Unai Elorriaga: munduko bortizkeriak ez du etenik (Sautrela 395)

Unai Elorriaga Iazko hezurrak

Iritsi zaigu guri ere urteko azkenekoa, eta euskal literaturako idazle handi batekin amaituko dugu, Unai Elorriaga algortarrarekin. Aurreko Londres kartoizkoa da nobela plazaratu eta bost urtera eman du argitara Iazko hezurrak. Unai Elorriagaren ibilbidean obra esanguratsua izango da ziur aski, neurri batean behintzat bide berri bat irekitzen duena. Inoiz idatzi duen liburu mardulena dugu, biolentziaren izugarrikeriaren inguruan ondutakoa. Batez ere Euskal Herriko eta Ruandako indarkeriak azaltzen zaizkigu, modu aski gordinean azaldu ere. Liburuaren ingurukoak kontatuko dizkigu, bada, Unai Elorriaga berak, eta baita idazletza eta literaturari buruzko beste zenbait gauza ere. Berriki iragarri zuen idazle profesional izateari utzi nahi ziola. Zer bizi izan du langintza horretan? Nolatan asmo berri horiek?

Erreportajean gai beraren inguruko zazpi idazleren iritziak ezagutuko ditugu. Sarri azaltzen zaizkigu hil baino lehen irakurri beharreko liburu ezinbestekoen zerrendak. Duela gutxi argitaratu zuen, esaterako, Mario Vargas Llosa nobeldunak bere bederatzi liburu gogokoen zerrenda. Alabaina, zenbaitetan zerrenda horietako liburu bat edo beste irakurri eta zaputza hartu ohi dugu, nahiz eta normalean ez garen publikoki aitortzera ausartzen. Liburu horiexei buruz galdegin diegu, bada, idazleei. Ze liburu kanonikorekin ez dute gozatu? Zeinekin esan ote dute “ez zait hainbeste gustatu”? Zergatik?

Azkenik, Mario Onaindiaren Grande Placen aurkituko gara-ri buruz ariko zaigu Beñat Sarasola. Politikari gisa ezagunagoa, hainbat literatur lan ere argitaratu zuen Onaindiak, eta horien artean ezagunenari buruz mintzatuko zaigu Sarasola.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.