“Frontón”, esku pilotako bideojokoa iPhone-ean

screen480x480Bainet eta Pulsar Concept-en eskutik, “Frontón” jolasa heldu berri da App Store-ra. Esku pilotaren emozioa sakelekoan txertatu al dute? Hurrengo lerroetan daukazu jolasaren analisi xehea.

Ez da ohikoa esku pilota bezalako tokiko kirol batek bideojokoen mundura jauzi arrakastatsua egitea. Ez da saiatu ez direlako, ez baita frontoia hiru dimentsioetara eraman den lehenbiziko aldia. Aurrez, ordenagailuetan Pelota Vasca (1986) eta Jai Alai Sport (2002) jokoek kirola birtualitatera eraman zuten. Arrakastarik apenas izan zuten bi lan horiek. Gauzak aldatu ote dira ‘Frontón’ekin?

2014-02-21 18.25.20

Hasierako inpresioan itxura aparta du: Martinez de Irujo eta Olaizola dauzka anfritrioi. Interfazea zaindua da, pilotarien irudiekin eta eskaintzen dituen aukerak intuitiboki aurkitzeko modukoa. Hala ere, ukimenaren errekonozimendua kaxkarra da, eta sarritan sakatu beharko duzu aukera bat horretan sartu aurretik. Menuetako soinuak, aldiz, zeure onetik aterako zaitu etengabe errepikatzen den pista nekagarri batekin. Eskertzen dira frontoiko pilota eta artekarien hotsak. Ikus aurkezpen bideoa:

Partida eta txapelketa dira jolas modu nagusiak. Egia esan, bi aukera bakarrak dira. Punta-puntako hamar pilotariren azalean jarri zaitezke: Xala, Urrutikoetxea, Olaizola II, Merino II, Jaunarena, Martinez de Irujo, Beroiz, Bengoetxea VI, Barriola eta Albisu. Jokalari bakoitzak bost ezaugarri ditu: indarra, teknika, abiadura, erresistentzia eta eskua.

irujop

Kirolarien 3D modelatuak balekoak dira, badute ordezkatzen duten horiekiko antz pixka bat. Hori bai, ez pentsa irribarre, amorru edo neke aurpegirik jarriko dutenik. Aurpegi zurrun berbera dute jolasten hasi aurretik eta irabazi eta gero. Besoak berdin altxatzen dituzte final bat irabazi edo tanto bat eginda.

Jokalariek frontoian zehar mugitzeko dituzten animazioak oso txarrak dira, mugimendu kapturak egin dituztela lorpen gisa saldu arren. Normalak lirateke 1996an, baina ez 2014ean. Oro har, grafikoak pleistozenokoak dira. Pilota eta eskuaren arteko talka ez da existitzen, eta nabarmenegia da bakoitza bere aldetik doala. Bug edo akats batzuk ere badaude, jokalariak blokeatu edo frontoietan mugimendu arraroak sortzen dituena.

Zazpi frontoi daude aukeran: Bilbo, Logroño, Gazteiz (sic), Iruna (sic), Bartzelona, Donostia eta Biarritz (sic). Benetako jokalekuen argazkiak dotore geratzen dira aukeren pantailan. Bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu (kristalezko kontrakantxa, zutabeak, frontoiaren urtea…) baina ez dira batere ikusgarriak. Harmailen itxura tristea da (apenas dago ikuslerik) eta ez dago frontoietan ez armarri ez publizitaterik. Epailerik ere ez. Eskertzekoa da, ordea, soinua; noizean behin entzuten den txalo zaparrada edo txistu ozena. Pilotaren kolpe soinuak ere txukun gelditzen dira.

2014-02-21 18.24.59

Banaka zein binaka jokatzeko aukera ematen du, eta 5 tantora, 10era edo 22ra. Erabaki ona ezbairik gabe, partida motzak egitea ahalbidetzen duelako. Eskertzekoa da aukera hau.

Errealismoaren eta dibertsioaren arteko orekaren bila emaitza hala nolakoa da. Ez bata eta ez bestea. Hasteko eta garrantzitusena: joystick-aren tamaina ñimiñoak gehiegi zailtzen du jokalariak nahi bezala mugitzea (iPhone-an frogatua, ez iPadean). Are gaitzago ustez pilotari eman ahal zaizkion efektu eta norantzak aukeratzea. Denbora luzez ibili arte zereginik ez duzula irudituko zaizu. Ordu bete jolastetik aurrera bihurtzen da jolasgarri. Partidak ez dira intentsitate handikoak, baina jokaldiak lantzeko aukera eskaintzen du. Aldiz, ez du inolako saririk eskaintzen jolasten segitzeagatik. Txapelketa irabazi osteko bideoa ere grinik gabe sortua da.

Hasierako frustrazio erabatekoa baretzen joaten da denborarekin, bi paretak ateratzen direnean, eta, asko gutxi, nahi duzun lekura doanean pilota. Oro har, sakeleko joko baten zailtasun maldak ezin ditu 3 minutu igaro, segituan harrapatu behar du. Ez da ‘Frontón’-en kasua. Zuzendu daitekeen akatsa da, beti ere bi botoien tamaina handituz eta hatzen posiziora egokituz. Inteligentzia artifizialak harri eta zur utziko zaitu. Hanka sartze itzelak (giharrik mugitu gabe gelditzea) eta pilotakada ezinezkoak egingo baitizkizute aukeratutako zailatasunaren arabera (hiru daude).

Laburbilduz, “esku pilotaren lehenbiziko simulatzaile ofiziala” jolasteko modukoa da. Ez da gutxi, aurrez genuena ikusita. Ukitu polit batzuk baditu (jokalari eta frontoien aukera, euskarazko itzulpena, bi paretak edo dejadak), baina maizegi huts egiten du,  pasa, ez baitu benetan jokoaren kontrola uneoro izatearen sentsaziorik eskaintzen. Dibertigarriaren txapatik hurbil gelditzen da, nork jolastu izango da bale edo kale.  Nahikoan gelditzen da joko esperientzia. Hasieran pazientzia gehiegi eskatzen du, baina denborarekin xarma eta guzti dauka. Dibertigarria izan daiteke, pilota zalea bazara. Bestela, ahaztu zaitez.

Doakoa denez gero, zuk zeuk frogatu hemendik jaitsita, soilik iOSen eskuragarri.

2014-02-21 18.25.07

Zer duzu buruan ““Frontón”, esku pilotako bideojokoa iPhone-ean”-ri buruz