Zonbi arriskutsuak

Loak hartzen nauen honetan, aitortu beharrean nago Whatsap barik ezin garela bizi. Ez dut esan nahi ezinezkoa denik, baina hain gaude ohituta pantaila ikustera ze ezin dugu eguna eman sakelakoari ia minuturo behatu gabe. Beti egoten da mezuren bat idatzi digunik, beraz, munduarekin lotzen gaituenik eta, nola ez, pozten gaituenik, izan ere, mezu bakoitzak gogoratzen digu gutaz akordatu denik badagoela eta, isiltasuna eta bakardadea mingarriak diren garai honetan, zorionekoa dela Whatsaparen soinua entzutea. Zorionekoa bai, baina menpekoa ere bai, bada, egunean zehar sakelakoari jartzen diogu arreta gehiena, ohiturak sortzen duen menpekotasunarekin, zeinak geure ingurutik urruntzen gaituen. Zenbatetan ez ote gara geure lagunak entzuten ari sakelakoari erreparatzearren? Zenbatetan ari ote gara teklak sakatzen hitz egiten diguten bitartean? Zenbatetan gurutzatu ditugu kaleak sakelakoari begira kotxe batek harrapa gaitzakeela jakinda ere?

Ez dut uste gauza harrigarriez ari naizenik, Whatsap duenari ezagunak egingo baitzaizkio automata bihurtzen gaituzten kasuak. Izan ere, ez dago kalean zehar sakelakoari begira dabil gizaseme bat baino gauza erridikuluagorik, are eta barregarriago, jendeari iskin egiteko trikimailua dela dakigularik. Baina ez diezaiogun gailuari errua bota, gu baikara gailuaren barruan bizi nahi dugunok; gu baikara geure lagunak agurtu beharrean, teklak sakatzen ditugunok, beraz, guri dagokigu gailutik ateratzea, bestela, pertsonak baino arrisku sortzaileak izango gara, sakelakoari begira dabilen gidari batek harrapatu arte.

Presencia Vasca saiorako osatutako zutabea 

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

 

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.