Espainiako ustelkeria ere ETA da

ETAsko eta asko geratuko dira orandik ezkutuan -tartean, baita Euskal Herrian ere- baina azken bi edo hiru urteotan orotariko ustelkeria trama eta eskandaluak egin dituzte publiko El Mundo, El País eta antzerako hedabide espainiarrek, eta atzo ezagutu genuenaren kasuan bezala, baita Guardia Zibilak ere. Bata bestearen atzetik (ia) inor gehiegi sumindu gabe ezagutu ditugu Iñaki Urdangarinen kasua, PPren karguen gainsari beltzen sistema, Pujol eta lagunen %3a, eta Blesa eta Ratoren azpikeriak…

Komisio ilegalak, erositako esleipen publikoak eta bestelako delituak ez dira ordea azken urteotako kontua. Haizatu diren ustelkeria kasu gehienek jatorria hamar edo hogei urte atzerago dute, 2000 urtearen bueltan. Horrela bada, zergatik ez dituzte epaile, polizia eta ikerketa-kazetariek orain arte jazarri edo salatu?

Krisia, independentismoa…

Analista guztiek ahotan duten motibo nagusia krisi ekonomikoa esaten diogun hori da. Erdi mailako klaseak bere pribilegioak eta ongizatea kolokan ikusi dituen arte ez omen du lupa jarri politikarien lan edo lan faltan, eta gauza bera egin omen dute hedabideek. Poltsikoak beteta genituen bitartean beste batzuen poltsikoek -edo Suitzako kontuek- ez zigutela axola, alegia.

Pujolen kasuan aldiz, badirudi independentismoaren gorakadak tentatu duela bat baino gehiago orain arte estalpean goxo zeuden kontu zikinak zabaltzeko. PPko zenbait karguk off-the-record aitortzen omen duen gisan: “Komisioena barkatzen zitzaion Katalunia kontrolatuta mantentzeko ardura zuelako, eta orain, bi arazoak ditugu”.

ETAk armak utzi zituenetik gora

Orain arte inor gutxik aipatu duen faktorea da beste hau, baina egutegiari erreparatuz gero, agerikoa da ETAk borroka armatua behin-betiko eten zuenetik gehigao direla publiko egin diren ustelkeria kasuak. Ezin esan arrazoi nagusia hori denik, baina badu bere justifikazioa ere. ETA aktibo izan den urteetan, Espainiako Guardi Zibilak eta ikerketa taldeek energia eta baliabide guztiak atxiloketak eta gerra zikina egiten jarri dituzte, eta ziur asko, jaso dituzten aginduak ere horiek izan dira: “Egia da bai ustelkeria kasuak badaudela, baina txikikeria dira horiek, inporta zaiguna ETA garaitzea da, ez besterik”.

ETA arriskutzat jotzen ez denetik ordea, ezein Barne Ministrok ezin du urteotan pilatutako Guardia Zibil eta epaile mordoa soilik lan horretara bideratu, eta ezinbestean, orduan hasi dira Espainia aldera ere begiratzen. Ertzaintza euskalduna ez izatearen errua ETArena den bezalaxe, ez ote da ETAren meritua izango Barcenas, Granados eta besteak kartzeleratzea hilabete batzuetarako besterik ez bada ere ?