Udalerrian euskara ez berreskuratzeko aholkuak zinegotzi abertzalearentzat

momotxorroak-berria - Udalerrian euskara ez berreskuratzeko aholkuak zinegotzi abertzalearentzat

Agertu beti euskaltzale sutsu gisa, espainieraz bizi arren. Erraza da:

Lehenik, zure alderdi txit abertzaleak agintzen ez duen garaian, salatu zorrotz eta gogor besteek burututako hizkuntz politika, zernolakoa den ere, eta zure taldeak egitasmo hoberik (ez besterik) ez badauka ere. Inor ez da horrekin gogoratuko gero. Carpe diem.
Behin boterea eskuratuta, agerraldi publikoetan eta jende jakin batzuen aurrean euskaraz egin, haurrei ere bai, eta euskarari egiten zaizkion erasoak ozen salatu; horrekin nahikoa. Nafarroan adibidez, oso-oso erraza da euskaltzale gisa agertzea: Barcina eta UPN ibili ahotan beti, aje guztien errua haiei bota. Inork ez dizu gehiagorik eskatuko.

Kultur programazio “zabala” egin, “normala”… hau da, oso nagusiki espainierazkoa.
Hori bai, kartelak-eta ele bietan, eskaintza erdara hutsezkoa izan arren. Inor ez zaizu oldartuko.

Kirol jardueretan kezkatu zaitez kartelak gutxi-asko ele bietan ager daitezen; gainerako guztia espainieraz egiten bada ez kezkatu.
Adibidez, herriko haur gehien-gehienak D ereduan edo ikastolan ibili arren, espainieraz entrenatzen badira futbolean, lasai. Ez zaizu inor aztoratuko.
Izan ere, futbola praktikatzera doaz, ez euskara. Horretarako “udan euskaraz” saioa baitago, ezta? Beste jarduera guztietan, “normal” aritu daitezela.

Herriko gau giroa erabat erdaldundu dela? Tabernetan apenas entzuten dela euskarazko musikarik?
Eta zer erru dauka ba udalak? Eremu “pribatuan” ezin du eragin… “Dena” ezin du udalak egin!
Gainera jendea gauez parranda egitera irteten da, ez euskara praktikatzera!

Udal ospakizun eta herriko jaietan egin leku (bat) euskarari, itzulpen triste bidez bada ere.
Hori egin ezean, egun horietan bai, “euskararen zaindari” bat edo beste agertuko zaizkizu azalpen eske. Baina ez larritu. Euskararen zaindari erdiak-edo zeure taldekoak direnez, horiek ez dizute ezer esango, taldea, taldea da eta!

Udal liburutegia espainieraren itsasoa izan dadila. Hori bai, ez ahaztu euskarazko eduki urriei bisibilitatea emateaz. Horiek lehen lerroan jarri. Perzepzio-emaitzak ikusgarriak izan ohi dira.

Herriko azalera handiko saltokietan edota banketxeren batean edo bestean, euskarazko arreta jasotzea loterian asmatzearen tamainako gertakaria bada ere, zer egingo zaio? Ez zara ibiliko teknikariak leku horietara “guztietara” (laupabost) bisita egitera bidaltzen ibiliko.
Gainera, La Caixak, BBVA-k, BM-k, Dia-k, Eroskik eta bestek, hizkuntza aukeratzeko eskubide osoa dute, eta ez da gure udala eskubideak urratuzalea…

Aipatutako hutsune ttipi horiek estaltzeko, oso egokia izan ohi da folklorea eta ohitura “zaharrak” gogoz sustatzea.
Eman hauspoa txistuari, zortzikoari (“el zórzico”, castizoen esanetan), eskilak jotzeari, ihauteriei eta santu guztiei. Gora abarkak, txapelak eta irrintzi basatiak! Horiek ikusten dituen bisitariak pentsatuko du denak euskaraz ari zaretela herri horretan, zinegotzi abertzaleetatik hasita. Nola bestela?

Ez ahaztu, euskararen erabilera urriaren ardura, zeu baino gazteagoei eta haurrei leporatzeaz. Horrek beti funzionatzen du.
Aldiz Franquismoaren aitzakia gastatuxe dago jadanik. Haurrei bota errua, haurrei… (eta gaztetxoei, entzuten ez dutenean).

Zeure eta zeure herriaren hizkuntza euskara dela esazu han eta hemen, nonahi eta edonoiz, aspaldidanik errealitatearekin zer ikusirik ez badu ere. Azken batean, jende gehienak hori entzun nahiago du, eta galdera deserosorik egin gabe, itsu-gorrean sinistuko dizu. Gainera, euskaltzale irreduktiblea zarela pentsatuko dute!
Eta taliban ernegaturen batek besterik esaten badu, ez kezkatu. Nafarroan, Barcina-UPNren mamua paseatzera atera eta kitto. “El comodín de la Barcina” esaten zaiona. Horrekin publikoa zure alde jarriko duzu ia nonahi. EAEn zailago dago, baina tira, asmatuko duzu zerbait.
Gainera, zer arraio, espainiera denok ulertzen dugu…

Udalerrian euskara ez berreskuratzeko aholkuak zinegotzi abertzalearentzat

Zer duzu buruan “Udalerrian euskara ez berreskuratzeko aholkuak zinegotzi abertzalearentzat”-ri buruz

  • Joxe Manuel Odriozolak, berrian:
    “Herri honetan espainola izan nahi ez duten espainolez beteta gaude; abertzale erdaldunak dira horiek.

    Izan nahi dugu euskararen nazioa? Nahi badugu hori, has gaitezen zerbait egiten.
    Mundu abertzaleak ez dirudi euskaraz biziko den herri baten proiektua daukanik, eta hori garatzeko asmorik eta gogorik daukanik”
    http://www.berria.eus/albisteak/94516/dinamikamakrorikez_dago.htm