Euskaldunok Youtuben, ilargiari begira

Euskaldunok Youtuben, ilargiari begira

Asteon hamar urte beteko ditu youtube.com, sarean bideoak igo, elkarbanatu eta ikusteko atari ezin ezagunagoak. 2005eko otsailaren 15ean Chad Hurley, Steve Chen eta Jawed Karimek Kalifornian sortua -hirurak ere PayPal-eko langileak ordura arte-, ataria sareko ezagun eta erabilienetakoa da egun. Hauxe da sortu eta aste betera, otsailaren 23an, sortzaileetako batek, Jawed Karimek, bertara jaso zuen lehen bideoa, 17 segundu eskaseko “Me at the zoo”.

Asmakizunak agudo lortu zuen sona. Urtea bukatu baino lehen jada 50 milioi bisita omen zituen eguneko, eta 2006rako 2000 milioi inguru. Egile eskubideak zirela-eta ikus-entzuneko enpresa handiekin hastapenetan izan zituen liskarrak gora-behera, urte beteko ibilbide eskasa bete zuenerako Youtube-k 1000 milioiko balioa zutela estimatzen zen; Google-k 1.650 milioiren truke erosi zuen ataria. Ordurako egunero-egunero 65.000 bideo berri igotzen ziren atarira.

Gainera, Time aldizkari itzaltsuak 2006an urteko asmakizun izendatu zuen Youtube, eta egun artistek ez ezik politikariek ere baliatu izan dute herrialde askotan zentsuratua izan den ataria -Txina, Saudi Arabia, Tailandia zein Alemania eta Erresuma Batuan-.

2005ean ataria erabili zuen lehen multinazionala Nike enpresa izan zen. Eta Ronaldinho futbolariarekin egin zuten “Touch of Gold” iragarkia da -Bartzelonan jokatzen zela- Youtuben milioi bat bisitalditik gora lortu zuen lehen ikus-entzunezkoa.

2006an berriz bideorik ikusiena Judson Laipply izeneko umorista batek egindakoa da, “Evolution of Dance” (urte bakarrean 70 milioi bisitarekin!). Hurrengo urteetan “Charlie bit my finger again!”, non bi haur ageri diren eta batak besteari haginka egiten dion, edo japoniar emakume batek Coca-Cola botila eta Mento batez egindako esperimentu xelebrea; ohiko kontua baita Youtuben txantxa eta xelebrekeria franko aurkitzea -2008a bukatu baino lehen sareko bideoen %40 inguru zegoen bertan-.

2009tik aurrera gauzak aldatzen hasi ziren Youtuben, eta ordutik hona musikaren multinazional handiek promoziorako baliatzen dute ataria, Lady Gaga, Justin Bieber edo LMFAO izan, edo Kate Perry, atariko erregina egun. Baina harrigarriro, 2012an nork eta PSY izeneko kantari korear batek eman zuen ezustekoa “Gangnam Style” gogaikarriarekin, inoiz webguneak izan duen arrakasta handiena erdietsi duen kanta; 2.000 milioi ikustalditik gora -dirutan lau milioi euro inguruko etekina eman duela esaten da-.

Euskaraz
Youtuben hizkuntza hautatzea posiblea den arren, bideorik ikusienak eta joerak agertzeko orduan herrialdeka sailkatzen da ataria eta, beraz, errazagoa zaigu mundu mailako datuak aurkitzea etxekoak ezagutzea baino.

Euskaraz, besteak beste Maria Sigma greziar euskaldunberriaren kasu harrigarria ezagutzeko aukera izan dugu Youtuben, baita Madonna “Sagarra jo” kantatzen entzuteko ere, Kalakan hirukotearekin -milioi erdi bisita izan dituen bideoa-. Filmei dagokienean, egile eskubideak direla-eta hauek sarean aurkitzea gero eta zailagoa den arren, Youtuben oso-osorik ikus daitezke aspaldiko Juanba Berasategiren “Kalabaza tripontzia” (akordatzen?!) eta Joxan Sagastizabalen liburuaren zinemarako egokitzapena, “Kutsidazu bidea Ixabel”, bi aipatzearren.

Baina youtube.com atarian aurkitu ditugun euskarazko bideorik ikusienak zalantzarik gabe musika taldeenak dira: Vendetaren “Begietara begira”, Esne Beltzaren “Euskaraz bizi nahi dut”, Hesianen “Behar zaitut”, Gatiburen “Gabak zeruera begire”, Berri Txarraken “Ikusi arte” edo Mikel Laboaren “Izarren hautsa”, guztiak ere milioi erdi entzunaldi inguru dituztenak -ikusiagoak ezagutuz gero esan, irakurle-. Gure Esku Dago ekimeneko klipa ere hauen pare dago.

Milioitik gora ikustaldi dituztenak –“Takolo, Pirritx eta Porrotx Katxiporreta” doi-doi muga horren azpitik dago-, bi kanta: Zea Mays bilbotarren “Negua joan da ta” bata (bideoak gor-mutuen keinu hizkuntzan ematen duena); Ken Zazpi taldearen “Ilargia” bestea, 1.500.000 ikustalditik hurbil dagoena.

Joseba Sarrionandiaren “Ainhoari gutunak” liburuan (Elkar), ilargia eskatzen zion emazteak gizonari “Ispiluaren ipuina” 21. gutunean; eta Ken Zazpik Youtube-ko leihora ekarri.