Kataluniarrek badute euren konstituzio zirriborroa, eta guk?

Independentzia lortzeko bideari aspaldi ekin zion gizarte katalanak. Ibilian beste urrats bat eman eta konstituzio proposamen bat egin du Santiago Vidal epaileak gidatu duen hamazortzi laguneko jurista taldeak; herenegun aurkeztu da Bartzelonan.

Zirriborroak bost atal (Xedapen Orokorrak, Eskubideak eta Eginbeharrak, Lurralde Antolaketa, Administrazio Publikoa eta Kanpo Harremanak) eta ehun artikulu inguru ditu, 97 zehatz esanda.

Konstituzio - Constitucions CatalanesVolumIrBalizko Katalunia independentea errepublika bat litzateke -eskualde kontseilu eta diputaziorik gabe, 105 eserlekuko ganbera bakarra, presidente eta lehen ministro banarekin-, armadarik gabea eta gehiengo osoak debekatuak lituzkeena. “Bozka gehien lortzen dituen zerrendak ez luke inoiz %49 baino aulki gehiago lortuko, eta horretara derrigorrean oposizioarekin berba egin beharra izango du; botere legegileak herria ordezkatuko luke horrela, eta ez partidu jakin bat”, Vidalek adierazi zuenez.

Kataluniako konstituzioa zirriborroak
Norvegia, Danimarka eta Islandiako konstituzioak
ditu oinarri

Gainera, zuzenbideko adituek idatzitako proposamenaren arabera, legegintzaldiak bost urtekoak lirateke, eta gehienez bi agintaldirako hautatuak izateko aukera lukete politikariek. Hautaketak zerrenda irekien arabera egingo lirateke, eta hauteskunde programa ez betetzeak hautetsien izendapenak atzera botatzea ekar lezake, horixe baita, Vidalen esanetan, “hauteslearekin lotzen dituen kontratua”.

Hizkuntza ofiziala katalana izango litzateke, eta koofiziala gaztelera; baita aranera ere, Aran Bailaran.

Kataluniarako konstituzio zirriborroa Europa iparraldeko herrialdeetakoan oinarritua dago, Norvegia, Danimarka eta Islandiakoan; baita Suitza edo Alemaniakoan ere, parlamenturako hauteskundeetatik kanpo egingo bailitzateke errepublikako presidentearen hautatze prozesua. Proposamena egin duten jurista adituek indar berezia jarri nahi izan bide dute botere banaketan, “Espainian jazotzen den moduan esku berdinetan egon ez dadin”.

Urtebeteko lanaren ondorio den zirriborroa www.unanovaconstitucio.cat atarian dago irakurgai orain katalan hutsez -bertan dira Kataluniak historian zehar izan dituen gainontzeko konstituzioak ere (argazkikoa bata)-, herritarrek ekarpenak eta zuzenketak egin ditzaten. Katalan bakoitzak banan banan batetik bostera bozka dezake artikulu bakoitza, baina bost ekarpen edo zuzenketa baino ezingo ditu egin. Prozesu parte hartzailea 2015eko bukaera arte luza daiteke, eta jasotako proposamenak kontutan hartuko dira azken dokumentua erakundeei aurkeztu baino lehen.

Vidal epailearen aburuz, Parlament-ari dagokio konstituzio bat idaztea, eta honek herritarren ekarpenak, gizarte zibilarena, kontutan izatea baino ez du espero; izan ere, behin betiko Carta Magna referendum bidez onartu beharko lukete katalanek. Santiago Vidalek gidatu duen jurista taldearena ez da Katalunia independenterako egin den konstituzio proposamen bakarra.

Gurera etorrita, euskal mugimendu independentistari sarri leporatu izan zaio zehaztasun falta eta, pausuak aurrera eman ahala, behar beharrezkoa izango du Euskal Herriak ere konstituzio propio baterako zirriborroa. Abiapuntu legez… baliagarria zaigu eredu katalana?

7 pentsamendu “Kataluniarrek badute euren konstituzio zirriborroa, eta guk?”-ri buruz