Kataluniarrena ez da broma

Hiru bat urte igaro dira kataluniarrak independentziarako bidean jarri zirenetik, eta egia esan, asko izan ginen orduan gurasokeriaz eta mespretxuz euren hitz, manifestazioa eta aldarrikapenak umorez hartu genituen euskaldunak: “Guk mende erdian lortu ez duguna hauek bi egunetan lortuk dutela uste dute”, edo “hain erraza balitz euskaldunok aspaldi ginateke independiente”.
Kataluniarrena ez da broma

Gero, azaroaren 9a hurbiltzen ari zela, asko izan ginen kontsultarik egingo ez zela uste genuenak: “Ikusten nola guzti honek ez duen ezertarako balio”, “Ez dira ausartuko bozkaketa antolatzera”… Eta kontsultaren ondoren ere, ez da inguruotan falta izan “ados, baiezkoa atera da, baina orain zer? Ez dute alternatiba seriorik” bota duenik.

Masen proposamen berria ikusita ere, berriro hasi gara pentsatzen “proposamenak ez du ibilberdik izango” edo, “gehiengoa lortuta ere ez dira aldebakarreko independentzia martxan jartzeko gai izango”.

Baina, hiru urte igaro dira gutxienez bidea hasi zenetik, eta hainbat indar erakustaldiren ondoren, gure hitzak irentsi behar izan ditugu askok. Akaso oraingo honetan ere, hobe izango da mespretxua eta gurasokeria alboan utzi eta kritiko izateari utzi gabe euren lorpenak txalotzea, Kataluniarrena ez da broma, eta makina bat lezioa eman dizkigute Mediterraneo aldetik. Beste kontu bat da gu irakaspen horiek jasotzeko prest ote gauden.