Futbol estadio berrien ertzak

Atzo aurkeztu zuen Jokin Aperribay Realeko presidenteak Anoeta futbol estadioa birmoldatzeko proiektua. Baliteke proiektuak beste batzuekin lehiatu behar izatea, lehiaketa publikoa egingo baita, baina ez dirudi hala izango denik. Proiektu berriarekin estadioa borobildua izango da, ertzik gabea; eta 40 milioi euro inguruko kostua izango du. Proiektuaren baitan daude miniestadioaren birmoldaketa eta hockey zelai baten eraikuntza ere.

Realak 20 milioi euro jarriko ditu, Kutxabankekin adostutako kontratu publizitarioaren bitartez, beste 10 lortuko dira, eta gainontzeko 10ak Eusko Jaurlaritzak jarriko beharko ditu. Horrenbestez, diru publikoarekin ordainduko da Anoetaren birmoldaketaren %25a, laurdena.

Eraikinak munizipala izaten jarraituko du, baina agerikoa da birmoldaketarekin etekin handiena lortuko duena Reala, erakunde pribatua, dela. Asko dira realzaleak Euskal Herrian, baina zilegi al da krisi garaiotan 10 miloi euro futbol zelai bat klub baten neurrira moldatzera bideratzea?

San Mames Barria

EiTBren arabera, estadioa eraikitzeko lurren balioa aintzat hartuta, Athleticek 50 milioi euro jarri ditu, eta beste horrenbeste BBK-k. Erakunde publikoei dagokioenean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 50na miiloi euro jarri dituzte, eta Bilboko Udalak 11 milioi baimen munizipaletan. Guztira 211 milioi euro dira, eta horren %55a, 111 milioi euro, erakunde publikoetatik datoz. Kasu honetan ere, estadioak eskaintzen dituen zenbait baliabideri erabilera publikoa emango zaio.

San_Mames,_Euskal_Herria - Futbol estadio berrien ertzak

Horrenbestez, eta Anoetaren birmoldaketa gauzatzen bada, EAEko bi futbol talde nagusien zelaietan 121 milioi euro jarriko dituzte bertako erakunde publikoek. Ohikoa ote da? Erreferentzia gisa, estatu eta liga berean jokatzen duten beste talde batzuen kasuak azter genitzazke.

Camp Nouren birmoldaketa

Bartzelonaren kasuan, 600 milioi euroko kostua izango dute lanek, eta hori ordaintzeko 10 urte behar badituzte ere, diru publikorik gabe gauzatzeko asmoa dute. Diarogol-en arabera, diru iturriak estadioari “abizen komertziala” jartzea eta eraikineko hotelak izango dira besteak beste.

CAMP NOU - Futbol estadio berrien ertzak

Santiago Bernabeuren birmoldaketa

Real Madrilen planteamendua ere antzekoa da. Florentino Perezek buruan duen birmoldaketa egiteko 400 milioi euro beharko ditu, eta zortzi urtean diru kopuru hori berreskuratu ahal izango duela uste du. El Economista-k dioenez, erdia zelaiari izena emango dion patrozinatzaileak jarriko du, eta beste erdia estadioak eskainiko dituen zerbitzuen bitartez eskuratuko dute.

Santiago Bernabeu

Zalantza ezina da bi taldeok euskal taldeek baino baliabide gehiago dituztela, baina ez dute diru publikoa erabiltzerik aurreikusten. Amaitzeko, hona Reala edo Athleticekin alderagarriagoak diren beste bi adibide:

Mestalla Berria

Mestalla Berria izango zena erdi eraikita baina geldirik dago egun. 2007an Valentzia futbol taldeko orduko presidenteak proiektua erakunde publikoen ekarpenik gabe bideratzeko erabakia hartu zuen. Horretarako, goitik-behera zorpetu eta erakunde pribatuen laguntza eskuratu zuen. Baina erakunde pribatu horietako bat, Bankia, kolpetik atera zen soziedadetik, eta geroztik ezin izan dute lanekin jarraitu. Higiezinen burbuilaren leherketaren arrazoi eta ondorien froga bikaina da. Hona El Mundo-ren azalpen zehatzagoa.

obras-Nuevo-Mestalla

Cornellà-El Prat

Espanyolen kasua “eredugarritzat” jotzen dela ikus daiteke beste hainbat futbol taldetako zaleen foroetan. Zelai berriak guztira 90 milioi euroko kostua izan du, eta erakunde pribatuekin lortutako hitzarmenen bitartez finantzatu dute. Estadioaren baitan dagoen merkatalgunea kudeatzen duen LAR enpresak 40 milioi jarri ditu, eta izena saltzeko ahaleginetan ere ari dira. Horrez gain, teilatuan eguzki energia lortzeko plakak jarri dituzte, estadioak behar duen energia guztia ekoiztu ahal izateko.

EspañolFutbol estadio berrien ertzak

NIRE KONTRA ESANAK

5 pentsamendu “Futbol estadio berrien ertzak”-ri buruz

  • Jon Tornerrek ere gaiari buruz idatzi du ARGIAko blogean, (diru publikoa vs pribatua) ezbaidan gehiago sakonduz. Hona.

  • Nafarra erbestean 2014-04-09 15:35

    Errealak 20 milioi jarriko omen, Kutxak gutxi ez, eta Jaurlaritzak gehiegi, naski…. Baina milioi purrustada horiek ez bide dira nahiko 3 bat minututako bideo ziztrin bateko lau esaldiak euskaraz grabatzeko. Tumatxa!
    Errealzale (zein ez errealzale) euskaldunok jai daukagu, betiko moduan.
    (Errealearen euskarazko webgune ofizialean bideo berbera topa daiteke, hots, gaztelera hutsezkoa.)

  • Alperrik bay 2014-04-09 16:02

    Holako gauzek esplikatzen dute euskararen erabilera baxuaren misterioa. Urkulluk eskatu du ba euskara gehiago egin dezagun. AperribaY-k ez dio entzun?

  • Pello Andrearriaga 2014-04-09 17:30

    Ados nago, ezin da onartu Realak euskararekin daukan jokaera. Baina, tira, instituzio pribatua da eta publikoak, askotan, daukatenarekin ez da asko alderatzen. Dena dela, oso erraza da besteei eskatzea, askotan, guk egiten ez duguna. Galdera bat egingo nuke: prest al gaude, honelako portaerak alda daitezen, igande batean, hasteko batean bakarrik, Anoetara joan gabe gelditzeko?

  • Alperrik baY 2014-04-09 18:00

    Realak diru publiko asko jaso du eta jasoko du, instituzio “pribatua” izanagatik.
    Eta kontua ez da Anoetara joan ala ez. Kontua da, realzale euskaltzaleek dagokiguna exijitzen hastea. Jokalarietatik hasita.