Euskobarometroa, eskuak irakurtzea eta tarota

Euskobarometroak iragarri dituen emaitzen karietara, sekulako iritzi oldea sortu da. Batzuren kezka eta beldurrak, eta besteren ezintasunak agerian utziz. Podemosek baino, Francisco José Llerak zuzendutako taldeak berak sortu du lurrikara EAEn, bere bulegoko sukaldetik bertatik. Baina kontutan hartzekoak al dira egiazki datuok? Ba ote dute aitortzen zaien zorroztasunik? Goazen Euskobarometroa aztertu, eta dagokion zorroztasun zientifikoz irakurtzera. Emaitzok aztertzeko, estatistikan aditua den kide batengana jo dugu, (Izen-abizenak ez publikatzeko eskatu digu) eta honakoa da bere irakurketa.

euskobarometroa

Oinarrizko zalantzak:

  • Euskobarometroa zer da, EHUren ikerketa bat ala EHUn lana egiten duten hainbat irakasleren lana?
  • Dena dela autoritate argudioa ote da hori? Hau da, bermatua al dago lanaren zuzentasuna?

Inkestako laginen tamaina:

  • 600 norbanakoko lagina oso murritza da emaitza esanguratsuak eta fidagarriak lortzeko. 200 inkesta egin dira herrialde historiko bakoitzean? Inkesta kopuru honek erabaki behar du jarlekuen banaketa?
  • Inkestaren kostua murrizteko,lagina biztanleria osotik era aleatorian aukeratu beharrean, 30 errolda sekziotan multzokatu dira norbanakoak. Dirudienez 20 norbanako inkestatu dira errolda sekzio bakoitzean, 600eko lagina osatu arte.
  • Zer da errolda sekzio bat? 1000 eta 2500 biztanle bitarteko populazioa duen banaketa geografiko-administratiboa da. Herri txikietan sekzio bakarra izaten da. Handietan berriz, populazio tamaina banaketa hori mantenduz, populazio osoa osatzeko behar adina sekzio izanten dira.
  • Hiri handietan sekzioak normalki auzuneak edo auzoak izaten dira, eta salbuespenak salbuespen, bertako biztanleak sozioekonomikoki antzerakoak izaten dira.
  • Hautaketa bietapikoa da; hau da, lehenik aztertzeko sekzioak hautatu dituzte, eta ondoren inkestatuko diren pertsonak. Halako lagin murritzarekin, eta 30 errolda sekziotan, bakoitzean 20 pertsona inkestatuz, azterketa honek laginketa okerra izateko arrisku handiegia du.
  • Errolda sekzio bateko 20 pertsona hautatuen bozka askoz ere homogeneoagoa izango da. Herrialde osoan ausaz hautatutako lagin (handiago) bat aztertu izan balitz emaitzak fidelagoak lirateke.

600 pertsonako lagina hartuta
+- %4.08ko errore marjina
dagoela adieraztea, gezurra esatea da

Konfiantza mailaz eta errore-marjinaz

  • Ikerketa estatistiko baten konfiantza maila eta errore marjina laginaren hautaketa ausazkoa izan denean estimatu daiteke soilik. Populazio guztiak hautatua izateko probabilitate bera izan duenean. Hau hala izan al da inkesta honetan? Ala beste inkesta ez-ofizial askotan bezalaxe, kostuak murrizte aldera, ezagun diren populazioaren adin eta sexu ezaugarrietara doitutako hautaketa egin da ausazkotasuna errespetatu gabe?
  • Hautaketa balintza tekniko-estatistiko egokietan eginez gero, laginaren ezaugarriak populazioaren ezaugarrien oso antzekoak irtengo lirateke derrigor. Eta hautatutako laginaren ezaugarriak (sexua eta adina) ez badira populazioaren antzerakoak, nola espero dezakegu beste daturen bat (bozka asmoa) antzerakoa izatea?

