Lehendakariaren argazkia

Duela 10 bat egun, eldiariodelnorte.es egunkari digitalak, testu bat argitaratu zuen hurrengo titularrarekin: “Fotografía oficial al lehendakari: 5.841 euros” (Lehendakariari argazki ofiziala: 5.841 euro). Bitxia egin zitzaidan, artikulua berez Lehendakaritzak esternalizatzen dituen kontratuez eta kontratu hauen gehiegikeriaz ari bazen ere, titulartzat erabilitako esaldiak beste ideia bat iradokitzen zuelako: Joder, bost mila ta piko euro argazki batengatik, hau astakeria.

Lehendakariaren argazkia

Berehala zabaldu zen sare sozialetan argazkiaren prezioaren eztabaida, bueno eztabaida ez, mundu guztiak gauza bera zioen: joder, bost mila ta piko euro argazki batengatik? hau astakeria!. Hori bai, denek argazkia ikusi gabe bota zituzten iritziak, artikuluak ez baitzuen argazkia erakutsi; gainera horrek ze axola du 5.000€ argazki bategatik asko da eta kitto.

Ni ez naiz eztabaida horretan sartuko, ez baikara inora iritsiko, ez dut garestia edo merkea den eztabaidatu nahi.

Ni beste zerbaitek kezkatu nau. Lehendakaritzak lehendakariaren erretratu bat behar badu zergatik ez du lehendakaritzak kontratatua duen argazkilariak egin? Etxekoa izanik, etxea ezagutzen du, lehendakariak berarekin izango du konfiantza eta eroso sentituko da. Gainera horrela artikuluak salatu nahi zuen kontratuen esternalizazio hori ez litzateke gertatuko.

Lehendakaritzako argazkilariak ez egitekotan, kanpoko norbaiti lan hori eskaintzekotan, interesgarria ikusiko nuke argazkien atzean autore bat dagoenaz konturatu eta autore bati ematea argazki hori egiteko lana. Autore bat edo bestea aukeratzeko arrazoiak ugariak izan daitezke, prezioa barne; baina autore jakin bati emango zitzaion, behingoagatik argazkilaritza sorkuntzarekin lotu eta autoretza aitortuta. Koadro bat enkargatzen denean margolaria aukeratzen den bezala, testuak idazteko jende jakina aukeratzen da, sariketa bateko ikurra aukeratzean berdin. Ez du ezaguna izan beharrik, ez da ezaguna delako aukeratu behar, baina baldintza batzuk betetzen dituelako aukeratu beharko litzateke autorea.

Beste herrialde batzuetan, lehendakariaren argazki ofiziala ateratzea izen handiko lana da eta argazkilaria aukeratzen denean, bere lanean oinarrituta egiten da, argazkiak halakoa edo bestelakoa izateko intentzioa dagoelako.

Badakigu Urkulluren kasuan ere, autore bat dagoela argazki horren atzean, baina izena ez da inon azaldu eta aipaturiko testuan termoplastikoak moldeatzean espezializatutako enpresa bat azaltzen da; baina berdin zatekeen publizitate enpresa bat edo auskalo zer. Irudi kanpaina bat osatzeko, irudi kanpainak egiten dakien talderen bat aukeratzea logikoa da, baina argazki bat, ofiziala izango den erretratua egiteko, ez al litzateke egokiagoa argazkilari bat aukeratzea?

Lehendakariaren argazkia

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.