Zergatik ez dago EiTB ikusterik Nafarroan?

bar

Zergatik ez dago EiTB ikusterik Nafarroan? Nafarroan EiTB ikusteko arazoek eta horren atzeko tirabirek telenobela bat baino gehiagorako emango lukete, baina horrenbeste pasarte izan ditu, ezen erabat galduta bainago. Horregatik, eta bakarra ez naizelakoan, gaia ondo ezagutzen duen Patxi Zabaleta EH Bilduko parlamentari nafarraren hitzak (ahal bezain fidelen) ekarri ditut hona.

Izan ere, berak bi arrazoi ematen ditu EiTB Nafarroan ez ikusi ahal izatea azaltzeko: Batetik, UPNk zuzendutako Gobernuaren etengabeko trabak, eta bestetik, EiTB beraren “harrokeria”.

Eskubideak mugatzeko lege-sistema

“EITBren afera nafarron askatasuna eta hizkuntza eskubideak mugatzeko lege-sistemak (Nafarroako Estatutua eta 1986ko “Vascuencearen legea” tarteko) eragindako kapitulu bat gehiago da. Nafarroa hiru zatitan dago banatuta, eta horren arabera arautzen dira honako gaiei dagozkien eskubideak: A) Euskararen erabilera ofiziala. B) Hezkuntza ofiziala C) Hedabideak”.

“Libreak behar luketen aukera eta identitate pertsonalaren aurkako zapalkuntza hutsa da. Nafarroan 60 kate baino gehiago ikus daitezke LTD bidez, eta horien artean, baita espainiar eskuin muturrarenak direnak ere. EiTB ez ordea. Egoera hau salatzen jarraituko dugu, Euskal Herria Irratia eta beste hainbat hedabideren kasuekin egiten dugun bezala”

EITBren “akatsak”

“Egia da EiTBk ere hainbat hankasartze egin dituela, dela ezjakintasunagatik, dela harrokeriagatik edo dela errealismo faltagatik. Esaterako, akatsa izan zen doako lizentzia baten lagapena ez onartzea, eta baita Nafarroako Parlamentuari Nafarroan emititu zezan erregutzeko eskatzea,  EiTBren eskubideak errespetatuko zituen legeak sortzeko eskatu beharrean”.

Hortaz, Patxi Zabaletaren arabera behintzat, errua eta ardura bi zatitan, eta bitartean, Nafarrak oraindik Gu Ta Gutarrak ikusi gabe.

2 pentsamendu “Zergatik ez dago EiTB ikusterik Nafarroan?”-ri buruz

  • Mantxut? Doako lizentzia bati uko egin diola EITBk Nafarroan? “EiTBren eskubideak errespetatuko zituen legeak sortzeko” eskatu zezakeela?
    Telenobelaren kapituluren bat galduko nuen…

  • Ni bezalaxe orduan. Nork utzi behar zion bada lizentzia bat doan ETBri?