Opus Dei Ta Askastasuna

opus dei
Nire tesi proiekturako hemeroteka lanetan nabilela, duela ez hainbesteko berri bat ikusi dut zenbait egunkaritan, non LOMCE Legearen aurka Iruñean egindako manifestaldi batean, zenbait manifestarik Opus Dei -ko sortzaile José María Escrivá de Balaguerren irudia eraman zuten pankarta batean. Deunak liburu bat zeukan eskutan, non “LOMCE” hitza agertzen zen.

Ezaguna da zenbait euskaltzalek Opus Deiri dioten beldurra: 1977an Nafarroa Euskal autonomi aurre-proiektuan ez sartzeko ahaleginak leporatzen dizkiote, bai eta “espainolismoaren” apologia sutsua egitea ere. Ildo hortatik, logikoa zaie Nafarroako Unibertsitatea LOMCEren aldeko dela pentsatzea, bai eta honen bultzatzaile ere. Lerro hauetan, eta errespetu handiz, guztiz okertuta daudela erakutsi nahiko nieke.

Lehenik eta behin, Opus Deik ez die bere kideei ideologia politikorik inposatzen. Hortxe dugu, kasu, Rafael Larreina Amaiur taldeko diputatua, alde batean, eta Fernández Díaz ministroa bestean. José María Escrivá ez zen inoiz politika arazoetan sartu, bai eta Francoren garaiko nuntzioak bera kaltetu arte, azken honek Espainiako kristauen batasunerako osatu nahi zuen alderdi batean parte hartu nahi ez izanagatik, bere semeei “politikarako askatasun osoa” ematen baitzien.

Nafarroako Unibertsitatea independientea izan zen
eta Diktaduraren garaian unibertsitate katolikoen artean sartu zen


Halaber, ez da ulertzen Opus Dei Euskal Herriaren etsai bezala hartzea. Jakin behar da, aurretik, erakundea lurraldeka antolatzen dela munduan zehar – lurraldeok estatu baten mugekin kointziditu dezakete edo ez –, eta lurraldea oso anitza edo konplejua bada, delegazioak sortzen zaizkio. Hala bada, Opus Deik Espainiar estatua lurralde gisa hartzen du, eta honen barruan hainbat delegazio; horietako bat Iruñeako Delegazioa da, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Autonomi Elkarte osoa (enklabeak barne) hartzen dituena. Hiztegi euskaltzalean hitz eginda, Iruñako Delegazioak Hego Euskal Herria hartzen du.

Aitzineko kritikak baztertzeko garaia ere bada: Nafarroako Unibertsitatea independientea izan zen, eta Diktaduraren garaian unibertsitate katolikoen artean sartu zen, Erregimenak hala eskatuta, jakinaren gainean baitago Francok ez zuela bere pentsamoldetik kanpo zeuden hezkuntza erakunderik nahi, hark gertutik kontrolatzeko. Horretaz gain, Nafarroak bere unibertsitate-eremu propioa edukitzea lehenengo, eta bere foru-erkidego berezkoa gero, UCDko parlamentarien jarduna izan zen, Del Burgo eta Aizpunen ideologiari segika, naparrek gehiengo sinplez eta hautestontzietan hautatu zutena, eta ez Opus Deiren inolako kolaborazio pean – esan baitugu bere barne antolakuntzan dela Hego Euskal Herria onartzeko beldur –.

Gauzak honela, ez da sustengatzen Opus Dei bera LOMCEren aldeko izatea. LOMCEren aldaketak eta gure autonomiaren kontrako hezkuntza-erabakia Gobernuan dagoen UPNk hartu du, eta ez beste inork. Erakundearen barruan, hori bai, LOMCEren aldekoak eta kontrakoak topatuko dituzue, bai eta “Navarra foral y española” famatuaren aldeko eta kontrakoak. Baina hori norberaren iritzi-askatasunaren barne sartzen da, hainbestetan aldarrikatzen den eta hain gutxi errespetatzen den askatasuna.

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"