Espediente akademikoa

mapa_espanya_assimilada1

Ez dut izenik aipatuko, baina badabil hemen nonbait, Nafarroa aldeko inoiz erresuma izandako honetan, historialari bat, tarteka liburuak argitaratzen dituena, eta liburu horietan, bere argazkiaren azpian, egilearen biografia azaldu behar den tokian, honako gauzak paratzen dituena: “Europako hainbat unibertsitatetan ikasi eta espediente akademiko bikaina erdietsi ondoren…”. Toki guzietan nota onak atera dituela, alegia –gure bortz urteko semeari behin txalo egin zioten ikastolan, matematika eragiketa bat buruz egin zuelako, eta pasadizoa mundu guziari kontatzen dio oraindik, baina espero dut, noizbait libururik idatziko balu, hori ez aipatzea bere biografian, bere buruaren goragarri–. Gero liburu horiek irakurri, hainbertze ikasi izanaren eta hain nota onak lortu izanaren emaitza ikusi eta zera pentsatzen du eta irakurleak –irakurle honek, behinik behin–: ene, zenbat denbora alferrik galdua!

Halere, historialari hari zor diot nire curriculumean sail berri bat zabaldu izana. Eta dena gaizki-ulertu baten ondorioa izan zen. Duela urte batzuk, artikulu batean, historialari hark erran zuen ni ez nintzela deusez ohartzen, baina nire erdipurdiko adierazpenei esker etorkizun oparoa izanen nuela Euskal Herrian –horretan bete-betean asmatu zuen–, eta, nolanahi ere, intelektualki mediokrea nintzela. Mindua zegoen, baina dena, erran bezala, gaizki-ulertu baten ondorioa izan zen: nire liburutto batean haren izena aipatzen nuen, eta hark ulertu zuen kritikatzen ari nintzela: baina ez da egia, nik kritika fundamentuzko zerbait egina zutenei baizik ez bainien egin, eta alde horretatik, hura lasai egon zitekeen. Hori nolanahi den ere, nire mendeku merke honen helburua da azaltzea nola sortu zen sail berri bat nire curriculumean: erran dizkidaten gauzarik politenak. Edo lore-sorta.

Tesia egiten ari nintzela, bi hilabete eman nituen Parisen, eta solasaldi batean, han ezagutu nuen lagun batek defendatu zuen berak gustu ona zuela zinema kontuetan: “hori ez da egia”, erantzun omen zioten –nik ez bainuen parte hartu eztabaida hartan–, “Santiagori gustatzen zaizkion film berberak gustatzen zaizkizu-eta zuri ere”. Esaldi hori ere curriculumera joan zen zuzenean, lore-sorta sailera.

Lagun harekin, eta hark bezain gustu txarra zuten bertze birekin joan nintzen Parisen Bruce LaBruce kultuko zuzendari gayaren film bat ikustera, igande arratsalde eguzkitsu batean –ez zen zehazki film erotikoa, baina larru dezente jotzen zen bertan–. Bazkaldu ondoren, zinemara abiatu ginen laurak –bi mutil eta bi neska–, eta sarrerak neronek eskatu nituen: “lau txartel, faborez”; “zein filmetarakoa”, sarrerako saltzaileak; “oraingorako”, nik; “bai, oraingorako, baina zeinetarako?”, hark. Titulua erran artio, ez zidan sarrerarik eman nahi izan, baina zinema hartan areto bakarra zegoen, eta tenore hartan, film bakarra. Saltzaileak, beraz, ez zuen sinesten ahal itxura guzien arabera bi bikote hetero haiek film hura ikusi nahi zutela.

Filmaz gozatu nintzen –eta anitz gauza ikasi nituen gainera: nire buruaren goragarri, amorante guziei aipatzen diet espediente sexual bikaina dudala, baina gero, emaitza praktikoak ikusita, gehienek pentsatzen dute: ene, a zenbat denbora alferrik galdua!–, baina kasik gehiago gozatu nintzen sarrera-saltzailea harritu izanaz eta haren ikusmoldea –istant batez bazen ere– inarrosi eta hankaz goiti paratu izanaz, bai eta filma ikustera hiru lagunekin joan izanaz ere. Ni bainintzen filma egiatan ikusi nahi zuen bakarra, eta gainerakoak ni laguntzera etorri ziren: hori izugarrizko gertaera da ni bezalako karismarik gabeko norbaitendako.

Ez bainaiz inoiz lider naturala izan. Eskolan, adibidez, arrunt txarra nintzen futbolean, eta gogoan dut, patioan, atsedenaldian, jokatzen nuen aldi bakanetan, pilota kasualitatez nire hanketara ailegatzen bazen, hurbilen nuen ate aldera botatzen nuela –eta, Murphyren legeren bati jarraiki, ate hura gehien-gehienetan nire taldearena izaten zela–. Haurtzaroko episodio ilun hori dotoretze aldera, nire memorietan idatziko dut sei-zazpi urterekin Roberto Bolaño irakurtzen nuela eta harengandik ikasi nuela auto-golak zeinen ederrak diren: auto-gol bat, zioen Bolañok, independentzia keinu bat da. Patioko haur buruzagiak –artean naski Bolañoren libururik irakurri gabeak– ez ziren preseski pozten kirol egiteko nuen manera iraultzaile harekin, eta gorroto ninduten. Horren trukean, harrezkeroztik nik gorroto izan ditut lider natural karismatiko guziak.

Horregatik, niri ez zait bereziki inporta politikariek karismarik ez izatea. Joan den astean, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak bisita egin zion Espainiako erregeari, eta karismarik gabeko politikariak zilegitasun demokratikorik gabeko monarkari bere espediente akademikoa erakutsi zion: Berria egunkariaren arabera, elkarrizketa eta leialtasuna dira espediente horretako bertute nagusiak, eta biak eskaini zizkion Urkulluk Borboikoari. Karismarik gabeko bertze politikari baten kontra, Artur Masen kontra hain zuzen ere, behin eta berriz leialtasun falta aipatzen ari den eta Masi elkarrizketari uko egin izana leporatzen ari zaion honetan, gol itsusia izan zen –auto-golaren edertasunetik arras urrun, lekuz kanpo sartua– leialtasuna eta elkarrizketa eskaini izana nori eta erregeari, hau da, herritar guziak intelektualki eta politikoki mediokreak garela uste duen erakunde baten ordezkariari. Fikzio politikoen artean, gezurra izateaz gainera, fikzio tristeenetarik bat baita euskaldunek koroarekin paktu bat dutelakoa.

Nolanahi ere, gure esku dago, egotekotan, guregandik espero dena pikutara igortzea eta ikusmolde hegemonikoa haustea. Gu ere liderrak ez izanda ere, segur aski politikari batzuk –ez guziak, ez baitugu karismarik batere, baina bai batzuk– gure gibeletik etorriko lirateke; Katalunian, azken batean, horrelako zer edo zer gertatu baita.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.