Sautrela 392. saioaren aurrerapena (Jose Luis Otamendi)

Jose Luis Otamendi

Jose Luis Otamendi poesiazko obra oparoa duen idazlea dugu, gure arteko poeta handienetakoa. 1980ean argitaratu zuen lehen poema liburua, Egunsenti biluzia, eta ordutik beste dozena erdi poema liburu plazaratu du, eta baita ipuin liburu gogoangarri bat –Euri kontuak– ere. Orain arteko azkenekoak, Lur bat zure minari eta Erlojuen mekanika, aski laudatuak izan ziren, eta ez zuen lan erraza, beraz, mailari eusten. Erronka horri aurre egiten ahalegindu da Kapital publikoa poemategi berrian eta haren harira izango dugu gurekin azpeitiarra. Nolakoak izan dira berau idazteko izerdi-nekeak? Zertan ezberdintzen ote da aurrekoengandik? Ze irudi, hausnarketa, ekarriko dizkigu oraingoan?

Erreportajean, Eusko Jaurlaritzak abian ipini duen proiektu berri bati buruz ariko gara. Mundu digitalaren garapenarekin, liburutegiak ere eraldaketa prozesu etengabean dira, eta horren baitan kokatzen da berriki aurkeztu duten liburutegi digitalen sarea. EAEko udal liburutegiek liburu digitalak mailegatzeko aukera izango dute aurrerantzean, liburutegiaren eraikuntzara joan beharrean etxetik zure irakurgailura doan jaisteko aukera alegia. Nola funtzionatuko du, baina, sistema horrek? Zenbat egunetarako hartu ahal izango dira? Zenbat aldiz? Ze ordain izango dute idazle eta argitaletxeek? Hori guztia argitzen saiatuko gara erreportajean.

Azkenik, Beñat Sarasolak 1975eko euskarazko liburu irakurrienetako bat berreskuratuko digu, Xabier Gereño-ren Andereño nobela. Liburu berezia inondik ere, Sarasolak laburbildu eta haren argi-itzalak adieraziko dizkiguna.

Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai Sautrela, 15.00etatik aurrera, ETB1en.