8 apellidos vascos oinarri duen telesaila Antena 3en

8 apellidos vascos  film arrakastatsuak euskaldunen estereotipoak zukutu eta lau haizetara zabaltzeak barre algarak piztu zizkien batzuei, baina sutu ere egin zituen beste asko. Bada, batzuek zein besteek eztabaidarako aitzakia izango dute, luzerako gainera, askok iragarritako bigarren zatia beharrean, filma oinarri duen telesaila jarriko baitu martxan Antena 3ek: Allí abajo.

yeah

Telesaileko protagonista Iñaki da, 40 urteren bueltan den donostiar “soso, serio eta birjina”, amarekin bizi dena. Maritxuk (amak) hala eskatuta Andaluziara bidaiatuko du, baina auto istripu batean ama koman geratzearekin batera, goitik behera aldatuko zaio bizitza. Bertan, Sevillako ospitalean, ezagutuko du Carmen, erizaina eta bere jarrera irekiarekin Iñaki harritu eta maiteminduko duena. Horixe izango omen da, Formula.tv atariak zabaldu duenez, 2015arekin batera abiatuko den telesailaren abiapuntua.

Euskaldunak aktoreen artean ere

Bi protagonistei (Iñaki eta Karmen) aurpegia jartzeko, orain arte EITBn aritu den Jon Plazaola, eta umorezko hainbat telesailetan parte hartu duen Maria León hautatu dituzte. Besteak beste Kontrako Eztarrian aritu den urretxuarrak lehen aldiz hartuko du parte Espainiako telebista kate batean. Oscar Terolek ere agerraldiren bat egingo du Antena 3ek zabalduko duen saio berrian, Deiak aurreratu duenaren arabera. Ikusteko dago oraindik euskaldunen papera egingo dutenen artean bertako aktore gehiago ere izango den edo ez.

Ocho apellidos vascos filmak bezainbesteko arrakasta izango ote du bazterrotan telesailak ere? Antena 3ek Telecinco gaindituko ote du EAEko kate ikusiena izan arte?  EITB1en %1,8ko audientziak are gehiago egingo du behera? 2015 hasierara arte itxaron beharko dugu galderok erantzuteko.