Durangoko Azoka, euskal kulturaren gogoeta gune

euskal kulturaren gogoeta

Abendua gainean dugu, eta horrekin batera, baita euskal kulturzaleontzat urteko zita garrantzitsuenetakoa den Durangoko Azoka ere. Abenduaren 5etik 8ra orotariko ekimen, aurkezpen, zuzeneko emanaldi eta oro har, euskal kulturaren erdigune izango da azoka. Aurtengo honek hainbat berrikuntza izango ditu gainera.

Landakoguneko Areto Nagusia

Beste urtebetez kulturzale guztiak asebetetzeko asmoarekin Landakon hasi eta San Agustineraino, Durango Hirian ibilbidea proposatuko dute zortzi gunetako aukerak aurkeztuz. Areto Nagusia, Ahotsenea, Kabi@, Irudienea, Saguganbara, Plateruena, Szenatokia eta Azoka TBk osotuko dute hainbat disziplinatako programazio oparoa. Guztia 700 metroren barruan eta bost minutuko distantzian.

Nobedade nagusia Landakogunean kokatzen den Areto Nagusia izango da. Gerediagako presidentea den Nerea Mujikaren arabera: “Euskal kulturaren plaza nagusia, euskal kulturari buruzko gogoeta gune garrantzitsu bilakatzeko erronka” hartu dute Gerediagan. Horretarako, kultur sektorearen kezka, erronka eta gogoetak jasoko dituen espazioa egokituko dute programazioaren barruan. 

Ikasleen eguna

Lehengo urtean bezala, Azokako lehenengo eguna ikasleei bideratua izango da, eta abenduaren 5eko egitarauaren zati handi bat hartuko du haur eta gazteei zuzendutako eskaintzak.

Aurten iaz baino tailer gehiago antolatu dira, eta guztira 30 saiotik gora eskainiko dira ekimenaren baitan. Euskal Herri osoko eskariak jaso ondoren, 36 ikastetxetako 1170 ikaslek hartuko dute tailerretan parte.

azoka - euskal kulturaren gogoeta

Autoedizioari toki berezia

Goranzko joera duen jokamoldea dela aintzat hartuta, auto ekoizleen plaza antolatu dute aurten lehenengo aldiz Durangoko Azokan. “Areto Nagusiaren alboan egongo den eremu berezi bat izango da, gainontzeko standetatik bereiztuko dena, ez bakarrik itxuran eta tamainan, baita antolatzeko eran ere”. Guztira 16 sortzailek emango dute bertan bere lanaren berri. Haiez gain, auto ekoizpenaren bidea hartu duten beste batzuk stand propioa izango dute, hala nola Berri Txarrak eta Zea Mays-ek.

Zuzenekoak

Sortzaile eta zaleen arteko zubi lanaz gain, Azokaren aurpegi erakargarrienetako bat zuzeneko eskaintzak izango du. Bertan izango dira gune bakoitzaren baliabideak erabiliz azken urtean lan bat argitara eman dut euskal sortzaile gehienak. Egitaraua osorik kontsulta dezakezu hemen.

euskal kulturaren gogoeta gune

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Zer duzu buruan “Durangoko Azoka, euskal kulturaren gogoeta gune”-ri buruz