Agiri hau nonbaiten ikusi baduzu… tira, ostutakoa da

Azkoitia

Irudian agertzen den agiria guztiona da. Ondare historikoa da, bere garaian Erromatik Azkoitiara bidalitako gutuna, eta gure iragana ulertzen laguntzen gaituena. Baina azken urteetan norbaiten poltsikoan dago. Karpeta batean gordeta, agian. Pareta batean markoztatuta. Ala eskrupulu askorik gabeko bildumagile baten katalogo ezkutuan. Zeinek daki.

Larriena da, hala ere, agiri hori ez dela galduta dagoen bakarra. Beste asko eta asko desagertu dira Euskal Herriko artxiboetatik. Arrazoia argi dago: agiri horiek dituzten lakrezko zigiluek balio handia dute filateliaren munduan eta tamalez artxibo guztiek ez dute beharko luketen segurtasun haina.

Asko berreskuratu badira ere, oraindik ere agiri mordoa falta da, eta zeregin horretan ari da une honetan bertan Ertzaintzaren barruan Ondarea zaintzeaz arduratzen den lantaldea. Kazetariok horrenbeste maite ditugun hiperbole sentsazionalista horietako bat erabilita, euskal “monuments men” badirela esan genezake. Eta “womenak”, zuzentasun politikoak gorde behar baditugu. Normalean isilpean egiten dute lan, baina Lurralden kuxkuxero samarrak garenez gero, haien atea jo dugu erantzunen bila. Eta eman dizkigute.