EHBildurekin lehenbailehen eta baitezpada paktatu nahi duela ulertu (nahi izan) dute. Gutariko anitzendako –alegia, euskaltzale edota abertzale anitzendako– Perez hautatu izana pozgarria izan bada ere, zenbait dagoeneko beldur dira horrelako adierazpenekin ez ote dituen Iruñetik beheitiko hautesleak uxatuko. Sukaldaritza lehiaketa bat bezalakoa den politikagintzan –deus ere dastatu eta urrindu gabe, zeren arabera aukeratzen dugu gure hautagai gogokoena?–, batzuek nonbait bertze hautagaia –Joan Josep Bosch– nahiago zuten, gomina ilean –itxura onekoa, beraz–, orokorkeriak saltzen trebea baitzen –bere mintzairak ez zuen inor asaldatzen, ez zuen azpitituluen beharrik–. Euskarari buruz maiz egiten den galdera maltzur bat parafraseatuz, iduri luke galdemodua hau dela: zer nahiago duzue, Podemos normal bat, edo ezker abertzalearen morroi den Podemos bat.

Estatu espainolean, teorian, alderdi guziek dute existitzeko eskubidea; gobernatzekoa, ordea, soilik batzuek. Azkenean, norbait ausartu da Masterchef juniorren bertze hizkuntza batean egitera. Orain, azpitituluak ongi paratzea bertzerik ez da falta.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.