Jende zitalak libre egiten gaitu

Jende zitala

Azaroko edo abenduko saio batean iragarri bezala, aleman eskolak utzi egin ditut. Gezurrik erran gabe, aitzakia aunitz ematen ahalko nuke nire erabakia justifikatzeko –ez nuela astirik, lan gehiegi zela, gelako ikaslerik traketsena nintzela–, baina egia da urteroko krisiaren ondorioa izan dela: tarteka, dena uzteko gogoa sortzen zait, eta aurten alemana izan da horren biktima. Halere, kontent nago, ikasturte honetan orain artio behin baizik ez baitut dena uzteko premia sentitu. Berria-n idazten nuelarik, adibidez, urte batean hiru aldiz aurkeztu nuen nire dimisioa –aste baten buruan gibelat egiten nuen–, eta, hortaz, susmoa dut nire mezuak jasotzen zituen kazetariak lasaitu ederra hartu zuela idazten ez segitzeko nire behin betiko erabakia ailegatu zitzaionean.

Alemana uzteko pausoa, ordea, ez da hain behin betikoa izan. Batetik, Alemaniako aldizkari bateko harpideduna naiz –Deadline, zinema fantastikoari buruzkoa: arrunt argazki politak ekartzen ditu normalean; testuek ere itxura ona dute, eta seguru naiz egunen batean animatuko naizela bat irakurtzera–, eta, bertzetik, aldizkari hori bera dela-eta, idazteko aukera ere izan dut. Azken alea ailegatzen ez zitzaidanez, email bat igortzea pentsatu nuen, problema azaltzeko eta bertze ale bat bidal diezadaten eskatzeko. Naski azukrea hartua nuen berriki, zeren, euforiak bulkatuta, emaila ingelesez ez eta alemanez idaztea erabaki bainuen. Halere, nire lehendabiziko esaldia hauxe izan zen: “alemanez idazten saiatuko naiz, baina testua ilunegia edo ulergaitza balitz, erradazue eta mezua berriz igorriko dizuet ingelesez”. Eta, akaberan, problema eta eskaera hala edo nola azaldu ondotik, gauza bera errepikatu nuen. Erantzuna, zazpi egunen buruan etorri da: ez da idatzi diedan lehendabiziko aldia –ingelesez, betiere–, eta aitzinekoetan egun batetik bertzera erantzun didate beti. Honetakoan, zazpi egunen buruko mezuaren hasmenta hauxe zen: “To be honest: your German was mostly good and understandable, but with some expressions I was not 100% sure, so I decided not to risk anything and write back in English”.

Zure alemana oro har ona eta ulergarria da, baina badaezpada ere ingelesez erantzun nahiago dut. Aspaldi honetan, nire aisialdian aplikazio berri bat prestatzen ibili naiz, Google translatorrek eskaintzen duen zerbitzua hobetzeko: esaldiak gizalegezko hizkuntza atseginetik hizkuntza normalera bihurtuko dituen aplikazioa hain zuzen ere. Probatzen ari naizen aplikazio horretan sartu dut ingelesezko esaldi hori, eta honako hau atera zait: “Egia errateko, zazpi egun eman behar izan ditugu zure mordoiloa deszifratzeko; beraz, hobe ingelesez egiten badugu, gu %100 erotzea nahi ez baduzu behinik behin”.

Kolpe latza izan da, dudarik gabe, baina orain lasaiago eta libreago sentitzen naiz: lasaiago, ikusten dudalako erabaki egokia hartu nuela aleman eskolak utzi nituelarik; eta libreago, hizkuntza hori ikasteko eginahalak betiko utzi behar ditudalako –eta, beraz, zama bat gainetik kendu dudalako–, bistan baita alferrik ari naizela.

Dena den, erantzuteko mezua igorri zidana ni ez mintzeko atsegina izaten saiatzen ari zen, eta haren hitzak literalki hartuko banitu –zure alemana, oro har, ona eta ulergarria da–, motiboak izanen nituzke ikasten segitzeko –eta, beraz, denbora alferrik galtzeko eta emaitza onik ezin eman duen jarduera bati lotua egoteko–. Google translatorreko erantzunak, ordea, libre egin nau. Beraz, gaurko tesia hau izan liteke: maitagarritasunak esklabo bihurtzen gaitu; zitalkeriak, berriz, askatu egiten gaitu.

Behin, gure ezagun bat –ondoan bizi zen andre xahar bat– inprimaki bat betetzeko laguntza eske etorri zitzaigun. Udalerako behar zuen, oker ez banabil. Lana niri tokatu zitzaidan, eta, eskatu bezala, lauki guziak bete, gutun-azala prestatu eta papera neronek igorri nuen udaletxera. Handik egun batzuetara etxera etorri zitzaigun berriz ere, papera eskuan, eta sartu bezain fite, poz irribarre maltzurra aurpegian, zera bota zidan, agurtu baino lehen: “gauza bat gaizki bete zenuen”. Egia zen; are gehiago, hanka-sartzeak konponbide erraza zuen, nahi izanez gero di-da batean egiten ahal zena, baina, nire akatsa zela-eta, andre hura hain kontent zegoen, ezen, haren poza handitzearren, sentitu bainuen saritu behar nuela: nire buru barnean zozketa imajinario bat egin nuen, eta, hara, udaletxerainoko bidaia bat tokatu zitzaion: “bada, ez dakit zer dagoen gaizki”, erran nion, “hoberena izanen da udaletxera joatea eta han galdegitea”.

Guziek ezagutzen dugu jende zitala, munduan franko hedatua dagoen espeziea baita, hainbat azpi-espezie dituena: badira zitalak eta esker txarrekoak direnak: osaba-izeba funtzioa betetzen ez duten koinatu-koinatak, zuk haien seme-alabekin funtzio hori ederki betea baduzu ere; badira zitalak eta desatseginak direnak: kafea merke baina irribarrea arrunt garesti saltzen duten hainbat ostatutako zerbitzariak; badira zitalak, doilorrak, esker txarrekoak eta egozentrikoak direnak: talde-lana eta eztabaida publikoa eta egitura horizontalak etengabe goraipatu, baina gero talde-lana hondatu, aginte egitura bertikal zorrotza inposatu eta domina guziak eskatzen dituzten lankideak…

Jende zitalak, oro har, fama txarra du, baina inportanteak dira gure gizarte honetan: haiei esker, denbora aurrezten dugu, funtsezkoa eta azalekoa bereizten ikasten dugu. Azken batean, guk esker ona adierazi beharko genioke mundu honetako jende zekenari, haren zitalkeriak libratzen baikaitu berriz lagundu behar izatetik: nola erran ezetz –zerori zitala izan gabe– egiatan maite ez duzun edo sobera gustuko ez duzun baina oro har zurekin ongi portatu den barride, lankide, ahaide edo ezagun horri?

Maitagarritasunak, beraz, lana ematen digu. Izan ere, Deadline aldizkaritik ailegatu zaidan mezua berriz irakurri eta pentsatzen hasia naiz akaso bertze aukera bat emanen diodala alemanari. Edo nire buruari, nondik begiratzen zaion.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.