Mugikorrean ere Badok?

“Badoken gaude jada!!”, txiokatu zuen banda gazte batek duela egun batzuk. Talde berrien epostak jasotzen ditu webguneko lantaldeak, datu basean sartzeko eskaerak, eta baita kurrikulumak ere, lanpostu eske. Pello Urzelai kazetariaren arabera “oso seinale ona da hori”. Bere txikian handi hasi da Badok.info, eta hazteko bokazioz hasi ere. Abendu honetan aurkeztuko dute atariaren mugikorrerako aplikazioa (iragarri zuten Bartzelonan). Euskal musikaren ataria poltsikoan eramateko aukera ematen duen tresna. Ez al zituen ba euskal musikak erreferentziazko plazak behar? Hona hemen bat, ederra eta duina.
IMG_8107

Berri Txarrak modan dauden honetan, berri ederrak datozkigu euskal musikarentzat. Badok.info hastapenetatik ari baita bere xedea betetzen. Euskal taldeek bertan egon nahi dute eta bertan aurkezten dituzte lehen single eta bideoak. Zerbait ondo egin dutenaren seinale. Euskal musikak zerbait (gehiago) behar zuenaren seinale. Irratietan euskal eszenak ahuspoa galdu duen garaiotan, spotify eta groovesharken garaiotan, plaza berri baten beharra ase du Badokek.

Musika entzuteko

Euskarazko musika dena dago Badoken. Hori da bere erreferentzialtasunaren gakoetako bat. Euskaraz musika egiten baduzu, badoken egon behar du zure lanak. Hori da mezua. Eta hala ari da gertatzen, musikarien nahiagatik eta bertako lantaldearen lanari esker. Talde bakoitzak bere fitxa du informazio andanarekin eta abesti, disko, zein, bideoekin. Sarean aurretik dauden hamaika plataformetatik jasotzen du informazioa Badok.info atariak. Eta sarreran azaldu bezala, aurkeztear den App-arekin poltsikoan eraman ahal izango dugu guztia, nahi duzunean entzuteko.

Spotify eta Deezer bezalako plataformetatik
biltzen ditu abestiak Badok.info-k

Hedabidea

Eduki sortzaile ere bada Badok. Hedabide bokazioarekin jaio da baita,  elkarrizketa zein albisteak publikatzeko eta, bide batez, euskal kulturako edo panoramako jende ezagunaren playlist kuttunak publikatzeko. Azkena Onintza Enbeitarena, zer entzuten duen jakin nahi? Arakatu eta deskubritzeko sortu dute tresna, lehen ezagutzen zailagoak ziren euskal musikaren hegi eta bazterrak aurki ditzazun.

Urte askotarako Badok!

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.