Stop Contradictions

Pablo Berasteg(u)i Donostia 2016ko zuzendari orokor hautatu izanak Udalaren aurkako kritika festa (ulergarria) piztu du han eta hemen. Izagirre eta enparauek entzun beharrekoak entzun dituzte  dagoeneko ordea, eta originaltasunaren mesedetan besterik ez bada ere, ez ditut hemen errepikatuko.

Dena dela, erabaki polemikoak (ibilbide luzerik izan ez duen) beste eztabaida bat ere ekarri du, Lander Garroren txio honi esker. Amuari kosk egin, eta paralelismo horren aitzakian, domino efektuari jarraipena emango liokeen hirugarren eztabaidagaia bildu dut datozen lerro paralelootan.

Alderagarriak dira Berasteg(u)iren izendapena eta Belakoren hautu artistiko/linguistikoa? Bada, ez. Hala ebatzi dute txioa erantzun dutenek (Igor Elortza eta Gari Garaialdek, besteak beste), eta baita Lander Garro berak ere. Edo akaso bai, baina alderatuz gero, lehen begiratuan antzematen dira 7 ezberdintasunak. Nabarmenena honakoa: (langile publikoen euskarazko gaitasunaren ezinbestekotasuna aldarrikatzen duen) erakunde publiko baten erabakia da bata; eta inori azalpenik eman gabe sorkuntza lanetarako nahi duen hizkuntza erabil dezakeen musika taldearena bestea.

belako

Belakoren abestien hitzak (nagusiki) ingelesez diren modu berean, tra(d)izioz, asko dira ingelesera edo espainierara jo duten Euskal Herriko taldeak (S.A., Barricada, Kaotiko, Audience, Delorean eta abar luze bat), eta ez dut egundo ezagutu taldeotako zenbait txalotu eta gozatu ez dituen euskalzale bakar bat ere. Izango da bestela pentsatzen duenik, baina ez dut musikari haietako bakar bati ere zein hizkuntza erabili behar duen esateko adorerik.

Aukeran, eskakizunak nire zergak (eta boza) kudeatzen dituztenei egitearen aldekoagoa naiz ni; eta bigarren maila batean, koherentzia eskatzen diet zenbait balio aldarrikatu bai, baina (tarteka) praktikan jartzen ez dituzten elkarte edo erakundeei ere. Bazterrotan udal edo erakunde (ustez) euskalzaleek kontzertu mordoa antolatzen dutenez, ez al da zentzuzkagoa haiek kontratatzen dituzten taldeei erreparatzea, ingelesez abestu nahi duena egurtzea baino? Donostian kasu, ohikoak dira, Saguesen eta portuan, euskarazkoak ez diren (bertako zein kanpoko taldeen) kontzertuak.

Baina, koherentzia eskatzekotan, erakunde eta udalok feministak, ekologistak eta autogestioaren aldekoak ere badirenez gero, kontratatzen dituzten taldeek horren araberako baldintzak ere bete beharko lituzkete. Edo akaso, kontzertuak antolatzeari utzi beharko liokete behingoz. Hala balitz, nik dakidan batek ez luke Aste Nagusiko astelehen batez, Berri Txarrak (euskarazko, euskalzale, arrakastatsu, gizonezko) eta Belakoren (berritzaile, ingelesezko, autogestioaren aldeko, misto) artean koherentziaz hautatu beharrak txikituta, suak amaitu berritan eta izozkirik gabe, etxerako bidea hartu beharko.

NIRE KONTRA ESANAK