**Hurrengo iruzkinek zentzua dute, laginaren hautaketa baldintza tekniko-estatistiko egokitan egin bazen:

  • Euskobarometroaren egileen arabera inkestaren konfiantza maila %95ekoa da, eta errore-marjina +- %4,08koa.
  • Bi datu horiek laginaren osotasunaren gainekoak dira: 600 biztanle. Herrialde historiko bakoitzean lagina murritzagoa baita (200 biztanle).
  • Inkesta baten emaitzek ez dute errore maila bat. Estimatutako zifra bakoitzak errore maila ezberdina du, eta inkesta amaitu ostean kalkulatu behar da. Kasu honetan alderdi bakoitzaren bozkatzaile kopuruak bere errore maila propioa du.
  • Populazioa aztertzeko EUSTAT-ek egindako PRA ikerketa hartu dezagun adibide gisa. Hemen klik egin, eta ikusiko duzue, estimatutako datu bakoitzak bere konfiantza maila propioa duela.
  • PRA-n hiruhilabetero 5000 familia inkestatzen dira, 13.500 pertsonaren informazioa jasoz. Araban esaterako, 1552 etxebizitzatako lagina hartzen dute, 3000 norbanako baino gehiago inkestatuz. Azterketa hau eginda, 25.500 langabetu estimatzen dira herrialdean. Baina %7,5ko Aldaketa Koefizientearekin, hau da, %95eko konfiantza mailarekin. Esan nahi da, 21.700 eta 29.300 biztanle bitarteko konfiantza tartea kalkulatzen dela.
  • Nabarmena da beraz, 600 pertsonako lagina hartuta +- %4.08ko errore marjina dagoela adieraztea, gezurra esatea dela. Harrigarria halaber, ustez adituak diren unibertsitateko irakasle batzuk halako “datu teknikoak” publikatzea.

Laginketaz gaindiko akatsak:

  • Halako inkestetan berebiziko garrantzia du ausaz hautatutako lagin titularra errespetatzeak. Horren baitakoa baita emaitzen balio zientifikoa. Hautatutako etxebizitzetan jendea ez topatzeagatik, edo norbanakoek erantzun nahi ez dutelako, askotan beste etxebizitza batzuetara jotzen amaitzen du inkestatzaileak. Eta honek zeharo baldintzatzen ditu lortuko diren emaitzak, akatsa handituz. Euskobarometroan bertan azaltzen da inkesta egiterakoan arazo ugari izan direla, ondorioztatzen dugu ezinbestean beraz, lagin titularra ezin izan dela bere horretan errespetatu. Zenbat aldaketa egin behar izan dira 600 norbanakoko lagina osatu arte?
  • Zergatik ez da zuzendu alboratze hau? Akaso emaitzak are eta sinesgaitzagoak bihurtuko liratekeelako?


Navarrometroarekin gertatu bezalaxe, sekulako autoritatea aitortu zaio Francisco José Lleraren Euskobarometroari ere. Hamaika hedabidetan argitaratu dute egia bailitzan. Ikusteko dago ordea zeintzuk izango diren Euskal Herriko emaitzak. Baina Laura Mintegik artikulu honetan adierazi bezala, argi izan dezagun: Alderdiek Podemosekin duten ‘arazoa’ ez da Podemosi begira konponduko, jendeari begira baino.

Kristalezko bolari begira igarotzen ditut goizak eta arratsak. Eta gauez ezin dut lorik egin.

Zer duzu buruan “Euskobarometroa, eskuak irakurtzea eta tarota”-ri buruz

  • Balorazio teknikoetaz haratago, Euskobarometroari buruz esan daitekeen harrigarriena zenbakien magia da. Portzentaien batura 102,1% da. Gañera, datu horretan beste batzuk (equo, C’s …), zuriak etab kontutan hartu gabe.

    Azkenik, aurreko euskobarometroarekin alderatuz, zer gertatu da EAEn azken 6 hillabeteetan 2014ko lehen 6 hillabeteetan gertatu es denik? Podemos 5% etik 25,6% igaro da Pakometroaren aburuz dnbora tarte murritz horretan. Horrelako aldaketa soziologiko bat 6 hillabetetan gertatzea ia ezinezkoa da sakoneko gertaera bat ez baldin badago.