Mapa soziolinguistikoa, bai baina ez: metodologia

Asteon Nafarroako Mapa Soziolinguistikoa ezagutzera eman dela-eta, asko dira euskararen ezaguera eta erabilerari buruz plazaratu diren iritzi eta berriak euskal komunikabideetan; kezka sortu da, batez ere, gure hizkuntzak erabileran behera egin duelako euskalduntzat jo daitezkeen eremuetan.

Baina nola egiten dira mapa soziolinguistikoak, zein metodologia dute eta, beraz, zein fidagarritasun argitara dakartzan datuek? Hona argibide batzuk, eztabaida pizte aldera.

euskara ahoan

– Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuan oinarrituta bi mapa soziolinguistiko argitaratzen dira Hego Euskal Herrian (EAEn bata eta Nafarroan bestea). Hau da, etxez etxe inkestak eginez jasotzen dira datuak eta, beraz, informatzaileak hiztunak berak dira. Eta denok dakigu, sarritan hiztunak bere buruaz uste duena eta egunero darabilen praktika ez datozela beti bat.

– Zentsua hamar urtetik behin egiten da, eta zentsuan jasotako datuak aztertuta argitaratzen da, 3-4 urte geroago, mapa sozilinguistikoa. EAEn azkena 2014an argitaratu zen, Euskararen V. Mapa Soziolinguistikoa izenekoa, 2011ko zentsuko datuetan oinarrituta (eta aurretik: IV.a 2009an -2006ko datuekin-, III.a 2005ean -2001eko datuekin-…). Nafarroan orain, 2015eko otsailaren 2an ezagutu dugu azkena, 2011ko datuekin (aurrekoek 2001eko eta 1991ean jasotako datuak islatzen zituzten).

– Datuen iturri gisa erabiltzen den Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsu hori Espainiako Instituto Nacional de Estadísticak (INE) eginikoa da. Eta zentsuak biztanleriari buruzko datu orokorrak biltzea du helburu, hainbat gairi buruz: zenbat pertsona bizi diren etxe bakoitzean, generoa, adina, ikasketa maila, lana… Kontuak horrela, etxean zein hizkuntza ezagutzen den eta zein erabiltzen den hamaika galderaren arteko beste bat baino ez da, ez baita hau aztergai bakarra, ezta nagusia ere. Metodologiari dagokionez: etxez etxe inkestak eginez lortzen dira datuak, esan bezala, baina ez biztanleria osoari, baizik eta lagin bati galdetuta (zuotako zenbati egin dizuete zuen bizitzan zentsurako inkesta?).

– Gainera, hiztunek ematen dute beren iritzia: beren ustez zenbat ezagutzen eta erabiltzen duten hizkuntzan. Arestian esan dugunez, horrek ez du zertan bat etorri egiarekin. Norberak bere buruaz duen ustea batzuetan ez da egiazkoa… edo oso distortsionatua egon daiteke.

 

Onartu beharra dago, hala ere, egun ikuspegi orokor bat lortzeko daukagun tresna bakarrenetako bat dela, eta beraz horrekin fidatu behar, halabeharrez.

Dena den, komenigarria zaigu beste metodologia eta ikerketa mota batzuen berri izatea. Adibidez:

– Euskara: erabilera, jarrerak, politikak
Inkesta bidez (aurrekoa bezala) eta lagin bati bakarrik. Baina inkesta soziolinguistikoa zen: hau da, bakarrik hizkuntzaz galdetzen zen, eta beraz, askoz ere sakon eta zehatzago.

Eusko Jaurlaritzak egin zuen 2011n, EAEn bakarrik. Inkesta horren emaitzak Iñaki Martínez de Luna soziolinguistak aztertu eta interpretatu zituen Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritziak liburuan.

 

– Euskararen Kale Erabileraren Neurketa

Ez zaie hiztunei galdetzen, hauen solasei erreparatuta egiten da. Inkestatzaileak kalean zehar paseoan dabiltzala, kale eta ordu zehatz batzuetan haiekin gurutzatzen diren persona guztiek zer hizkuntzatan berba egiten duten apuntatzen dute. Behaketa (edo hobe, entzuketa) bidez jasotzen da informazioa, beraz. Hizkuntzaren erabilera erreala neurtzen da, eta ez hiztunek uste dutenaren araberakoa.

Soziolinguistika Klusterrak egiten du. Azkena, VI.a, 2011an burutu eta urtebete geroago argitaratu zen, orain hiru urte.

 

– Arrue proiektua

Eskola mailako erabilera neurtzeko balio du, haurren artekoa. Inkesta luze eta baten bitartez egin da: Norekin/nola hitz egiten duzu?, irakaslearekin gela barruan?, gelatik kanpo?, lagunekin gela barruan?, gelatik kanpo?…

Esko Jaurlaritzaren enkarguz egin da, 2004az geroztik, Lehen Hezkuntzako 4. mailan (10-11 urteko haurrak) eta DBHko 2. mailan (15-16 urte). Baina ez da lagin bidez egin, hau da, EAEko maila horietako ikasle guzti-guztiei (hezkuntza publikokoak, itunpekoak….) egin zitzaien inkesta.

 

Badira beste ikerketa kualitatibo (ez kuantitatibo) batzuk, ez dutenak biztanleria osoaren datuak biltzeko balio, baina aukera ematen dutenak iritziak, jarrerak, usteak… modu oso sakonean ezagutzeko.

Gaur egun nazioartean soziolinguistika arloan punta-puntako ikerketa adarrak dira. Horren ildokoak:

– Esti Amorrortu, Ane Ortega, Itziar Idiazabal eta Andoni Barreña unibertsitateko irakasleek “Erdaldunen euskararekiko jarrerak eta aurreiritziak” ikerketa burutu zuten. Gaur egun beste bat egiten ari dira: “Euskal hiztun berrien jarrerak, motibazioak eta identitatea”.

Metodologia oso berezia darabilte hauek: hiztunen lagin batekin elkarrizketa pertsonaletan edo taldekako eztabaidetan gaiaz hitz egiten da, modu libre samarrean, moderatzaile batek gidatuta (ordubeteko solasaldiak izan daitezke). Grabatu egiten dira solasaldiak, transkribatu, eta ondoren iritzi, balio, uste, jarrerak… etiketa batzuen arabera sailkatu eta interpretatzen dira.

 

Zerrendatu ditugun azterketak ez datoz orain gutxi ezagutu ditugun mapa soziolinguistikoen emaitzak arbuiatzera, euskararen erabilera eta ezagutzari buruz esateko asko dagoela eta horretarako beste bide batzuk gehitzera baino. Gainera, egongo dira hauetaz aparte gehiago, zuk zeuk, irakurle, ezagutu eta akaso gurekin partekatu nahiko dituzunak.

ZUZEUko erredakzio kide

Zer duzu buruan “Mapa soziolinguistikoa, bai baina ez: metodologia”-ri buruz

  • Eta metodologia sorta nabar hori aplikatuz gero zer nolakoak dira emaitzak? Aurreko metodologia zaharrek erakutsi bezalakoak ala bestelakoak? Horixe jakin nahian geratu naiz artikulua irakurri ondoren.